Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Gobernu Kontseiluak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu du Aralar (Gobernu Bilera 2016-05-31)

2016.eko maiatzak 31

Gobernu Kontseiluak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu du Gipuzkoako Aralar (ES2120011). Natura 2000 Sarearen barnean, Europako Batzordeak zehaztutako eskualde biogeografiko atlantikoko Batasunaren Garrantzizko Leku gisa izendatutako eremu bera da. Erabaki horren bitartez, Batasunaren zuzentarauan ezarritako Kontserbazio Bereziko Eremuko natura-habitat motak eta Batasunaren intereseko fauna eta flora basa-espezieak iraunaraztea bermatuko da.

Halaber, basa-hegaztien eta erregulartasunez heltzen diren hegazti migratzaileen biziraupena eta ugalketa ziurtatuta dago eremuak barne hartutako azaleran, Europako biodibertsitatearen mesedetan.

Aralarko natura-parkearen eremuarekin bat datorren izen bereko Kontserbazio Bereziko Eremuan aplikatzeko kontserbazio-neurriei esker, espazio hori bi aldiz da Naturagune Babestu: batetik, natura-parkea delako, eta bestetik, Natura 2000 Sarearen barneko Kontserbazio Bereziko Eremu delako.

Aralarren Batasunaren intereseko gutxienez 18 habitat mota egiaztatu dira, horietatik bost lehentasunezkoak, tartean, harkaiztegiak, basoak, bazkaleku eta larre luze-zabalak eta hezegune bakanen bat. Horiek guztiek fauna-balio handiko habitaten multzoa osatzen dute.

Gutxienez, bi flora-espezie, 13 fauna-espezie eta intereseko 6 espezie hartzen ditu eremu horrek. Aralarren, halaber, 19 hegazti-espezie hauteman dira, tartean, Euskadiko zenbait mendi-sisteman besterik topa ezin daitezkeen mendi garaiko espezie berezkoak; hala, inguruneak babesleku biogeografiko gisa duen balioaren berri ematen dute, bai eta Kantaurialdeko eta Pirinioetako mendiak lotzeko ardatz gisa eta hango berezko espezieentzako sakabanatze-gune gisa duenaren berri ere. Kasu horixe da, esaterako, elur-lursaguarena, ugatzarena, gailurretako uhandrearena, okil beltzarena, mendi-tuntunarena eta belatxinga mokohoriarena.

Eusko Jaurlaritzak 1994an onartu zuen Aralarko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana, Aralarko Natura Parkearen baliabide naturalak planifikatzeko eta kudeatzeko. Aralar Euskadiko Autonomia Erkidegoko mendialde garrantzitsuenetakoa da.

Mendiguneko nukleoak –bazkalekuek osatua gehienbat–, 1.200 metrotik gorako garaiera du eta hedadura handia. Aralar barneko paisaiari dagokionez, egitura karstikoek eta mendiguneko paisaien berezko elementuek ezaugarritzen dute: baso handiak, larre zabalak, mendi eta larre harritarrak, gailurrak, harkaizti eta amildegiak, erreka eta iturriak eta geologia-alderdi apartekoak».

Erdialdera eta ekialdera (alde garaienean), larreak dira nagusi eta ez da apenas basorik. Hegoaldean, berriz, pagadi zabalak eta interes fitogeografiko nabarmeneko Kantauriko artadiak.

Aralarreko lurzoruak bi ekoizpen-erabilera nagusi ditu. Batetik, abeltzaintza, nagusiki ardi latxarena; horren lekuko, mendizerran barreiatutako bordak eta saroiak. Azienda handiagoak ere bazkatzen dira, nagusiki zaldiak, baina baita behiak ere. Bazkatzeko larreak eremu garai guztian zehar hedatzen dira eta azalera osoaren herena hartzen dute gutxienez.

Bestalde, baso-ustiapenak ertzetan aurki daitezke gehien bat: hegoaldeko zerrendan, ipar-bazterretan eta domo-inguruan. Azken eremu horretan, hedadura handia hartzen dute konifera-sailek (pinu zuria, larizioa, Douglas izeia eta radiata pinua). Inguru horretan daude, Aiako herrigunetik gertu, eremuko baserri gutxiak. Gainerakoan, baso klimazikoak dira nagusi. Aralarreko baso handiena pagadiek eratzen dute. Oro har, egitura gazteak dira, ez oso anitzak, eta oso bakunak, jasan duten ustiapen-eredua dela eta. Kantauriko artadiak egitura zaharrak dira –baita helduak ere–: baso-birsorkuntza eskasa izan dute, eta zuhaiztiaren parte handi bat anduietik dator.

Aralarreko zenbait balio natural mendialde horretan mendeetan gauzatu den artzaintza-jarduerari lotuta daude. Hortaz, betiko ustiapen-sistemak bertan behera uztea arriskuak dakartza ingurunea kontserbatzeari dagokionez.

Mendiari lotutako aisialdiko erabilera oso garrantzitsua da eta tradizio handikoa.  Aralar barrualdean, hainbat urtegi eta ur-hargune daude. Inguruko hiriguneetara eramaten dute dituzte urak. Izan ere, eremu garrantzitsua da ur-geruzak berriz betetzeko, eta edateko ura darama hainbat udalerritara. Beraz, hango uraren kalitatea iraunaraztea kontu garrantzitsua da. 

Aralar   Lekuaren kodea (KBE)    ES2120011

Zentroaren koordenatuak 2º 6’ 41’’ W

42º 59’ 44” N

Azalera (ha)  10.962 ha

Perimetroa (m)         72,6 km

Altuera beherena (m)         170 m

Altuera gorena (m)  1.400 m

Batez besteko altuera (m)  793 m

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko