12 eta 13 urte arteko ia 7.400 gaztek ez erretzeko konpromisoa hartu dute, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren kerik gabeko gelak ekimenaren bidez
Sariak eman dizkiete 2016ko ikasgela irabazleei
Ekimenaren eraginkortasuna eta efizientzia ikusita, «mota honetako esku-hartzeen alde apustu egiten jarraituko dugu», ziurtatu du Osasuneko sailburuorde Guillermo Viñegrak
Eskoletan egindako prebentzio-ekimenek gazte erretzaileen kopurua murrizten dute
Azken hiru urteetan bigarren hezkuntzako lehen zikloko 29.611 ikaslek hartu dute parte Kerik gabeko ikasgelak ekimenean
Gaur banatu dira Kerik gabeko ikasgelak lehiaketako ikasgela irabazleen sariak hiru lurraldeetan. Horien bidez, Osasun Sailak eta Osakidetzak DBHko lehen eta bigarren mailetako ia 7.392 gazteen parte-hartzea eta ez erretzeko konpromisoa saritu nahi dute.
Araban, 1.569; Bizkaia, 3.430; eta Gipuzkoan, 2.393, Euskal Autonomia Erkidegoko 88 ikastetxetatik.
Kerik gabeko ikasgela ekimena Osasun Sailak eta Osakidetzak garatzen dute, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin elkarlanean. Hainbat esku-hartze komunitario hartzen ditu barnean, beste erakunde eta eragile sozial batzuen bidez gauzatzen direnak.
Azken hiru urteetan 29.211 ikaslek hartu dute parte programan, hain zuzen, ikasleen tabako-kontsumoa ekiditea edo geroratzea duena helburu, eta, aldi berean, hezkuntza komunitateko kide guztiengana iristea (irakasleak, senideak), tabako-mendekotasuna gainditzeko laguntza eskainiz.
Osasuneko sailburuorde Guillermo Viñegrak Arabako sariaren banaketa-ekitaldian nabarmendu duenez, Osasun Sailarentzat, esku hartzeko kolektibo lehenetsiak dira nerabe eta gazteak, prebentzioari eta ohitura osasungarriak sustatzeari dagokienez, garapen egoki eta osasungarria bermatzeko. Ondorioz, Kerik gabeko ikasgelak ekimenaren gisakoek aukera ematen dute bizitzako fase horretan erabaki osasungarriak eta seguruak hartzeko, konpromisoan eta erantzukizunean oinarritzen baitira.
«Ondo dakigu eskoletan prebentzio-ekimenak gauzatzeak gazte erretzaileen kopurua murrizten duela eta, gainera, ikusirik zein eraginkorrak diren, gisa honetako esku-hartzeen alde egingo dugu, Euskadin tabakoaren aurkako borrokan indar gehiago eginez» esan du Osasuneko sailburuordeak.
Euskal Autonomia Erkidegoko 12 eta 19 urte bitarteko ikasleetan erretzen ez dutela diotenen ehunekoa % 51,4tik % 67,9ra igo da azken urteotan; 17 urterekin hasten dira batez beste tabakoa erretzen. (azken Euskadi eta Drogak txostenaren arabera).
Ikasturte osoan, ikasleek tabakoari buruzko zenbait jarduera gauzatu dituzte, tabakoaren kontsumoa saihesteko, presioari aurre egiten lagunduko dieten tresnak ikasteko eta erretzea ezohikoa eta kaltegarria dela ulertzeko. Horretarako, material didaktikoa, prestakuntza eta programaren arduradunen babesa dituzten tutoreen laguntza izan dute.
Amaieran, gela guztiek parte hartu duten lehiaketa bat egin da; tabakismoa prebenitzeko marrazki eta lelo bana egin behar zituzten. Lurraldeko irabazle bana hautatu da gero, eta diseinu irabazlea serigrafiatu eta kamiseta bana banatuko zaie ikasle guztiei.
Aurten, 2016, hauek izan dira irabazleak:
Araban: Gasteizko EGIBIDE NIEVES CANO ikastetxeko DBHko 1. A gela Bizkaian: Ondarroako BHI ONDARROA ikastetxeko DBHko 1. B gela Gipuzkoan: Eibarko MOGEL ISASI BHI ikastetxeko DBHko 2. D gela
|
Araban, Osasuneko sailburuorde Guillermo Viñegrak banatu du saria, Gasteizko Artium museoan. Hiru gela finalistetako ikasle guztiek parte hartu dute ekitaldi horretan.
Bizkaian, ordea, Osasun Saileko Farmaziako zuzendariak, Iñaki Betolazak, eman die irabazleei saria, Bilbon, Osasuneko Lurralde Ordezkaritzan, gela finalistak egon diren ekitaldian.
Gipuzkoan, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Miren Dorronsorok eman dio saria gela irabazleari, Eibarko Udaletxean.
Ikasturtean zehar tabakoaren gainean egindako gogoeta eskertu diete gazteei haiek guztiek, bai eta adore eman ere, ez dezaten bazter utzi ez erretzeko eta tabakorik gabe bizitzeko konpromisoa.
Orobat eskertu eta azpimarratu dute zein lan handia egin duten Osasun Publikoko Eskualdeek, Osakidetzako erakunde sanitarioekin, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin, udalekin eta erkidego-prebentzioko teknikariekin batera.