Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Lehendakaria Kulturaren Euskal Kontseiluko osoko bilkuran buru izan da

2016.eko ekainak 07

Kultura Auzolanean 2014-2016 planaren proiektuak izan da bilkuraren gai nagusia

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarekin batera, Kulturaren Euskal Kontseiluak gaur arratsaldez Lehendakaritzaren egoitzan egin duen osoko bilkuran buru izan da. Kultura Auzolanean plana izan da kontseiluaren bilkuraren ardatz nagusia. Batetik, 2014-2016 aldiaren itxieraren berri eman zaie kideei, aldi horretarako planifikaturiko proiektu estrategikoen egoera argituz; bestetik, 2016an Kultura Auzolanean planaren baitan garatuko diren lau esku-hartze ildoak ere azaldu dira

2014-2015 aldiaren itxierari dagokionez, aldi horretarako definituriko kultura proiektu gehienak (20 proiektutik 16) ehuneko ehunean daude gauzatuta, hau da, Kultura Auzolanean programaren barruan proposatu diren helburuei dagokienez, itxi egin dira. 20 proiektu operatibo eta zehatz dira, premia oso jakin batzuei denbora-epe laburrean erantzutea helburu zutenak. Estrategikotzat jotzen ziren proiektuak, eta aurrera ateratzeko hainbat alderen inplikazioa beharrezko zuten proiektuak. Prozesu horren emaitza, eta dagoeneko abian dauden proiektuak dira: eLiburutegia, Musika Bulegoa, dantza artxiboen berreskuratze digitala, Kulturklik proiektua berritzea… besteak beste.

Proiektu hauek garatzeak pertsona kopuru esanguratsu bat mugitzea ekarri du. Kultura Auzolanean Planaren osoko 40 bilera inguru burutu dira (bilera horietan ez daude sartuta proiektuak garatzeko beste agente batzuekin egin direnak), eta bertan 125 lagun inguruk hartu dute, bai erakundeetakoek (85 pertsona inguru), bai kultura sektoreetakoek (40 lagun, elkarteen izenean nahiz nork bere izenean).  

Era berean, Kultura Auzolanean planaren baitan 2016an garatuko diren lau esku-hartze ildoak ere aurkeztu dira. Hauexek dira:

  • Emakumeen presentzia eta parte-hartzea kulturan (Ikusizko Arteetan eta Ikus-entzunezkoen Arteetan bereziki). Egoera eta diagnostikoa. Proiektua Emakunderekin koordinatuta garatzekoa da.
  • Sorkuntza guneak EAEn: egituraketa eta koordinazioa. EAEko sorkuntza espazioei (publiko zein pribatuei) buruzko mapa eguneratua egitea izango da helburua, gune horiek elkarren artean koordinatzeko mekanismoak identifikatzeko eta garatzeko.
  • Bibliografia nazionala. Lortu nahi da, alde batetik, Euskadin euskaraz edo euskal gaiei buruzko argitalpen bibliografikoak, musikalak eta ikus-entzunezkoak identifikatzea, dagoeneko formatu analogikoan dagoen materiala abiapuntutzat hartuta eta formatu digitalaren egoera aztertuta. Eta, bestetik, zerbitzua ematea liburutegietako langileei, eskubideen kudeatzaileei, liburu-saltzaileei, irakasleei, kultura-analistei eta, oro har, herritarrei, euskal kulturarekin harreman estuagoa duten kultura-industriek sortutako kultura-edukiak hedatzeko, eskuratzeko eta aztertzeko.
  • Ondare ez-materialaren plana. Helburu hauek lortu nahi dira: batetik, EAEn bizirik dagoen kultura-ondarearen inbentarioa egitea; bestetik, euskal kultura-ondare ez-materiala Euskadiko herri-kulturaren jakintza-iturri gisa aztertzea eta hedatzea, eta, azkenik, ondare horren komunitate titularrei laguntzea belaunalditik belaunaldira transmiti dezaten, ondare bizia denez eta denboran aldatzen denez.

Kultura Auzolanean 2014-2016. Zer da?

Kultura Auzolanean kultura-planifikazioko prozesu bat da, parte-hartzailea eta partekatua. Erakunde publikoek nahiz kultura eragileek lankidetza estuan hartu dute parte bertan, proiektu estrategiko partekatuak definitu eta garatzeko lanean. Era horretan, planak kulturaren alorrerako 2014-2016 eperako prozesu planifikatzaile estrategikoa jasotzen du, erakundeen arteko akordiotik sortua. Dokumentu labur eta eraginkorra da, kontsentsuan, berdintasunean eta euskal administrazioen arteko lan partekatuan oinarritua, Euskadiko kultur eremua kudeatzeko ezinbesteko diren elementuetan oinarritua, beraz. Eragile publiko nahiz pribatuen artean euskal kulturaren ikuspegi estrategikoa, jarraitu beharreko irizpideak eta, bereziki, lehentasunak adosteko tresna izateko bokazioz jaio zen Kultura Auzolanean.

Kultura Auzolanean prozesuaren barnean sortu diren dokumentu guztiak zintzilik eta eskuragarri daude web atarian: www.kulturaauzolanean.net

Kulturaren Euskal Kontseiluaz

Kulturaren Euskal Kontseilua, kulturaren eremuan partaidetza, lankidetza eta aholkularitzarako organoa da, eta bere egiteko nagusia du Euskadiko kultura politikak egokitu, garatu eta ebaluatzea. Kontseiluaren Osoko Batzordea 58 kidek osatzen dute: erakundeen ordezkaritzan daude batzuk (Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritzako sailak, Foru Aldundiak, Udalak, EUDEL eta EiTB), baina kultura arloko sektore edo erakundeen ordezkaritza zabala ere hartzen du. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)