Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Datorren astean bilbon ospatuko den ICOE 2010, Itsas Energiaren inguruko Nazioarteko Konferentziaren aurkezpena

2010.eko irailak 30

Jose Ignacio Hormaeche Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) Zuzendari Nagusiak, Joseba Jauregizar Tecnaliako Zuzendari Nagusiak eta Ana Izagirre BasqueTourreko Zuzendariak Itsas Energiaren inguruko Nazioarteko Konferentzia aurkeztu dute. Urriaren 6tik 8ra bitartean izango da ICOE 2010, BECen. Gainera, Olatuen Astean Sopelan "Expression Session" surf ekitaldia egingo dela iragarri dute. Topagune horretan teknologoek eta surflariek itsasoaren eta energiaren inguruko gogoetak eta ideiak partekatuko dituzte.

Ozeanoen energia ustiapenaz munduko bilkura garrantzitsuena izango den International Conference on Ocean Energy, ICOE 2010 Biltzarra dela eta, nazioartean itsas energiaren garapenean puntako enpresa eta aditu nagusiak bilduko dira Bilbon urriaren 6tik 8ra bitartean.

Euskadik itsas energia ustiatzeko puntako enpresak eta ekimen aitzindariak dituela eta, Itsas Energiaren inguruko Nazioarteko Konferentziaren hirugarren edizioa berton egingo da. Antolatzaileak Energiaren Euskal Erakundea (EEE) eta Tecnalia korporazio teknologikoa dira.

Mundu osoko 600 ordezkari eta aditu baino gehiago bilduko dira Bilbao Exhibition Centren datorren astean. Horrela, Europako hainbat herrialdetako, AEBetako, Kanadako, Japoniako, Koreako, Txinako eta Zeelanda Berriko adituak izango dira, besteak beste, BECen.

Konferentziak bost osoko bilkura eta 18 saio paralelo izango ditu. Saio eta bilkura horietan 90 txosten aurkeztuko dira itsas energiaren alorrean munduko adituen eskutik. Gainera, bertaratuko diren enpresetako batzuek erakustokiak jarriko dituzte, ozeanoak energetikoki ustiatzeko azken teknologiak erakusteko asmoz.

Euskadi, aitzindaria itsas energiaren alorrean

Prentsaurrekoan, Jose Ignacio Hormaechek adierazi du Euskadi aitzindaria dela itsas energiaren alorrean. Horrela, azaldu duenaren arabera, ICOE 2010 Konferentzia egiteko Bilbo aukeratu izanak agerian uzten du Euskadin itsas energiaren alorrean garatzen ari diren ekimenen garrantzia. Horren adibide bezala bi egitasmo aipatu ditu, hain zuzen ere, Mutrikun eta Armintzan, Lemoizen, EEEk abiatu dituenak.

Mutrikuko egitasmoarekin 600 pertsonaren energia premiak asetzeko adina energia sortuko da urtean olatuen indarrari esker. Armintzako kaian, Lemoizen, jarriko duten Bimep plataformak, aldiz, ikerketa zentroa izango du eta, horrekin, Lemoiz munduko erreferente bilakatuko da itsas energiaren inguruko ikerkuntzaren alorrean.

Surf in Euskadi eta Expression Session


Turismo Sailetik lantzen ari diren produktu berri bat aurkeztu du BasqueTourreko zuzendariak bere mintzaldian, Surf in Euskadi ekimena hain zuzen ere. Izagirrek azaldutakoaren arabera, Euskadiren helburua surf turismoa sustatzea da, munduan oso ezagunak diren gure olatuen kalitatea aprobetxatuz. Olatuok urtean 20.000 turista erakartzen dituela eta 600 pertsonari lana ematen diela azpimarratu du BasqueTourreko zuzendariak.

Gainera, Sopelan "Expression Session" surf ekitaldia egingo dela iragarri dute prentsaurrekoan. Topagune horretan teknologoek eta surflariek itsasoaren eta energiaren inguruko gogoetak eta ideiak partekatuko dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Jose Ignacio Hormaeche EEEko Zuzendari Nagusia, Joseba Jauregizar Tecnaliako Zuzendari Nagusia eta Ana Izagirre BasqueTourreko Zuzendaria