Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Lehendakariak Gureak taldea bisitatu du

2016.eko ekainak 01
  • GUREAK desgaitasuna duten pertsonei garapen pertsonalerako eta profesionalerako laguntza eskaintzen die, horien gaitasunak eta enplegagarritasuna sendotzeko. Gaur egun, 5.000 kide ditu, lau esparrutan lan egiten dutenak. 
  • Lehendakariak iragarri du programa bat jarriko dela abian, GUREAKen trebatzen diren eta lan egiten duten pertsonek errekonozimendu akademikoa lortu ahal izateko.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Cristina Uriarte eta Ángel Toña sailburuak lagun zituela, gaur goizean bisitatu du GUREAKen Donostiako egoitza.

Lehendakariak bertatik bertara ezagutu du EAEko enpresa-talde horren funtzionamendua, desgaitasuna duten pertsonen –nagusiki, desgaitasun intelektuala dutenen– lan-aukera egonkor eta egokituak kudeatzea xede duena.

Kontseiluko presidente Iñaki Alkortak eta zuzendari nagusi Iñigo Oyarzabalek harrera egin diote lehendakariari eta ondoren, taldearen lantoki nagusia bisitatu du. GUREAK Gipuzkoan dituen egoitzak bertatik koordinatzen dira, eta bertatik bidaltzen produktuak 20ren bat herrialdetara.

GUREAKen arduradun nagusiek berretsi dutenaren arabera, taldeak gaur egun 5.000 langiletik gora ditu. Horietatik % 37k desgaitasun intelektuala dute, % 24k desgaitasun fisikoa, % 15ek gaixotasun mentala eta % 7k desgaitasun sentsoriala. % 16 besterik ez dira desgaitasunik gabeko langileak. Hau da, langileen % 84k desgaitasunen bat du. Lantalde horri esker, gizarte-errentagarritasunean eta kudeaketa-eraginkortasunean emaitza bikainak lortu dira, merkatuan lehiakorra den jarduera sustatzeaz gain.

Bisitaldian, lehendakariak eta sailburuek Donostiako lantokiko jarduerak eta horien funtzionamendua ezagutu dute. Lantoki horrek hartzen ditu taldeak eskaintzen dituen lau zerbitzu-lerroak: Industriala, Zerbitzuak, Marketinga eta Itinerary.

Lehendakariak eta Uriarte zein Toña sailburuek bertatik bertara ezagutu dituzte muntaia-lerroko langileetako batzuen iritziak eta kezkak eta langile bakoitzaren beharretara egokitutako lan-sistemaren nondik norakoak.

Bisitaldiaren ondoren, lehendakariak GUREAK egiten duen lanaren garrantzia nabarmendu du, gizartearekin konpromisoa hartutako enpresa-taldea denez. Eta, horren bitartez, desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzea eta laneratzea sustatzen duelako.

Lehendakariak azpimarratu duenez, «GUREAK eredugarria da langileen kudeaketan eta integrazioan. GUREAKek erakutsi du lehiakorra dela. Ibilbideak eta konpromisoak agerian utzi dute gizarteko kide guztiak garela beharrezkoak eta egiazko garapena inor atzean ez geratzea dela».

Aitortza akademikoa

Bestalde, lehendakariak GUREAK bisitatu duela baliatu du enpresa-taldea eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren bidez, lanean ari diren ekimen baten berri emateko.

Programa horren helburuak gizarte-kohesioa eta pertsonen garapen integratzailea dira. Sistema malgu bat ezarrita, langileek ezagutzak handitzeko aukera izango dute, prestakuntza-proposamen berezien bitartez; hau da, kolektiboko kideen ezaugarrien araberako proposamen bitartez. Gainera, urtetan metatutako lan-esperientzia balioesteko bideak bilatuko dira, bai aitortza emateko, bai, ezagutza horretan oinarrituta, prestakuntza osoagoa lortzen laguntzeko. Ekimena gizarteratzea xede duten EAEko enpresa gehiagotara hedatzea da asmoa.

Lehendakariaren iritzian, «berrikuntzari loturiko hazkunde adimentsuaz eta ekonomiari nahiz ingurumenari loturiko hazkunde jasangarriaz gain, hazkunde integratzailea bultzatu behar da, gizarte-kohesioa sendotzeko ekintzak sustatuta».

Azpimarratu duenez, «jarduera berezi gehiago jarri behar dira abian, zailtasun gehiago dituztenez laguntza handiagoa behar dezaketen pertsonei garapen pertsonalean eta profesionalean laguntzeko. Beren ahalegina aitortzea dagokigu, baina baita gehiago lortzera bultzatzea ere; prestakuntza handitzeko aukerak ezagutarazi behar dizkiegu, hezkuntza-sisteman modu hurbilagoan eta pertsonalizatuan integratzea erraztuz.

Horretarako, heziketa-ziklo batzuk eta horien edukiak egokituko ditugu, dagoeneko profesionaltasun-ziurtagiriekin egin dugun legez, pertsona guztiek izan dezaten aukera, nork bere neurrian, ahalik eta garapen-maila handiena lortzeko. Eta esperientzia berri hori gauzatzeko, oso garrantzitsua da GUREAKen eskarmentua». 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gureakitinerary
    2016.eko ekainak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @gananzia: El lehendakari visita el grupo Gureak https://t.co/Hddwq1ie4k

  • @gananzia
    2016.eko ekainak 02

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari visita el grupo Gureak https://t.co/Hddwq1ie4k

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)