Berriak
Eu

La odisea de Xabiertxo: el último paquebote gure herriko une latzenean gertatutako Europa eta Amerikako euskaldunen historia bat

2016.eko ekainak 06

La odisea de Xabiertxo: el último paquebote liburua aurkeztuko da Tolosako udalean, datorren asteazkenean, ekainak 8, arratsaldeko 19:00etan. Koldo Ordozgoitik idatzitako liburua Buenos Aireseko Ekin Argitaletxeak argitaratu du.

“Elkartasuna indarra da, izan hau beti gogoan” mezua dakarkigu La odisea de Xabiertxo: el último paquebote liburuak. Europa eta Amerikako euskaldunen historia bat da, bizi izan zutenen testigantzaz, dokumentazio eta oroitzen bitartez josia.

Koldo Ordozgoitiren liburu honek Groix pailebotean 43 bidaidek, errefuxiatuak eta hauetako gehienak euskal herritarrak, bizi izan zuten odisea kontatzen du. 1940ko ekainaren 12an itsasoratu ziren Bordeletik Buenos Aireseko bidean, Frantzia nazien esku erori bezperatan. Hamabost eguneko bidaia izan behar zuena zazpi hilabete luze iraun zuen abentura bilakatu zen. Bidaian gertaera latzak bizi izan zituzten, bonbardaketak, urpe-ontzien torpedeoak eta ez zen gutxiena izan, Casablancan ez aurrera eta ez atzera, Francoren eskuetan erortzeko beldurrarekin, pasa izan zituzten 149 egunak.  

Beharrak eraginda eta elkartasunagatik batuta, errefuxiatu talde anitza izan zen hura. Neurri handi batean, familien migrazio bat zen, 35 lagun 11 familietako kide  eta bidaideen bi herenak emakumeak eta umeak ziren; 76 urtetatik 14 hilabeteetara tarteko pertsonak. Bidaideen artean kultura -Aita Migel Altzo- eta  politikako pertsonalitateak, hala nola Jesus Artola, Gipuzkoako gobernadore zibila zena gerra hasi zenean edo denbora berean Valentziako militar burua zen Fernando Martinez-Monje Restoy jenerala; bi diputatu sozialista zihoazen, Tomas Alvarez Angulo eta Manuel Cordero Perez; Manuel Irujoren ama, arreba eta bi ilobak edo Ixaka Lopez Mendizabalen emaztea eta hiru seme alabak; eta hauekin batera funtzionario, gudari eta Errepublikako marina eta armadaren kide ohiak.  

Amerika eta Europako euskaldunen historia bat da, Euskadi eta Argentina estu uztarturik azaltzen zaizkigu. Ageri agerian geratzen da Argentinako “Comité pro inmigración vasca” elkarteak eta Agirre Lehendakariaren Eusko Jaurlaritzak -oro har- eta bereziki Buenos Aireseko Jaurlaritzaren Delegazioak,  aro zail hartan erbesteratutako euskaldunei ihesbidea eta irteera bat emateko egin zutena.

Bidaiak amaiera ona izan zezan egindako negoziazioak eta hartu emanak kontatzen dizkigu liburuak. Eta honetan, 1940an, II. Mundu Gerra gordinenean zen unean, euskal herritarrei Argentinan  sartzeko atea zabaldu zien Ortiz Presidentearen “Euskal Immigrazioaren aldeko Dekretuak” jokatu zuen paper garrantzitsua azaltzen digu. Gisa horretan sartu baitziren bidaide guzti haiek Argentinan, nahiz batzuk euskal herritarrak ez izan.  

Eta horrekin batera, euskal liburu nagusienetako dugun Ixaka Lopez Mendizabalek idatzi eta Txiki Zabalok irudia eman zion Xabiertxo  ume-entziklopedia txikiaren joan etorria kontatzen digu eta horretan oinarrituta, euskal kulturaren bilakaera gerra ostean eta frankismo garaian eta bilakaera horretan Argentinak eta han sortutako Ekin Argitaletxea bezalako erakundeek euskal kulturaren jarraipen eta garapenerako jokatu duten paper garrantzitsua erakusten digu.   Euskal Pizkundeak  Ameriketara  salto egin zuela Euskaditik irten beharrean izan ziren denbora hartan da liburuaren tesia. Hots, Ixaka Lopez Mendizabalek eta Andres Irujok sortu zuten Editorial Vasca Ekin eragin horren emaitza bikain bat dela.  

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)