Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
qrcode

Eremu babestuetako 160 espezialista bilduko dira Guardian parkeen eta Natura 2000 Sarearen etorkizunari buruz gogoeta egiteko

2016-06-03
  • Naturagune Babestuei buruzko EUROPARC-Espainia XIX. kongresua Guardian (Araba) egingo da ekainaren 7tik 10era
  • EUROPARC, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia dira antolatzaileak

 

 

Guardian egingo da ekainaren 7tik 10era bitartean natura-parkeen federazioen kongresua, ESPARC 2016: gizartea eta eremu babestuak izenarekin. EUROPARC, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia dira antolatzaileak eta Estatu osotik etorritako 160tik gora parte-hartzaile bilduko dira. Parte-hartzaile gehienak Natura 2000 Sareko eremu babestuen plangintza-arduradunak eta kudeatzaileak dira. Era berean, elkarte kontserbazionistek, lurraldearen jagoletzarako erakundeek eta toki-korporazioek parte hartuko dute.

 

Lan-tailerretan aurre egingo diete eremu babestuen kudeaketako erronka nagusietako batzuk. Toki-administrazioei, gizarte zibilari eta jabe pribatuei eragiten dieten kudeaketarako lankidetza-formula berrien ahalmenak aztertuko dituzte eztabaidetan. Klima-aldaketara egokitzeko prozesuan, parkeen plangintzan eta kudeaketan egindako aurrerapenak ere aztergai izango dituzte, baita habitaten eta espezieen kontserbazio-egoera ona bermatzeko erronkak ere. Natura 2000 Sarearen barneko kontserbazio-jardueren finantzaketa aztertuko dute tailer espezifiko batean. Azkenik, mendiko lasterketei eta erabilera publikoari buruzko tailer bat egingo dute, EUROPARC-Espainiak sustatutako gidaren ondorio eta gomendio nagusiak aurkezteko.

 

Kongresuaren irekieran izango dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Arabako ahaldun nagusi Ramiro González, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi eta Guardiako Pedro León.

 

Araba, eredu

Lurraldearen % 27 baino gehiago naturaguneak babesteko figuraren baten estalduraren barnean duela (5 natura-parke, 29 eremu Natura Sarean eta 3 biotopo), Araba Euskadiko «naturaren harribitxia» eta «birika berdea» dela esan daiteke. Gainera, hegaztien kasuan, Euskadiko azalera babestuaren % 90 barne hartzen du –5 Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu–, eta 24 naturagune babestu ditu, Euskadik Natura 2000 Sarean dituenen % 50.

 

Kongresu horren egitarauak hainbat bisitaldi barne hartzen ditu, tartean, Guardiako Urmael Multzo Babestura eta Izki Natura-parkera. Parte-hartzaileek, horrela, Arabako lurralde historikoko natura- eta kultura-balioetako batzuk bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte.

 

Berrogei jakinarazpen eta hitzaldi antolatu dira, eztabaiden oinarri izango direnak; gehienak, natura-ondarea babesteko esperientziak. Esaterako, LIFE +PRO IZKI proiektua aurkeztuko da, haritz arrunten Euskadiko baso handiena hobetzea xede duena. Era berean, LIFE+Ordunte Jasangarria esperientzia eta Euskadiko Naturaguneen Informazio-sistemaren proiektua ezagutuko dituzte parte-hartzaileek, baita hauek ere: EAEko itsas ekosistemen segimendua, erdiko Pirinioetan finkatu den hartz arrearen populazioa edota Garajonay Natura Parkearen oneratze ekologikoa 2012an sutea jasan ondoren.

 

Erabilera publikoaren eta turismoaren arloan, EAEko ekimen adierazgarri batzuk aurkeztuko dira, ekoturismoa sustatzeko Birding Euskadi ekimena kasu, baita Teide zein Aigüestortes parke nazionaletan kirol-lehiak egiteari buruzko azterlanak ere. Nazioarte-mailan, natura-parkeetako ekoturismoari buruzko MEET proiektua aurkeztuko da.

 

Hitzaldiak

Gai sozialak eta ekonomikoak ere izango dituzte hizpide, erreserba-maila handiena duen Cadizko badiako Natura Parkearen kudeaketa kasu. Parkeen etekin sozialak nabarmenduko dituzte, natura-parkeen bisitariek osasunari eta ongizateari buruz duten pertzepzioaren gainean Bartzelonako Diputazioak egindako azterlana baliatuta. Inplikazio pribatuaren garrantzia azpimarratuko dute, Kataluniako Garrotxa eskualdeko enpresa-sektorearekin lankidetzan aritzeko izenpetutako hitzarmena adibide gisa jarriz, eremu babestu batean parte-hartzea sustatzearen eta kudeaketa itunduaren arloan.

