Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Aiz: «Euskadi da arku atlantikoan zehar penintsulan sartzen eta bertatik irteten diren salgaien ardatza»

2016.eko ekainak 07
  • Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuordeak EAEko intermodalitatea aurkeztu du –errepidea, hegazkina, trena eta plataforma logistikoak– Bartzelonan egiten ari diren SIL 2016, garraioaren erakustazokan
  • «Frantziak Calais-Gasteiz trenbide azkarraren terminala Jundizen nahi du; gure kokapen geografikoak eta azpiegiturek ez dute zalantzarako tarterik uzten».
  • Frantziako gobernuak onura publikoko izendatu du Hego-mendebaldeko Trenbide-proiektu handia eta, ondorioz, salgaien trenbide azkarrak eta bidaiarien abiadura handiko garraiorako egokitzapenak bultzada handia jasoko dute
  • «Madrilek Forondaren operazio-gaitasuna lehengoratu behar du, potentzial handieneko Europako hego-mendebaldeko aire-basea denez»

 

Antonio Aiz, Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuordearen iritzian, «arku atlantikoan zehar penintsulan sartzen eta bertatik irteten diren salgaien ardatza Euskadi da». EAEko intermodalitatea aurkeztu du –errepidea, hegazkina, trena eta plataforma logistikoa– Bartzelonan egiten ari diren SIL 2016, Garraioaren Erakustazokan.

 

«Frantziak Calais-Gasteiz trenbide azkarraren terminala Jundizen nahi du; gure kokapen geografikoak eta azpiegiturek, eta gutxi barru erabilgarri egongo direnek, ez dute zalantzarako tarterik uzten. Horixe adierazi zuen pasa den astean Akitania-Limousin-Poitou Charentes eskualdeko presidenteorde Renaud Lagravek Arabako plataforman egin zuen bisitaldi teknikoan», azaldu du Antonio Aizek Bartzelonan.

 

Estatuko garraio-arduradunen aurrean, «bolumenari dagokionez, Korridore Atlantikoa mediterraneokoa halako lau da –esan du Antonio Aizek–. Erakundearteko lankidetzari esker, azpiegitura handi eta lehiakorrak garatu ditugu, tartean, Pasaia-Lezo-Irun plataforma logistikoa, Jundiz eta etorkizuneko trenbide-azkarra, Arasur, Bilboko eta Pasaiako portuak eta Forondako aireportua, Bilbokoaz eta Donostikoaz gain, guztiak ere autobide- eta errepide-sarearekin lotura apartak dituztenak».

 

Azpiegitura eta enpresa guztiak Basque Country Logistics markaren babesean aurkeztu dira Kataluniako azokan, eskaintza aurkezteko standean. «Euskadik sinergiak sortu nahi ditu Arku Atlantikoko gainerako erkidegoekin eta eskualdeekin», adierazi du sailburuak. «Elkarlanean aritu behar gara, lehiatzeko».

 

Errepidea da salgaien garraiobide nagusia Euskadin. 118,11 milioi tona salgai abiatu edo helmugaratzen dira Euskadin, esparru eta modu guztiak barne hartuta, igaroko trafikoak salbu. Horietatik % 70,78 errepidez garraiatzen dira, itsasoz % 28,03, trenez % 1,16 eta airez % 0,03. «Madrilek Forondaren operazio-gaitasuna lehengoratu behar du, potentzial handieneko Europako hego-mendebaldeko aire-basea denez», nabarmendu du sailburuordeak.

 

«Errepide eta trenbide bidezko garraioa uztartzea, Europako Batzordeak agindutako jasangarritasun-neurrietako bat denez, politika logistikoa baldintzatzen duen lehentasunetako bat da», adierazi du Aizek. «Euskadi da Korridore Atlantikoaren hegoaldeko grabitate-zentroa, Iberiar penintsula eta Europar Batasunaren arteko lotunea denez. Marokoren, penintsularen eta Europaren arteko salgaien garraioari dagokionez, Korridore Atlantikoa trafiko guztiaren % 50 inguru da».

 

Korridore atlantikoa

Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuordeak Bartzelonan emandako datuen arabera, «korridore atlantikoak ia 85 milioi biztanleri ematen die zerbitzu, Euroguneko biztanleen % 25ari, eta 2 bilioi euroko BPGa du, Euroguneko BPGren % 40. Gainera, 100.000 tona metriko/km-koa da salgaien garraioa Korridore Atlantikoan, eta Europa, Afrika eta Hego Amerikaren arteko lotura eskaintzen du, baita Ipar Amerikako bederatzi punturekikoa ere».

 

«EAEko Biriatuko muga, eta Kataluniako El Pertusekoa, batez bestean 26.000 eta 29.000 ibilgailuk zeharkatzen dute egunero. Mugaz gaindiko autobideetan trafiko astunak gora egin du eta azpiegiturak saturazio-mailara iritsi dira. Horrenbestez, eskariari erantzuteko, eskaintza zer-nola hobetu pentsatu behar dugu, banaketa modala indartuz», zehaztu du Aizek.

 

«Hori izan zen EAEko Y-aren jatorria; garraio mistoko trenbide bat, bidaiariak eta salgaiak garraiatzekoa, eta, horri lotuta, trenbide azkarra, Europakoen zabalera berdinekoa Jundizera arte», gaineratu du Aizek. Era berean, Korridore Atlantikoaren premiak betetzeko Euskadik duen potentziala nabarmendu du; TEN-T sareak, EAEko trenbide-sare berria (Y-a), plataforma logistikoak, portuak, aireportuak, etab.

 

«Euskadiko potentzial logistikoa eta intermodala aitortu ditu Espainiako plangintza sektorialak, hiru plataforma logistiko interesgarri hautemanda, sistemaren intermodalitatea areagotzen dutelako eta Kantauri-Mediterraneoa korridorean kokapen estrategikoa duelako».

 

Trenbide azkarra.

«Nazioarteko garraioetarako, Bartzelonakoa eta Gasteizkoa izango dira terminal nagusiak eta Europa iparraldeko terminal nagusiekin lotura izango dute, plangintzari jarraikiz. Gainera, Pirinioz gaindiko garraioetarako, Estatu barnean, terminal nagusi gehiago zehaztu dira; Madrilekoa, Zaragozakoa eta Sevillakoa, nazioarteko eskari handi egokia dutelako eta Europa iparraldeko terminal nagusiekin lotura dutelako», adierazi du Aizek Espainiako plangintza sektorialak zehaztutakoari buruz.

 

2015eko urrian, Espainiako eta Frantziako gobernuek hitzarmena sinatu zuten Bordelen, Atlantikoko Trenbide Azkarraren ministerioarteko lantaldeen barnean, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua eta Akitaniako presidentea bertan zirela, bi estatuek azpiegitura hori garatzeko duten inplikazioa erakusteko. Pasa den igandean, Frantziak inplikazioan urrats bat aurrera egin zuen, onura publikoko izendatzeko proiektuaren bitartez.

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 07

    Comentario de Twitter:
    Aiz: “la entrada y salida de mercancías peninsulares en el arco atlántico tiene su eje en el País Vasco” ➡ https://t.co/naZDoLh3AA

  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 07

    Comentario de Twitter:
    Aiz: «Euskadi da arku atlantikoan zehar penintsulan sartzen eta bertatik irteten diren salgaien ardatza» ➡ https://t.co/tH3EGNmpY6

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)