Berriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Eu

Ikasle eta ikertzaileen arteko topaketa Passion for Knowledge ekitaldian

2010.eko urriak 01

Ezagutzarekiko pasioak Hezkuntza sailburua, zientzialariak eta euskal ikasleak elkartzen ditu

Euskal ikastetxeko ehun bat ikasle (DBH 4.mailakoak eta Batxilergokoak, hain zuzen) Donostiako Aquariumean bildu dira ostegun honetan, non Sylvia A. Earle ozeanografoa eta Ada Yonath Nobel sariduna (Kimika, 2009) ezagutu dituzten. Bigarren topaketa hau Passion for Knowledge kongresuaren parte bat da, hots, Donostia International Physics Center (DIPC) ikerkuntza erakundeak bere hamargarren urteurrena ospatzeko antolatu duen ekimena, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailaren babesaz.

Ekitaldiari hasiera eman dio Hezkuntza Sailaren buruak, Isabel Celaak, zeinak zientzialarien presentzia eskertu duen. Ikasleei dagokienez, "ezagutzaren abenturarantz abiatzea" gomendatu die, "heziketa bikaina" baitute.

Ostegunaren goiz osoa iraun du ekitaldiak. Lehenik eta behin, zientzialariek beren bizitzak ikerkuntzarantz bideratzeko eragingarriak azaldu dituzte eta ondoren ikasleek aldez aurretik prestaturiko galdera sorta bati erantzun diete.

Ada Yonath-ek dioen bezala, zientziaren garapena bultzatzen duen indarra ikusmina da. Bost urte baino ez zituela, bere lehenengo esperimentuari ekin zion. "Arratsalde batean, balkoiko solairuaren eta teilatuaren arteko neurria ezagutu nahi izan nuen, eta horretarako aulki batera igo nintzen, aulki horrek beste baten gainean zegoen, eta honek mahai baten gainean... Esperimentua bukatzeke dago: erori egin nuen eta beso bat hautsi nuen", gogoratu du barre eginez. Pasadizo horrez geroztik, ordea, "gogor" egin du lan. Izan ere, bere ikerketek osagai eraginkorragoak ekoizteari bide eman die.

Bestalde, Time aldizkariak ‘Planetako heroia' izendatu duen Sylvia A. Earle ozeanografoa eta esploratzaileak ozeanoen arazoak izan ditu hizpide. "Hurrengo hamarkada erabakitzailea izango da, naturarekin bakea egiteko aukera izango baitugu, eta hortaz gu geu ere bakean egongo gara. Beraz, ozeanoak babestea geure bizitza bera bermatzea da" azaldu du.

Ildo horretatik, hainbat arrantza-herriko ikaslek kezkak azaldu dituzte arrantzaren etorkizunaren gainean. Mexikoko Golfoan gertatutako hondamen ekologikoari buruz ere eztabaidatu dute ikaslariak eta ikasleek.

Hala eta guztiz ere, Earle baikor agertu da eta gazteei adierazi die "irtenbidea aurkitzeko" aukera egon badagoela. "Zuen etorkizunak kezkatzen nau. Arazo larriei aurre egin beharko diozue, baina aurreko belaunaldiek izan ez zuten abagunea ere izango duzue, beraz, etekina atera iezaiozue eta bizitzaz goza ezazue" adierazi du.

Ikasleek beren ikasketa-etorkizunari buruz aholkua eskatu diete zientzialariei. Earlek beren bihotzeei arreta hartzea gomendatu die eta Yonath-ek zera aipatu du: "Erantzuna aurkitzearren, lehenik eta behin pasioa sentitu behar duzue".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejera de Educación Isabel Celaá