Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak toki nabarmena hartu du EBn Espezializazio adimentsuaren RIS 3 estrategia (ZTBP 2020) zabaltzen aitzindaria izateagatik

2016.eko ekainak 02

   “Smart Regions” izeneko Goi-bilera antolatu du Europako Batzordeak ekainaren 1 eta 2an Bruselan eta Euskadik bertan erakutsi ditu Espezializazio Adimentsuaren RIS 3 estrategia (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2020) zabaltzen egindako aurrerapausoak.

Ekitaldi horretan abiarazi dira ofizialki espezializazio adimentsuaren plataformak industria modernizazioaren eta nekazaritzako elikagaien alorretan, eta energiaren alorrean zegoenari batu zaizkio. Plataforma horien bitartez, baterako inbertsiorako lankidetza sortzeko Abangoardiako Ekimenak garatutako metodologia onartu da Europan.

  Hain zuzen, Euskadiren Europar Batasunerako Ordezkaritzak mahai-inguru bat moderatu du, “Aurkako inguruetako energia aplikazioetarako fabrikazio aurreratua” izeneko Abangoardiako Ekimenaren Esparruan gidatzen duen proiektu pilotuari buruz. Testuinguru horretan, WINDBOX sektore eolikoaren Fabrikazio Aurreratuaren Zentroa aurkeztu da. Eztabaidaren emaitza gisa, premiazkotzat jo da ekimen europar bat ezartzea alor horretako fabrikazio aurreratuko zentroei eta baterako erakuste proiektuei laguntzeko.

  Halaber, Eusko Jaurlaritzak adierazi du interesa duela gidaria izateko nekazaritzako elikagaien espezializazio plataformarena, baita ERIAFF (European Regions for Innovation in Agriculture, Food and Forestry) sarearena ere. Bestalde, Euskadik, Regional Initiative for Culture and Creativity (RICC) sarearen bitartez, onbidapena jaso du  kultura eta sormen industrien alorrean dituen interesguneak aurkez ditzan.

Goi-bilerarekin batera, Europako Batzordeak erakusketa bat antolatu du eta hor Euskadik, eta Europako hogeita hamar bat eskualdek dibulgaziorako stand bat izan dute beren RIS 3 eta egitasmo adierazgarrienen berri emateko. Erakustegi horretan harremana izan dute Europako erakundeen ordezkariek, Europako beste herrialde eta eskualdeetakoek, baita industriakoek eta irakaskuntza mundukoek ere.

 

Euskadiren Espezializazio Adimentsurako Estrategia

Kontuan harturik enpresa ahalmenak, zientzia eta teknologia ahalmenak eta eskariei erantzuteko ahalmenak, Euskadiren espezializazio adimentsurako estrategiak lehentasunezko hiru esparru handi ezarri ditu: fabrikazio aurreratua, energia eta Biozientziak-Osasuna binomioa.

Fabrikazio aurreratuak batzen ditu ahalmen gehien, bai zientzia eta teknologia baliabideen eta I+Gren emaitzen bilketan, bai ikerkuntza jaso eta ustiatzen duten enpresa sektoreen  tamainan.

Energiaren enpresa jarduerak ardatz sendoa du zenbait sektore ekonomikotan eta horiek guztiek Euskadiko sektore bertikal nagusienetako bat osatzen dute, trakzio-enpresa nabarmenak biltzen dituena, gainera. Zientzia eta teknologia ahalmenen metatze handi samarra dago.

Biozientzien lehentasuna nabarmendu da azken urteotan eragile eta jakintza ugari bildu delako, batez ere giza osasunaren esparruan, eta esparru horretan zientzia eta teknologia eragileen partaidetza garrantzitsua delako.

Lehentasunezko alor horiez gain, “aukera txoko” izena eman zaie lurraldeari lotutako zenbait jarduerari, zientzia eta teknologia garapena nahiz enpresa garapena izateko gaitasuna dutelako. Hain zuzen, honako jarduerak jo dira aukera esparrutzat: nekazaritzako elikagaien alorra; Ekosistemak eta ingurumena berroneratzea; Sormen, turismo eta kultura industriak; hiri garapenari eta lurralde plangintzari lotutako jarduerak.

 

Abangoardiako Ekimena

Euskadi Abangoardiako Ekimenaren kide sortzailea da 2013 amaiera aldetik. Abangoardiako Ekimenaren 30 eskualde kideek konpromisoa dute espezializazio adimentsuarekin, espezializazio adimentsua Europako kohesio politikaren baldintza ez ezik, Europako industria eta berrikuntza politiken printzipio gidaria ere bada-eta lehiakortasuna eta hazkundea bultzatzeko.

Abangoardiako Ekimenaren helburua da espezializazio adimentsua industriaren eta berrikuntzaren aldeko politika europarretan integratzea, eta baita ere, erakustea eskualdeek eragile nagusiak izan daitezkeela maila politiko guztiak eta alde interesatu guztiak mobilizatzeko hazkunde berri baten alde.

Euskadi eta Eskozia gidatzen ari dira Advanced Manufacturing for Energy related applications in harsh environments" (Aurkako inguruetako energia aplikazioetarako fabrikazio aurreratua) izeneko Energia Pilotua.

Energia pilotu horren helburua da –ekimenean abian diren 5 pilotu horietako bat da hori– Europa nabarmentzea eta aitzindari bilakatzea munduan balio erantsi handiko ekipoen eta osagaien garapenean eta fabrikazioan, itsasoko energia berriztagarriak sortzearekin eta eskakizun handiko inguruetan (offshore edota sakontasun handikoetan) energia baliabideak ateratzearekin lotuta. Gaur egun ADMA Energyk kide dituen 13 eskualdeetan energia pilotuaren balio kateen enpresa nagusiak biltzen ditu bere barnean, aurkako inguruetako energia aplikazioetarako fabrikazio aurreratua erdiesteko Ibilbide Teknologiko bat (Technology Roadmap) eratze aldera.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)