Berriak Herrizaingoa
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak sentsibilizazio kanpaina berria aurkeztu du

2010.eko irailak 30

Amparo Lopez Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak kontzientziazio kanpaina berri bat aurkeztu du gaur goizean. Gidariek askotan kaltegarritzat jotzen ez dituzten eta istripu larriak eragin ditzaketen ohiko jokabideei buruz ohartaraztea da ekimenaren helburua.

Kanpainaren baitan, "David gnomoa" telesaileko abesti ezagunaren moldaketa bat erabiliko dute gidari guztiek uneren batean eragin ohi dituzten arrisku egoerak deskribatzeko. Modu horretan, Trafiko Zuzendaritzak ibilgailu bat gidatzerakoan zentzuzkoena arriskua murriztea dela helarazi nahi du; hori dela eta, spota honako aholkuarekin amaitzen da: "Zentzuduna izan. Gidatzerakoan, arriskurik ez".

Iragarkian, adin ezberdineko gidari batzuek jokaera ausartegiak erakutsiko dituzte, askotan zentzugabeak, baina, zoritzarrez, ohikoak direnak. Protagonistak beraiek izango dira abestuko dutenak, euren burua zentzugabe aurkeztuz, istripu bat izateko arriskuan jarri izanagatik.

Eguneroko egoerak ikusi ahal izango dira iragarkietan, besteak beste, auto bat aurretik doan ibilgailuari modu arriskutsuan eta argi luzeak emanez hurbiltzen zaiola, hura beldurrarazi eta bazterrarazteko, edota pertsona bat GPS gailu batean kokalekuren bat bilatzen ari dela. Ohiko jokaera horiek arriskutsuak dira egiten dituen gidariarentzat, harekin doazen bidaiarientzat eta errepidetik doazen beste gidarientzat.

Amparo Lopezen esanetan, pertsona ororen portaera aldatu daiteke eta, normalean, beste egoera batzuetan erakusten ez duen indarkeria atera dezake. "Guztiok onartzen dugun zerbait da. Bolantearen aurrean, neurri handiago zein txikiago batean, intolerante bilakatzen gara, pazientzia galtzen dugu, pasatzen uzteak izorratzen gaitu...

Distrazioa, istripu askotan eragiten duen faktorea

Trafiko Zuzendaritzak istripuen eragileei buruz dituen ikerketen arabera, aurten, 2010ean, istripuen % 27an distrazioa izan da kausa nagusia, eta abiadura desegokia % 10ean.

Ikerketa batzuek azpimarratzen dute distrazioa dela nazioarte mailan zirkulazio istripuen kausa ohikoena. Halere, gidariek ez dute distrazioaren arriskua behar bezala aintzat hartzen.

Istripuetan nahasita dagoen gidariaren profila

2010eko datuek erakusten dutenez, sexuaren arabera honela banatzen dira EAEko errepideetan zirkulazio istripuetan nahasitako gidariak:

- Biktimak izan dituzten istripuetan: % 77 gizonezkoak dira eta % 23 emakumezkoak.

- Biktimarik gabeko istripuetan: % 80 gizonezkoak dira eta % 20 emakumezkoak.

Desoreka hau hirigunean ere nabaritzen da. Bertan, biktimak dituzten istripuetan nahasitako gidarien % 78 gizonezkoak dira, eta % 22 emakumezkoak.

"Kopuru horiek gizonezkoek emakumezkoek baino istripu gehiago dituztela erakusten dute. Hori dela eta, gure iragarkietako protagonistak gizonak dira", esan du Trafiko zuzendariak. "Mezua denontzat da baliagarria, baina egoera horietan nahasita egon ohi direnei zuzendu nahi izan dugu", esan du.

EAEko gidarien erroldan, gidarien % 40 emakumeak dira eta % 60 gizonezkoak; horrek azaltzen du, hein batean, gizonezkoen istripu kopuru handiagoa. Bestalde, ibilgailuaren erabileran ere ezberdintasun handia dago gizon eta emakumeen artean. Hain zuzen, EAEn, gizonen % 50ek ohiko joan-etorriak ibilgailuz egiten dituzte, emakumeen artean, berriz, % 25ek soilik erabiltzen dute modu horretan ibilgailua.

Kanpaina bihar, ostirala, zabalduko da irrati, telebista eta hedabide digitalen bitartez eta, guztira, 221.397 euroko kostua izan du.

 

Iruzkin bat
  • @UgaitzZb
    2010.eko urriak 01

    Comentario de Twitter:
    @patxilopez ek esango lukeen legez, ACOJONANTE! Ez da iragarkia ikusten! @irekia Open... zer? http://bit.ly/dg4JFu

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Trafiko Zuzendaria