Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Gobernu Kontseiluak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu du Aizkorri-Aratz (Gobernu Bilera 2016-05-31)

2016.eko maiatzak 31

Gobernu Kontseiluak Natura 2000 Sarearen barneko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu du Araban eta Gipuzkoan zati bana duen Aizkorri-Aratz. Europako Batzordeak zehaztutako eskualde biogeografiko atlantikoko Batasunaren Garrantzizko Leku gisa izendatutako eremu bera da.

Kontserbazio Bereziko Eremu izendatuta, habitat naturalak eta Batasunaren intereseko fauna eta floraren espezie basatien kontserbazio-egoera ona iraunaraztea edo berreskuratzea bermatuko du. Horri esker, basoko hegazti eta espezie migratzaileek bizirauteko eta ugaltzeko bermea izango dute, Europako biodibertsitatearen kontserbazioaren barruan.

Gobernu Kontseiluaren lehenagoko akordioetan 6 Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatu dira, eta 52 leku proposatu Europar Batasunaren Intereseko Leku izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten Batasunaren Garrantzizko Lekuen (BGL) zerrenda: Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da Euskal Autonomia Erkidegoa, tartean, Aizkorri-Aratz (ES2120002).

Dekretuaren helburua da Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea Aizkorri-Aratz. Kontserbazio Bereziko Eremuaren izendapen horrekin batera, dagozkion kontserbazio-neurriak ere onartu eta mugak zehaztu behar dira, eta Eusko Jaurlaritzak du horretarako eskumena. Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek aldi berean tramitatu duten Natura-parkearen gaineko Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana EKAPA bidali eta gero, Eusko Jaurlaritzak Plan horren araugintzako zatia onartuko du eta dokumentu guztia EHAAn argitaratzeko agindua emango du.

Aizkorri-Aratzen Batasunaren intereseko gutxienez 24 habitat mota egiaztatu dira, horietatik bost lehentasunezkoak. Gainera, Habitat zuzentarauan jasotako gutxienez bi flora-espezie eta hamaika fauna-espezie hartzen ditu, baita beste sei ere, eta aipatzekoa da gutxienez 20 hegazti-espezie daudela bertan. Aizkorri-Aratzeko kasuistika berezi hori dela-eta, komeni da dekretu-proiektu bat berariaz lantzea, mendi-eremu horretarako.

Mendia

Aizkorri-Aratz Euskal Autonomia Erkidegoko mendi eremu nagusietako bat da. Nabarmentzekoa da Aratz eta Aloña mendien artean dagoen hormatzar malkartsua, bertan EAEko garaiera handienak baitaude. Karst moldeko agerpen asko eta askotarikoak ditu, eta azalera zabalak daude bertako basoetan eta larreetan. Eremu honetako karst jatorriak orografia malkartsua osatu du, eta badira haitzebaki nahiz kobazulo asko, bai eta paisaiari nahiz naturari begira balio handia duten mendi-hegalak ere.

Inguru higroturboso batzuetan, aintzat hartzeko moduko flora hazten da, oso bakana; adibidez, Arbaraingo esfagnal-zohikaztegian. Bere osoan, Aizkorri-Aratzen flora espezie mehatxatu asko hazten dira, habitatak askotarikoak baitira. Hona hemen: Narcissus asturiensis, Narcissus varduliensis, Carex hostiana, Hugueninia tanacetifolia, Lathyrus vivantii, Silene ciliata, Sorbus hybrida eta Viola biflora, besteak beste.

Abeltzaintza estentsiboa, zura ateratzea eta naturako turismoa dira naturguneko jarduera ekonomikorik bereizgarrienak; era berean, EAEko eremurik garrantzitsuenetakoa da ardi latxa larratzeko, eta harekin batera, behi-azienda eta zaldi-azienda ere bazkatzen dira. Artzaintza erabilerak oso natur eta gizarte balio handiko paisaia gizatartua sorrarazi du, eta ugariak dira bordak edo saroiak.  Zelai eta larreak, eta txilardiak, abeltzaintzari esker mantendu egin dira, hain zuzen abeltzaintzak eragotzi egiten duelako landare-formazio horiek dagokien landaretza-seriearen etapa helduagoetarantz bilaka daitezen. Erabilera publikoa handia da, batez ere Gipuzkoako eta Arabako jende askok txangoak egiten dituelako.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko