Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Legebiltzarrak Euskadiko administrazio orokorraren eta erakundeen zerbitzu jurdikoak berrantolatzen dituen legea onartu du

2016.eko ekainak 02
  • Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko Legeak Zerbitzu Juridiko Nagusiaren eta euskal sektore publikoko sailen eta erakundeen aholkularitza juridikoen funtzioak, antolamendua eta egitura arautzen ditu.

Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko Legea onartu du gaur. Arau berri horrek duela ia 30 urtekoa den legedia ordeztuko du. Eusko Jaurlaritzak ziurtatzen duenez, Euskadirentzako zerbitzu juridikoen eredu propio eta bereizia definitzen da lege horren bidez.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Instituzionaleko zerbitzu juridikoak araupetzen eta berrantolatzen ditu gaur onartutako legeak, hain zuzen, zerbitzuon zeregin bikoitzari helduz: barne-aholkularitza juridikoa ematekoa (kontsulta-funtzioa) eta epaiketetan babesa ematekoa (auzi-funtzioa). Horrela, honako hauei eragingo die: 

  • Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiari: gaur egun, 32 letraduk eta laguntzaileek osatzen dute. Administrazioaren zerbitzu juridiko guztien artean, prestakuntza maila handienekoa da eta gaur egungo Herri Administrazio eta Justizia Sailaren baitakoa da.
  • Eusko Jaurlaritzako sailen edota euskal sektore publikoko beste erakunde, entitate nahiz enpresen aholkularitza juridikoak: 210 aholkulari juridikok osatzen dute zerbitzu hori gaur egun. Organook honako zeregin hauek egiten dituzte: zuzenbide-arloko aholkuak eman, aginduzko txosten juridikoak egin, irizpenak eman, ebazpen-proposamenak egin, hitzarmenak idatzi, erreklamazioak egin, ofiziozko berrikusketak, administrazio-espedienteak eta gobernu-kontseiluarenak, etab.

Legeak finkatzen duenez, Zerbitzu Juridiko Nagusia zuzendaritza-zentro nagusia da, eta letraduaren funtzioak egiteko eskumena du. Beraz, aholkularitza-funtzioa betetzeko ez ezik, epaiketetan Jaurlaritzaren interesak nahiz bertan lan egiten duten langileenak defendatzeko ere gaituta dago zerbitzu juridiko hau.

Zerbitzuari dagokionez, testuak honako berritasun nagusi hau txertatzen du: «Letradu espezialitatea» sortzea, dekretu bidez, funtzionarioen kidegoaren barruan. Hala, prestakuntza-maila handiko zerbitzu horren jarraitutasuna bermatu nahi du Jaurlaritzak, bai eta zerbitzuaren baitako belaunaldi-txandakatzea ere. Letradu espezialitatean, aholkulari juridiko gisa eskarmentu eta prestakuntza handiena akreditatu dezaketen funtzionarioak sartuko dira –lege barruan jasota dagoenez, behin-behineko langile gisa denbora luzea daramatenei ere kontuan hartuko zaie esperientzia–. Eusko Jaurlaritzako letradu gisa arituko den pertsonala gaituta dago epaiketetan Euskal Administrazio Publikoa defendatzeko, jurisdikzio-instantzia guztietan, Konstituzio Auzitegia eta nazioz gaindiko nahiz nazioarteko organoak barne, bai eta arbitraje-prozeduretan eta prozedura parajudizialetan ere.

Zerbitzu Juridiko Nagusiak laguntza juridikoa ematen dio bai Euskal Administrazio Publikoari eta bai sorrera-legean hala xedatzen duen erakunde publiko guztiei ere. Legea honekin, gainera, beste euskal erakunde publiko eta ente batzuek –betiere, euskal sektore publikokoak edo partaidetuak baldin badira– elkarlan- eta lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte, Zerbitzu Juridiko Nagusiak laguntza eman diezaien. Horrela, orain arte epaiketetako defentsa bulego pribatuei kontratatzen zieten euskal erakunde publikoek eta sektore publikoko entitateek ere zerbitzu publiko hau erabili ahal izango dute. Aukera horrek baliabide publikoei errentagarritasun handiagoa ateratzea, eta hala, irtenbide eraginkorragoak bilatzea, ekarriko du. 

Lege honetan auzi-funtzioaren berezko alderdiak Estatuko abokatutzak edo bulego pribatuek egiten duten modu berean arautzen dira, lehenengo aldiz, ordezkaritzari edo postulazioari, epaiketa-kostei, ekintzen gauzatzeari, kereilak jartzeari, eta abarri dagokienez.

Epaiketa baten defentsan nolabaiteko interes-kontraposizio egoera gertatuko balitz, Zerbitzu Juridiko Nagusiak erakunde publiko edo partaidetuari defentsa ukatu beharko dio epaiketan. Adibidez, erakunde publiko edo partaidetu bat euskal administrazio publikoaren beraren aurka auzitan badabil.  Era berean, legeak ezartzen du Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak ezingo dituela ordezkatu ez Jaurlaritzaren agintariak edota langileak, ez sektore publikoko beste erakundeetakoak, baldin eta euskal administrazio publikoarekin berarekin gertatzen bada interes-gatazka.

Lege honetan, erregelamendu bidez Koordinazio Juridikoko Batzordea eratzea aurreikusten da. Organo berri bat izango da, kide anitzekoa eta espezializatua, eta Zerbitzu Juridiko Nagusiko letraduez gain, sail eta erakunde instituzionaletako aholkularitza juridikoetako abokatuak ere ordezkatuta egongo dira. Haren helburuak arlo juridikoko jardueren koordinazioa estutzea, elkarri aholkuak ematea, ebazpenei eta prozesu judizialen ondorioei buruzko informazioa partekatzea, jarduera-irizpideak finkatzea... dira.

Gainera, organo eskudunek epaiak gauzatzen dituztenean, Zerbitzu Juridiko Nagusiari jakinarazi beharko diote, interes publikoak defendatu eta babestu ditzan. Halaber, bai Eusko Jaurlaritzari bai euskal administrazio publiko osoko sailei aholkuak emango dizkie eta defendatuko ditu, haiekin etengabe harremanetan egonda.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @LuisOrtega_es
    2016.eko ekainak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Legebiltzarrak administrazio orokorraren eta erakundeen zerbitzu jurdikoak berrantolatzen dituen legea onartu du ➡ https://t.c

  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 02

    Comentario de Twitter:
    Legebiltzarrak administrazio orokorraren eta erakundeen zerbitzu jurdikoak berrantolatzen dituen legea onartu du ➡ https://t.co/jABrOsgKUV

  • @Gob_eus
    2016.eko ekainak 02

    Comentario de Twitter:
    El Parlamento aprueba la ley que reorganiza los servicios jurídicos de la administración general e institucional ➡ https://t.co/vCy1hhJKil

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)