Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
qrcode

Gobernu Kontseiluak kontserbazio bereziko eremu izendatu du Arreo-Caicedo Yusoko Lakua, eta Biotopo babestu Añanako Diapiroa, biak Natura 2000 Sarearen barnean (Gobernu Bilera 2016-05-31)

2016-05-31

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du dekretua, Arabako lurralde historikoan kokatutako eta Natura 2000 Sarearen barneko Arreo-Caicedo Yusoko Lakua Kontserbazio Bereziko Eremu eta Añanako Diapiroa Biotopo Babestu izendatzekoa. Kontserbazio bereziko eremu berriaren mugak zehazten ditu Mediterraneoko eskualde biogeografikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrendak, eta handitu egingo dira Europako Batzordeak onartu ondoren.

Gobernu Kontseiluaren lehenagoko akordioetan 6 Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatu dira, eta 52 leku proposatu Europar Batasunaren Intereseko Leku izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda: Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da Euskal Autonomia Erkidegoa, tartean, Arreo-Caicedo Yusoko lakua (ES2110007), zehazki, eskualde biogeografiko mediterraneoan.

Bestalde, Natura Baliabideak Antolatzeko Plana idatzi eta onartzeko prozedura jarri zen abian Añanako diapiroan, Arreo-Caicedo Yusoko lakua barne hartuta, babestu beharrekoak bitarteko horren beharrean zirelako.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik azaldu duenez, «dekretuan jasotako izendapen bikoitza dela medio, eremu horren zati batek izendapen bikoitza izango du, Naturagune Babestu den aldetik; batetik, Biotopo Babestu, eta bestetik, Kontserbazio Bereziko Eremu izango da, Natura 2000 Sarearen barnekoa».  Eremu horren gaineko plangintza-mekanismoak koordinatu behar dira, eta dokumentu bakarrean bildu, kategorian kategoriako araubide aplikagarrien arteko koherentzia bermatzeko.

Espezieak

Arreo-Caicedo Yusoko Lakuaren Kontserbazio Bereziko Eremuan, Habitaten Zuzentarauan jasotako Batasunaren intereseko 11 habitat mota dago gutxienez, horietatik 4 lehentasunezkoak. Zuzentarauan jasotako gutxienez 2 fauna-espezieren bizilekua da. Gainera, gutxienez 12 hegazti-espezieren bizilekua da, eta migratzaile askoren igarobide ohikoa. Espezie Mehatxatuen EAEko katalogoari dagokionez, galzorian dauden gutxienez 2 flora-espezie daude, beste 2 kaltebera eta 3 bakan.

Eremu horrek Biotopo Babestu izateko baldintzak betetzen ditu; singulartasun, bakantasun, edertasun eta interes zientifiko nabarmeneko paisaiak, ekosistemak, interesgune geologikoak, formazio geomorfologikoak eta elementu biologikoak daude. Landare-komunitate bakanak hartzen ditu, oso mehatxatuta eta barnealdeko habitat halofiloei eta zohikaztegiei lotuta daudenak. Lagin batzuk kontserbazio-egoera onean daude eta flora-espezie mehatxatuak hartzen dituzte. Bestalde, kultura-balioak ditu, Añanako gatz-harana kasu, parekorik ez duena EAEn ez Europan.

Añanako diapiroa eratu du Keuperreko diapiroaren egitura geologiko bereziaren lurrazaleratzeak. Ikuspegi hidrogeologikoaren arabera, akuifero konplexua da, portaera hidrogeologiko desberdineko materialak nahasten direna, eta emari hipergaziak eta gazitasun gutxiagokoak daudena, abiadura, sakonera eta igaro-denbora desberdinekoak. Ingurune kaltebera da, eta aldaketa batek ondorio atzeraezinak izango lituzke Arreoko iturburuen eta lakuen fluxu-eskeman.

Biotopo Babestuan Añanako gatz-harana aipatu behar da, garrantzi handiko hezegunea ekologiaren, kulturaren, paisaiaren eta historiaren arloetan. Gatz-ustiategi tradizionala dago, larrain bidezkoa, eta singulartasun handiko ornogabeen eta flora-espezie halofiloen bizilekua da. Biotopo Babestuan Batasunaren intereseko 14 habitat daude, eta hezeguneei loturikoak, albizti eta sastrakadi mediterraneoak, hariztiak eta horietako flora zein fauna nabarmendu behar dira. Azpimarratu beharrekoak dira, halaber, katalogatutako flora eta fauna, batez ere espezie halofiloak eta mikrobio-geruzak.

Arreo-Caicedo Yusoko lakuko eta Añanako gatz-haraneko hezeguneen singulartasun hori dela medio, Ramsar Hitzarmenaren arabera, nazioartearen garrantzizko hezegune izendapena jaso zuten eta Euskadiko Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialaren Hezegune Babestuen Inbentarioan jasota geratu dira.

Azalerari dagokionez, Arreo-Caicedo Yusoko Lakuaren Kontserbazio Bereziko Eremua Arreo-Caicedo Yusoko Lakuaren Batasunaren Garrantzizko Leku izendatutako eremua baino handiagoa da, gehienbat titulartasun publikoko lursailez osaturiko gerrikoa barne hartzen duelako, tartean, lakuko errekastoan gora kokatutako interes handiko landare multzoak (lezkadiak, zohikaztegiak eta albiztiak), Batasunaren interes handiko habitatak barne. Bestalde, eskala eta katastroa ere doitu dira.

Añanako diapiroaren Biotopo Babestuari dagokionez, mugak doitu egin dira katastroaren eta ingurunearen elementuen eta erabileren arabera. Hala, Kontserbazio Bereziko Eremuaren hego-mendebaldeko mugara arte handitu da, lehen barne hartzen zituen lau herriguneak (Arreo, Biloria, Padul eta Gesaltza Añana) kanpo utzita.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko