Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak harrera egingo die Europar Batasuneko 20 herrialdetako diplomazialariri

2016.eko ekainak 03
  • Bilera ekainaren 5ean izango da, igandea, Donostiako Miramar Jauregian 
  • Urkullu lehendakaria europar diplomazialariekin bilduko den hirugarren aldia da 2013az geroztik

Iñigo Urkullu lehendakariak harrera egingo die Europar Batasuneko estatuen diplomazialariei. Bilera ekainaren 5ean izango da, igandea, Donostian, eta Europako 20 herrialdetako ordezkariek hartuko dute parte, Matthijs van Bonzel Herbehereetako enbaxadorea buru dela, herrialde horri dagokionez Europar Batasuneko presidentetza. Bileran Europako egoerari buruzko alderdiak izango dituzte hizpide, errefuxiatuekin agerian geratu den balio-krisia, krisi ekonomikoa edo gazteen langabezia kasu.

Gipuzkoako hiriburuko Miramar jauregian egingo die harrera Urkullu lehendakariak, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Europako Gaietarako zuzendari Mikel Antón lagun dituela. Diplomazialariekin biltzen den hirugarren aldia izango da lehendakariarentzat: estreinakoa 2013 urtarrilean egin zuen, eta bigarrena 2014ko ekainean, bata zein bestea Madrilen.

Euskadira etorriko diren diplomazialariak Estatu hauen ordezkari dira: Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Erresuma Batua, Errumania, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Herbehereak, Irlanda, Italia, Letonia, Luxenburgo, Malta, Polonia, Suedia eta Zipre.

Agenda

Europako diplomazialariek Euskadin egonaldia egingo dute igandetik asteartera bitartean, hilak 7. Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriarekin bilduko dira, Mahaiko kideekin baita Legebiltzarreko Kanpo Harremanetarako eta Europako Gaietarako batzordeko kideekin ere. Hiru start-upek eratutako Noray taldea bisitatuko dute Zamudioko teknologia-parkean eta bertan  CONFEBASKeko presidentearekin batzarra izango dute. Gainera, Bilbon, EHUko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreekin bilduko dira, berrogeita hamarren bat ikasleren parte-hartzearekin. Bilboko hiri-garapenerako eredua ezagutuko dute bertatik bertara, baita Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren baitako jarduerak eta Gasteiz nahiz Arabako Errioxa ere.

Kanpo-ekintza

Eusko Jaurlaritzak herrialde-mailako erronkatzat hartu zuen Euskadi nazioartekotzea. Legegintzaldirako programan zehaztu zuen, baita 2020rako Nazioartekotze Esparru Estrategia: Basque Country estrategian ere. Nazioartekotzea behar bat da, baita gurari bat ere: beharrezkoa dugu posizionamendu globala, Europar Batasunean leku propioa izatea; eta abangoardiako eskualdeen lehia-erreferentzia izan nahi dugu, talentua eta inbertsioa erakartzeko ahalmena duena.

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak sareak ehundu ditu esparru ekonomikoan nahiz instituzionalean. Esaterako, Urkullu lehendakariak 10 bidaia instituzional egin ditu legegintzaldian, nabarmenenak, Europa barnean, Europar Batasuneko erakundeetara, Flandria, Alemania, Andorra eta Frantziara (pasa den abenduan, COP21en parte hartzeko). Gainera, lehendakariak 78 bilera egin ditu mundu osoko enbaxadoreekin Ajuria Enean. Hauei gehitu behar zaizkio hurrengo taldeekin izandako lan bilerak: Asiako Hegoekialdeko Herrialdeen Elkartea (2015ean Ajuria Enean), Visegrád taldearekin (2015ean Ajuria Enean), Latino Amerikako enbaxadoreekin (2014an Madrilen) edota Liga Arabiarrekoekin egindakoa (2013an Artaza Jauregian).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)