Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendaritzak istripuen ikerketari buruzko jardunaldia antolatu du

2016.eko ekainak 03

Datorren asteazkenean izango da, hilak 8, Euskalduna Jauregian

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak trafiko-istripuen gaineko ezagutzan sakontzeko jardunaldi profesionala antolatu du, hiru esparru hauek lantzeko: prebentzioa, istripuak ekiditeko; ikerketak, behin istripua gertatu ondoren, kausak argitzeko; eta ezbeharraren ondorioak jasan dituzten biktimei arreta ematea. Datorren asteazkenean, Bilboko Euskalduna Jauregian, hamaika adituk landuko dituzte gai horiek 100 parte-hartzaileen aurrean, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak inauguratuko duen jardunaldian.

«Trafiko-istripuak gertatzen diren baldintzen gaineko ezagutza hobetzea izan behar da ezarri beharreko politiken oinarria, errepide-istripuen kopuruak murriztu nahi badira, eta prebentzio-ekintzak doitzeko –adierazi du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok–. Diziplinarteko lana da, hainbat arlotako profesionalei eragiten diena eta zorrotz bete behar dena. Jardunaldia baliagarria izango da ohiko egiteko horiek bistaratzeko eta, istripu-tasa murriztea xede, zer hobetu daitekeen aztertzeko, azken urtetako joerari eutsi nahi diogunez». 

Jardunaldiak hiru atal izango ditu: prebentzio-faktoreak bide-segurtasunean, trafiko-istripuen gaineko ikerketa eta biktimei asistentzia eta laguntza ematea. Horiei guztiei ekin aurretik, sailburuaren agurraren ondoren, Trafikoko zuzendariak 2015-2020 aldirako Bide-segurtasun eta mugikortasun seguru eta jasangarrirako Plan Estrategikoaren helburuak eta emaitzak azalduko ditu.

Prebentzio-faktoreak

Lau hizlari ariko dira lehen zatian. Judit Arcellares, Bizkaiko Bide-segurtasuneko fiskal delegatua, bide-segurtasunaren aurkako delituei, delitugileei ezarritako zigorrei eta arrisku-jokabide batzuen aurreko tolerantzia sozialari buruz jardungo da. Juan Pablo Arruabarrena, Osakidetzako Larrialdietako medikua, sendagai batzuek gidatzeko gaitasunean izan ditzaketen ondorioei eta tratamendu medikoa duten pertsona gehienek hartzen dituzten sendagaien ondorioak ez ezagutzeak dakarren arriskuari buruz jardungo da. Jon Arrieta, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko Auzitegi-patologia Zerbitzukoa, alkoholaren eta drogen kontsumoak bide-istripuengatiko hilkortasunean duen eraginari buruz jardungo da eta Carlos Estefanía, Bide, ubide eta portuetako Ingeniarien Elkargoaren ordezkaria, bide-azpiegituren trafiko-istripuen prebentzioan duten garrantziari buruz jardungo da.

Istripuen ikerketa

Bigarren zatiko hitzaldietan istripuen gaineko analisi-lana, datu-bilketa eta interpretazioa landuko dituzte, hiru ikuspuntu hartuta. Jon Karla Mozo, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako irakaslea, ikerketako prestakuntzari buruz jardungo da. Joseba Etxeberria Donostiako Udaltzaingoko Atestatuen Unitateko arduradunak, hiri-guneko istripuen ezaugarriak eta ohiko zergatiak azalduko ditu eta Miguel Santos López Ertzaintzako Istripuen Ikerketa eta Berreraikuntza Unitateko arduradunak, urratsez urrats azalduko du trafiko-istripuak berreraikitzeko prozesua, betiere kausa argitzea duena xede.

Biktimei laguntza

Jardunaldiaren azken zatian trafiko-istripuen biktimentzako kalte-ordainen hobekuntzaren gaineko lege berriak ezagutaraziko ditu José Pérez Tirado Stop Accidentes elkarteko lege-aholkulari eta aurtengo urtarrilaren lehenean indarrean jarri zen legea idatzi zuen adituen batzordeko kidea izan zenak. Gainera, José Perdices Biktimarentzako Asistentzia Zerbitzuko legelariak eta Elena Sangroniz Ertzaintzaren Trafiko Unitateko ikerketaburuak bi erakunde horiek trafiko-istripuen biktimei eta horien senideei arreta emateko egiten duten lana azalduko dute.

Euskalduna Jauregiko E aretoan egingo da jardunaldia, 8:30etik 14:00etara. Asteak dira ez dela plazarik gelditzen. Bertaratzeko interesa duten komunikabideek, ekitaldiaren berri emateko edo elkarrizketaren bat egiteko, eskaera bidali behar dute helbide hauetara: info@seguridadvialeuskadi.com; prensa@seg.euskadi.eus

 

Informazio gehiago jardunaldiaren webgunean: www.seguridadvialeuskadi.com

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 03

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendaritzak istripuen ikerketari buruzko jardunaldia antolatu du ➡ https://t.co/waPTBdZieq

  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 03

    Comentario de Twitter:
    La Dirección de Tráfico del Gobierno Vasco organiza una jornada sobre investigación de accidentes ➡ https://t.co/Le8uXAWZc7

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)