 

Esperientzien azokan, hogei bat erakusmahai ipini dira, parte-hartzaileek esperientziak eta proiektuak giro lasaiago batean partekatzeko. Azoka-gune horretan, EAEko eremu babestuen sarearen gaineko informazioa eskainiko zaie, baita klima-aldaketara egokitzeko Parke Nazionaletan egindako jardueren gainekoa edo Cadí-Moixeró Natura Parkeko tokiko produktuen promozioen gainekoa ere. Nazioarteko ekimenik ere egongo da, GEIE FORESPIRek sustatutako Pirinioetako naturaguneen sarea eratu eta kudeatzeko proiektua kasu.

 

LAN-TAILERRAK

  • 1. TAILERRA Kudeaketarako lankidetza-ereduak. Tailerraren helburua eremu babestuak kudeatzeko lankidetza-eredua aurkeztea da, eta ezartzeko aukeren gainean gogoeta bultzatzea. Lurraldearen jagoletzako esperientziak edota toki-korporazioen, enpresen eta jabeen kudeaketa aztertuko dituzte.
  • 2. TAILERRA Klima-aldaketarako egokitzapena plangintzan eta kudeaketan. Klima-aldaketarako egokitzapen-irizpideak eremu babestuen kudeaketan are gehiago integratzea da tailerraren helburua, baita horren gaineko esperientzia-truke bultzatzea ere, plangintza-tresnak osatzeko eta kontserbazio-proiektuak diseinatzeko jardunbide egokiak aurkeztuta.
  • 3. TAILERRA Habitaten eta espezieen kontserbazio egoera. Habitaten eta espezieen kontserbazio-egoeraren segimenduari eta bilakaerari buruz gogoeta egitea da tailerraren helburua. Horretarako, kasu praktiko batzuk aztertuko dituzte.
  • 4. TAILERRA Natura Sarea babesteko finantzaketa. Tailerraren helburua Natura Sarearen kontserbazioa finantzatzeari buruzko gogoeta abiaraztea da, horretarako, hainbat bitarteko aztertuta, Landa Garapenerako Programak, gizarte-erantzukizun korporatiboa eta enpresa-ehunaren inplikazioa kasu.
  • 5. TAILERRA Mendiko lasterketak eta erabilera publikoa. Naturagune babestuetan egiten diren mendi-lasterketen gaineko lantaldearen emaitzak aurkeztuko dira, esperientziak nahiz jardunbide egokiak partekatzeaz gain.

ESPERIENTZIAK

Lan-tailerretan ez ezik, parte-hartzaileek beren proiektuak, kezkak edo produktuak azaltzeko aukera izango dute, ahozko aurkezpenak edo esperientzien azoka baliatuta, ekainaren 9ko goizean.

AHOZKO AURKEZPENAK

Ahozko aurkezpenak egiteko, parte-hartzaileek 10 minutuko tartea izango dute, eta 5 minutu gehiago entzuleen galderei erantzuteko. Antolatzaileek txantiloi bat eskainiko dute, Powerpoint bidezko aurkezpena egiteko. Maiatzaren 9ra arteko epea dago ahozko aurkezpenaren ppt-a bidaltzeko.

ESPERIENTZIEN AZOKA

Kongresuan, halaber, parte-hartzaileek mota guztietako materialak –posterrak, dibulgazio-materialak, bertako produktuak, etab.– erakusteko mahaien gunea egongo da. Maiatzaren 9ra arte egongo da zabalik epea antolatzaileei erakusmahaia erreserbatzea eskatzeko (gehienez 30 erakuslerentzako lekua erreserbatuko da).

Antolatzaileek eskainitako formatuko posterrak aurkeztu nahi dituzten parte-hartzaileek posterra ppt formatuan igorri beharko diete antolatzaileen maiatzaren 9a baino lehen. Antolatzaileak arduratuko dira posterra inprimatzeaz eta dagokion erakuslekuan ipintzeaz.

BISITALDI TEKNIKOAK

  • EKAINAK 8 - ekainaren 8ko arratsalderako GUARDIAKO URMAEL MULTZOKO BIOTOPO BABESTUAN bisitaldi teknikoa antolatu da.
  • EKAINAK 9 - ekainaren 9a txangoa egingo dute IZKIKO NATURA PARKERA.

ESPARC 2016ren EGOITZA: VILLA LUCÍA ZENTROA, Guardia  +34 945 60 00 32

Informazio +: oficina@redeuroparc.org

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)