Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadiko jazz-jaialdietako izarrek Euskadi-Basque Countryren photo-call batean posatuko dute uda honetan, beren irudiarekin helburu turistikoa sustatzeko

2016.eko ekainak 03

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak, Itziar Epalzak, Euskadiko Jazz Jaialdien Kanpaina aurkeztu du Getxoko jazzaldiaren zuzendari Iñaki Saituarekin, Gasteizkoaren zuzendari Iñaki Añuarekin eta Donostiakoaren zuzendari Miguel Martínekin. Aurtengo udan, Euskadiko Turismoa sustatzeko baliatuko da.

  • Zuzendariek hiru lurraldeetako jazz-eskaintza zabala nabarmendu dute, Euskadiko sektore turistikoak lehenetsitako bezerogaiak erakartzen dituenez; bisitari leialak, kulturadunak eta aisian nahiz kulturan gastatzen dutenak.

Euskadiko jazzaldiak ezagunak dira nazioartean, eta erreferente izaten dira Euskadiko uda-sasoian. Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalzak gaur goizean aurkeztu ditu jaialdi horien inguruko sustapen ekintzak Bilbon, Getxoko jazzaldiaren zuzendari Iñaki Saituarekin, Gasteizkoaren zuzendari Iñaki Añuarekin eta Donostiakoaren zuzendari Miguel Martínekin.

Aurten, hiru lurraldeetako jazz-eskaintza zabalak turismoa sustatzeko ekintza espezifikoak barne hartuko ditu, Euskadi-Basque Country photo-calla kasu, jazz-izarrek posatuko dutena, nazioartean duten ospearen bidez, Euskadi helmuga turistikoa bultzatzeko.

Argazkiak egingo zaizkie izar ezagunei eta horien gertukoei eta sare sozialetan eta komunikabide digitaletan argitaratuko dira.

Euskadi-Basque Country turismo-marka agertuko da promozio-euskarri guztietan: kartelak, plotterrak, sarrerak, eskuorriak.

Euskadi-Basque Country marka agertuko da hiru agertokietan. Eta turismo-markaren banner bana izango dute jaialdien webguneek, Eusko Jaurlaritzaren turismoko webgunerako esteka izango dutena: www.euskaditurismo.eus.

Gainera, helmugari buruzko sustapen-bideoak emango dira kontzertuen aurretik eta artean. Prentsa orokorrean iragarkiak txertatuko dira. Jazz Euskadi eskuorriak banatuko dira eta promozio-materiala (USBak, eskuorriak) bidaliko zaie Espainiako komunikabideei.

Webgunea: www.jazzeuskadi.com.

Hiru jazz-jaialdietarako estekak eta gure webgunerakoa (www.euskaditurismo.eus) eskaintzen ditu.

HERRIALDE-MAILAKO ESKAINTZA PUBLIKO ZORROTZENARENTZAKO

Getxo:

Getxo Jazzek 40. urteurrena du aurten. Lau hamarkada horietan generoko artista izentsuenak ekarri ditu, baina etorkizun handiko artistei ere leku eginez.

Uztailaren 1etik 5era bitartean egingo da Euskadiko jazz-sasoia abian jarriko duen jaialdia. Artista garrantzitsuak bildu ditu programazioan, tartean, Jorge Pardo flauta- eta saxofoi-jole ospetsua, musika-munduko piano-jole garrantzitsuenetako bat den Uri Caine berritzaile nekagaitza, Brasileko musika tradizionala bestelako soinuekin uztartzearen aitzindari nagusietako bat den Hermeto Pascoal eta Esperanza Spalding, egungoen artean etorkizun oparoena izan dezakeen kontrabaxu-jolea.

