Berriak Osasuna

Jon Darpón: «Espetxe-Osasuna Osakidetzan txertatuta egoteak askatasuna gabetutako pertsonen osasun-arreta hobetu du»

2016-06-02

Osasuneko sailburuak profesionalei zuzendutako III. Espetxe Osasuneko Ikastaroa inauguratu du gaur Bilbon

«Espetxe-osasuna Osakidetzan txertatzeak askatasuna gabetutako pertsonek jasotako arretaren kalitatea hobetu du, orain gainerako herritarren baldintza berdinetan eskuratzen baitituzte osasun-zerbitzuak». Horixe adierazi du Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek III. Espetxe Osasuneko Ikastaroaren inaugurazioan, Bilbon.

Osakidetzako profesionalei zuzendutako ikastaro honen hasierako hitzaldian, Osasuneko sailburuak nabarmendu du gaur egun espetxe-osasuna sendo txertatuta dagoela Osakidetzan, itxura batean bi arreta-esparru, egitura eta pentsamolde oso desberdin izan arren. «Askatasuna gabetutako pazienteentzat onuragarria da eta bat dator Europako legediarekin, baita, jakina, Eusko Jaurlaritzaren ikuspegiarekin ere; espetxeratutako pertsonek gainerako herritarren bezalako osasun-eskubideak eta -prestazioak izan behar dituzte».

Espetxe-osasun Osakidetzan txertatzeak, besteak beste, espetxeko osasun-zerbitzuak Osakidetzako lehen mailako arretako osasun-zentro bihurtzea ekarri du.  Eta horrek, era berean, espetxeko osasun-zentroan emandako lehen mailako arretari arreta espezializatuan eta ospitalean jarraipena eman ahal izatea, horiek guztiak koordinatuta.

Gaur gaurkoz, 3 espetxe daude Euskadin (Martutenekoa, Basaurikoa eta Arabakoa) eta 1.500 espetxeratu. Horiek behar duten osasun-arreta berezia da (gaixotasunen mentalen eta droga-mendetasunen prebalentzia handiagoa, gaixotasun kutsagarrien –GIBa, B eta C hepatitisak eta tuberkulosia– tasa handiagoak). Espetxe-zentroetan emandako arretak baditu berezitasun gehiago ere, espetxeratuei eman beharreko arretarekin zerikusirik ez dutenak, baizik eta askatasun ezaren baldintzekin.

Horrenbestez, espetxe-zentroetan lan egiten duten osasun-langileek prestakuntza osagarria izan behar dute, bai prebalentzia handiagoko gaixotasun horien gainean, bai arreta-jarduera gauzatzeko jarraitu beharko dituzten prozedura mediko-legalen gainean. Jon Darpón berak azpimarratu duenez, antolaketa- eta funtzionamendu-aldaketak handiak izan diren arren, espetxe-osasuna eraldatu ahal izatea, nagusiki, osasun-langileen esku dago, eta, horretarako, prestakuntza behar dute. Osakidetza horretan ari da lanean.

Ingalaterra, Gales eta Eskoziako esperientzietan oinarritu da Euskadi –integrazio-prozesua gauzatu duen erkidego bakarra Espainian– eta prozesu horri ekin dioten gainerako autonomia-erkidegoentzako eredu izango da.

3 iruzkin
  • @JosuneR
    2016-06-02

    Comentario de Twitter:
    RT @osakidetzaEJGV: .@jdarpon: «Espetxe-Osasuna Osakidetzan txertatuta egoteak askatasuna gabetutako pertsonen osasun-arreta hobetu du»➡ ht…

  • @osakidetzaEJGV
    2016-06-02

    Comentario de Twitter:
    .@jdarpon: «Espetxe-Osasuna Osakidetzan txertatuta egoteak askatasuna gabetutako pertsonen osasun-arreta hobetu du»➡ https://t.co/ewoLPzOZL7

  • @osakidetzaEJGV
    2016-06-02

    Comentario de Twitter:
    .@jdarpon: “la integración de la Sanidad Penitenciaria en Osakidetza es una realidad consolidada" ➡ https://t.co/s4dVc3tL7f

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)