Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadiko Artxibo Historikoak ateak irekiko ditu Artxiboen Nazioarteko Egunean

2016.eko ekainak 06
  • Ate irekien jardunaldia egingo du ekainaren 9an, Artxiboen Nazioarteko Eguna ospatzeko
  • Bisitariak artxiboa barnetik ezagutu ahal izango du, gordailuak eta lan-eremuak bisitatu, eta bertan gordetzen diren dokumentuez gehiago jakin
  • Artxibo Historikoan bertan edo e-posta bidez eman beharko da izena: eah-ahe@euskadi.eus

Mundu osoko artxiboetako profesionalek aldarri bera izango dute ekainaren 9an; artxiboei babesa ematearen garrantziaz ohartarazi behar ditugu herritarrak. Abagune ederra da gure artxiboak ezagutzeko edo horiei buruz gehiago jakiteko. Nazioarteko egunaren ospakizuna sustatzen du Artxiboen Nazioarteko Kontseiluak, eta aho batez erabaki zuen artxiboen komunitateak 2008an.

Aurten, Euskadiko Artxibo Historikoa barnetik ezagutu eta eraikin enblematikoa bisitatu nahi duen edonork bisitaldietan izena emateko aukera du, edo ekainaren 9an egingo den hitzaldira etor daiteke. Normalean irekita egon ohi diren eremu publikoez gain, jardunaldi horretan gordailuak eta lan-eremuak irekita egongo dira, artxiboaren egiazko funtzionamendua, zer motako dokumentazioa gordetzen duen eta informazioa zer-nola eskuratu daitekeen ezagutarazteko. Bisita gidatuan parte hartzeko inskripzio-epea gaurtik ekainaren 8ra artekoa izango da. Gehienez hamar kideko lagunak eratuko dira, eta 9:00etatik 16:00etara arteko txandak antolatuko dira, eskariaren arabera; bisitaldia euskaraz edota gaztelaniaz egin ahal izango da. Informazio gehiago nahi izanez gero edo izena emateko, jarri harremanetan Euskadiko Artxibo Historikoarekin: eah-ahe@euskadi.eus

Gainera, arratsaldean, 19:00etan, Martin Abrisketa idazleak, “La lengua de los secretos” liburuaren egileak hitzaldia eskainiko du. Bertan izango da Matilde Abrisketa ere, liburuko protagonistetako bat eta gerrako haurra izandakoa. Sarrera dohainik izango da, jarleku kopurua bete arte.

Zertarako behar da Artxiboen Nazioarteko Eguna?

Egutegia nazioarteko egunez lepo dago-eta! Alabaina, herritarrek artxiboen gainean duten iritzia okerra da. Maiz nahasten dituzte artxiboak eta liburutegiak eta artxibo-dokumentuak oraindik ere erakundeen barne-erabilerarako besterik ez direla erabilgarri uste da; oso zaila dela horiek eskuratzea, eta interesik ere ez dutela, ez bada historialarientzat. Artxiboen gaineko iritzi hori ez da zehatza, ezta hurrik ere. Horrenbestez, herritarrei jakinarazi behar zaie artxiboak ebidentzia-izaerarekin sortutako, erabilitako eta gordetako dokumentuak gordetzeko eta erakundeen edo pertsonen informaziorako erakundeak direla, eta, ondorioz, lege-betekizunak eta transakzioak gauzatzea errazten eta eskubideak bermatzen dituztela. Artxibo-dokumentuak gordetzen dituzten horien sortzaileek, sortzaileen oinordekoek edo horretarako propio eratutako erakunde batek, balio juridiko, administratibo eta legal ordainezina dutelako eta, epe luzera, esanahi historikoa edo informatiboa ere izan dezaketelako. Azken hori da gure kasua.

Horrenbestez, kultura-ondasuna da, lehen eskuko informazio-iturri izateaz bat. Artxibo- eta dokumentu-ondarea gizateriaren garapen sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalaren lekukotza ordezkaezin eta funtsezkoa da. Artxibo-iturriak eta -formatuak askotarikoak dira, kontserbazioa bermatzeko. Gainera, ikuspegi zabala eduki behar da, artxibo mota guztiak eta informazio-euskarrien material-aniztasuna kontuan hartu behar direnez.

Historia apur bat

Vienan, 2004 urtean egin zen Artxiboen Nazioarteko Kongresuan, bi mila parte-hartzaileek ebazpen bat onartu zuten NBEri eskatzeko Artxiboen Nazioarteko Eguna sor zezala. Unescoren Batzar Nagusiak, Parisen, 2005 urtean egin zen hogeita hamahirugarren saioan, erabaki zuen urriaren 27a ikus-entzunezko ondarearen mundu egun izendatzea. Nazioarteko egun hori abagune ederra da ikus-entzunezko artxiboen garrantziaz herritarrak ohartarazteko eta mota horretako artxiboen kontserbazioa babesteko. Ekimen aparta izan zen, baina ez dira ikus-entzunezkoak babesa eta arreta behar duten artxibo bakarrak.

Hori dela eta, Artxiboen Nazioarteko Kongresuak ekainaren 9a Artxiboen Nazioarteko Egun izendatzea erabaki zuen. Kontseiluaren batzar orokorrean hartu zuen erabaki hori, 2007ko azaroan. Data hori hautatu zuen, 1948ko ekainaren 9an sortu zelako Artxiboen Nazioarteko Kontseilua, Unescoren babesean. Artxiboen Nazioarteko Kongresuaren Batzorde Exekutiboak onartu zuen erabaki hori.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)