Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2016/06/03)

2016.eko ekainak 03

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Joseba Egibar Artola Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, hazkunde-joera mantentzea eta hala Euskadin egungo hamarkadan enplegu-sorkuntza sendotzea lortzeko politika ekonomikoaren funtsezko giltzarriei buruz. 

Iñigo Urkullu lehendakariak berretsi du Euskadi atzeraldia gainditzen ari dela eta ekonomia zein industria «irmo hazten ari direla», enplegu-sorrerari eutsita. Horren erakusle dira atzo ezagutu ziren langabeziaren datuak; maiatzean, orain hiru urte baino 30.000 langabe gutxiago daude. Hala ere, lanean jarraitu behar dugu, 2020an krisi-aurreko egoerara itzuli ahal izateko.

Horretarako, gobernagarritasuna eta egonkortasuna sendotu behar dira, produkzio-ekonomia lagunduz. «Ahalegin partekatu horri esker eutsi ahal izango diegu zerbitzu publikoei, eta herrialdearen jasangarritasuna bermatuko dugu», ziurtatu du. 2014-2016 aldirako Enplegu eta Suspertze ekonomikorako planaren ebaluazioa aurkeztu du lehendakariak; gaur-gaurkoz, ekimenen % 96 gauzatu dira eta emaitzak espero baino % 10 hobeak dira. Hala, 912.000 afiliatu daude Gizarte Segurantzan; azken lau urtetako kopururik handiena.

Galdera, Oskar Matute García de Jalón EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, gure lurraldean errotzen ari diren pobrezia eta haustura soziala ekiditeko hartu beharreko neurriei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak berretsi duenez, EAEko prestazio-sistema «oso lagungarria» izan da krisi sakonaren aurrean, pobrezia-egoera larrienak areagotzea ekidinez. Euskadik gehiago inbertitzen du Hezkuntzan, Osasunean eta Gizarte-babesean krisiaren aurretik baino; gainerako autonomia-erkidegoek baino gehiago eta ia Europak bezainbeste. Hala ere, lehendakariaren iritzian, politika publikoak indartzea beharrezkoa da oraindik orain.

Urkulluk ziurtatu du horretan ari dela Eusko Jaurlaritza, «ahalegin bikoitza» egingo duela prestazioen sistemari eusteko, «gizarte-arrakala ez handitzeko elementu nagusia den aldetik», eta sistema horren kudeaketa hobetzeko, beharrean dauden guztiek eskuratu dezaten. «Egoera iraultzen ari gara, kohesioa bermatzen», gaineratu du lehendakariak. Gogora ekarri du Euskadi dela diru-sarrerak bermatzeko politikaren barnean enplegua sustatzeko sistema bat duen Europako herrialde gutxietako bat eta horrek aukera ematen duela soldata txikiak dituzten landunei babes handiagoa eskaintzeko.

Galdera, Nerea Llanos Gómez Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, EITBk Focus inkestarekin erabilitako bitarteko ugariei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu du inkesta sorta hori martxan jartzeko erabakia EITBrena dela eta horretarako irizpideen azalpenak dagoeneko eman dituela erakunde publikoak berak; alegia, hurbileko informazioa eskaintzea, gaurkotasun-gaiei erreparatzea eta gizarte-gaien gaineko herritarren iritzia ezagutzea. EITBrena izan da ekimena, halaber, boto-asmoaren gaineko inkesten kasuan, eta lehendakariak gogoratu du komunikabide «guztietan» egiten direla horrelakoak.

Lehendakariak gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak ez duela erabakimenik komunikabide horren informazio-zerbitzuetan eta, erakunde publikoak martxan jarritako ekimenen segimendua egiteko, EITB Focus honena kasu, Eusko Legebiltzarreko EITBren Segimendu eta Kontrolerako Batzordera jo behar dela.

Galdera, Natalia Rojo Solana Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Urkullu lehendakariak gazteei buruz egindako adierazpenen inguruan.

Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzak gazteen enpleguarekin konprometituta dagoela berretsi du eta Euskadin gazteentzako lan-aukerak sortzera bideratutako politika ekonomikoa bultzatzeko hartu diren neurriak defendatu ditu. Urkulluk aitortu du arazoa ez dela konpondu, baina gogora ekarri du EAEko ekonomia eta enplegua hazi egin direla.

Eusko Jaurlaritzak euskal gazteak laneratzearen alde hartutako konpromisoaren erakusle da honako datua: iaz, 16.000 gazteren enplegagarritasuna hobetu ahal izan zen heziketa dualaren, ekintzailetzarako babesaren, Lehen Aukera programaren eta lan-esperientziako beken bitartez. Gainera, EAEko enpresek jada jakinarazi dute aurten 25.000 pertsona kontratatu beharko dituztela, eta beste hainbeste datorren urtean.

Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskadin bilketa fiskala hondoratzeari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak politika ekonomiko eta aurrekontu-politika «zorrotz eta zuhurrari» eutsiko diola, eta azpimarratu du orain arte ezagutu diren diru-bilketaren datuetatik ezin daitekeela ondoriorik atera. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko erabakia hartu duela azaldu du, «lehentasuna emango diela aurrerantzean ere» EAEko gizarte-babesaren oinarriei; osasunari, hezkuntzari eta bazterkeriaren aurkako borrokari, «herritarrei eskainitako funtsezko zerbitzu publikoen kalitateari eusteko».

Urkullurentzat, Estatuko defizitari buruzko lehen lauhilekoko datuak gogoratzea komeni da, Euskadik aurrekontuen kudeaketa zorrotz bete duela egiaztatzen baitute. Eusko Jaurlaritzak eta erakunde publikoek jokabide horri eutsiko diotela berretsi du. «Egonkortasuna, jasangarritasuna, politika ekonomikoa eta herritarrei eskainitako zerbitzu publikoak bermatuko ditugu aurrerantzean ere; azken urteetan horrela jokatu dugu, eta gaur da eguna inbertsioan, kontsumoan, hazkundean eta enpleguan konfiantza handiagoa duguna», gaineratu du. Horren adibide, Euskadiko industria-produkzioaren indizea, gaur jakin denaren arabera, BPGren gainetik dagoena, lehen lauhilekoan % 3,5 hazi denez.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 03

    Comentario de Twitter:
    [BIDEOA] Kontrolerako osoko bilkura (2016/06/03). Legebiltzarkideek egin dituzten galderen/interpelazioen erantzunak➡https://t.co/6WlvhMswdB

  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 03

    Comentario de Twitter:
    [VÍDEO] Pleno de Control (03/06/2016). Respuestas a preguntas e interpelaciones de los grupos parlamentarios ➡ https://t.co/gDDWlzv2Yu

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)