Horiez gain, Taldeen Lehiaketaren finalera iritsi diren lau taldeak ere arituko dira, Europako gazte-jazzaren erakusle gisa. Dirua eta disko bat grabatzea, hori izango da irabazlearen saria. Bestalde, Hirugarren Milurtekoa saileko kontzertuetan, Laurent Coulondre Trio, Ainara Ortega «Scat», Kiko Berenguer Quartet, Gonzalo del Val Trio eta Getxoko Andrés Isasi Musika Eskolako jazz-ensemblea igoko dira oholtzara. Azkenik, lehen aldiz, familia osoarentzako bi kontzertu eskainiko dira, Play'N'Kids eta Dixie Rue del Percebe taldeekin.

Jam-saioekin eta Javier de la Torre bizkaitarraren mosaikoekin osatuko da egitaraua.

Informazio gehiago: www.getxo.eus

Gasteiz:

Gasteizko Jazzaldiaren berrogeigarren edizioa izango da aurtengoa, kontzertu handiak eta esklusiboak antolatzeko filosofiari irmo eusten jarraituko duena. Iñaki Añua presidenteak aurreratutakoaren arabera, mundu osoan esklusiban, Kenny Barron eta Dave Holland eta, Europan esklusiban, Gospel Victory Singers arituko dira Mendizorrotza kiroldegian, baita Taj Mahal, Pat Metheny eta Ron Carter mitikoak eta Jamie Cullum zein Joshua Redman izar handiak ere.

Gasteizko Jazzaldiaren 40. edizioa uztailaren 12an hasiko da, asteartea, Pablo M. Caminero kontrabaxu-jole gasteiztarraren eta Chris Cheek saxo-jolearen arteko Konexioa kontzertuarekin, XXI. mendeko Jazza sailean. Jaialdiko hitzordu nagusia orain gutxi Grammy sari bat jasotako Cécile McLorin Salvant abeslariaren emanaldia izango da. Espainian aurrenekoz Gasteizen aritu zen orain hiru urte. Añuak harro azaldu du The Guardian britainiar egunkari prestigiotsuak Gasteizko Jazzaldia aukeratu duela Europako hamar jazz-jaialdi onenen artean.

Informazio gehiago: www.jazzvitoria.com

51. Heineken Jazzaldia

51. Heineken Jazzaldiak izar handiz beteriko programazioa ondu du. Tartean dira Diana Krall, Gloria Gaynor, Ellis Marsalis, Branford Marsalis eta Kurt Elling, Brad Mehldau eta John Scofield eta Mark Guiliana, Jan Garbarek, Steve Coleman, Marc Ribot and The Young Philadelphians, Ibrahim Maalouf, Christian Scott, Cyrus Chestnut, Snarky Puppy, Jack DeJohnette, José James eta Steps Ahead.

Ohi bezala, Heineken Jazzaldiak dozena bat agertoki izango ditu Donostian zehar, mota guztietako entzuleek jazza eskura izateko. Laurogeita hamar kontzertu antolatu dira eta horietatik bi heren doakoak izango dira.

Heineken Jazzaldiak euskal jazz-musikarien aldeko apustuari eutsi dio eta aurten ere aukera izango dute beren proposamenak entzule gehiagok estimatzeko. Euskal musikariek parte hartzen duten hogeitik gora proiektu daude jaialdiaren egitarauan.

Gainera, Heineken Jazzaldia, Donostia 2016ko Europako Kultura Hiriburuarekin elkarlanean, 12 Points jaialdiaren anfitrioia izango da. Jaialdi hori Dublinen eta Europako beste hiri batean ospatzen da txandaka. 12 Points jaialdiak Europako jazz-arloko talentu gazteak ezagutzera emateko helburua du eta, ondorioz, Heineken Jazzaldiaren izaera berritzailearen osagarri da.

Informazio gehiago: www.heinekenjazzaldia.com

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Añua Director Festival de Jazz de Vitoria-Gasteizko Jazzaldia - Miguel Martín Director de Donostia Kultura - Iñaki Saitua Director del Jazzaldia de Getxo