Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak profesionalei zuzendutako txertoei buruzko eskuliburu berria argitaratu du, euskadin segurtasuna areagotzeko helburuarekin

2016.eko ekainak 01

Osasuneko sailburu Jon Darpónek, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Miren Dorronsoro doktorea eta Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariko presidente Itziar Astigarraga doktorea lagun zituela, gaur goizean aurkeztu du Donostian txertoei buruzko eskuliburu berria, txertoen arloko berritasunak eta gomendioak jaso eta gaurkotu dituena eta osasun publiko nahiz pribatuko osasun-langileek kontsulta- eta laguntza-baliabide gisa erabili ahal izango dutena.

Eskuliburua ondu dute Osasun Saileko, Osakidetzako eta Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariko adituek eta lehen aldiz, heldu osasuntsuen txerto-egutegia barne hartzen du, baita haurdunentzako eta arrisku-taldeetan dauden haurrentzako nahiz helduentzako gomendio espezifikoak ere. Era berean, txertoen gaineko oharrei buruzko kapitulu bat du, atzerrira bidaiatzean arriskuak saihesteko.

Osasuneko sailburuak azaldu duenez, bertsio berriaren helburu lehenetsietako bat da «pertsonen segurtasuna babestea, txertaketan gerta daitezkeen akatsak ahal beste gutxituta, eta jarritako txertoen eraginkortasuna areagotzea».                                                                                                                        

Infekzio-gaixotasunen aurka egindako aurrerapenak, agertu diren txerto berriak eta txertaketa-programen etengabeko egokitzapenak kontuan hartuta, ezinbestekoa zen eguneratutako txertoen eskuliburua ondu eta argitaratzea. Funtsean, kontsulta-liburu praktikoa da, era funtzional eta ikusizkoan azaltzen dituena txerto bakoitzari dagozkion prozedurak –erabilera, manipulazioa eta txertoa ematea–, txertaketa-jarraibide egokiak, kontserbazioa eta hotz-katea eta txertoen erregistroa.

Osasuneko sailburuak aurkezpenean gogorarazi duenez, «txertoak osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko lagungarriak direla ukaezina da». Gainera, azpimarratu du beharrezkoa dela gizarteak ulertzea txertaketa-programak funtsezkoak direla osasun publikoarentzat; izan ere, «txertoak behar bezala eman badira, pertsonak babestuta gaude larriak izan daitezkeen gaixotasun batzuen aurrean, eta estaldura handia bada, gizarte osoa egongo da babestuta».Azken batean, «esku artean ditugunen artean, –esan du– neurri eraginkor eta onuragarrienetako bat dira txertaketa-programak».

Haurrentzako nahiz helduentzako Euskadiko txertaketa-programak aldian behin berrikusten eta egokitzen dira, infekzio-gaixotasunen portaera-aldaketen eraginez. Etengabe eguneratzeari esker, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak EAEko haurren txertaketa-egutegia egokitu du hainbat aldiz, betiere Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariaren gomendioei jarraikiz. Era berean, egokitzapen horiek direla medio, helduentzako txertoak sartu dira programetan; hau da, Euskadik bizitzako etapa guztietan eskaintzen du txerto bidezko prebentzioa.

Halaber, Jon Darpónek azken 5 urteetan Euskadin gauzatu diren programen gaineko datuak eman ditu: 3,9 milioi txerto-dosi eman dira; urtean 775.000 inguru. Datu ekonomikoei dagokienez, aurtengo aurrekontua 10,8 milioi eurokoa izango da.

Txertoen Eskuliburua 2016

Argitaratu berri den eskuliburuak aurreko edizioek baino alderdi gehiago hartu ditu kontuan, eta agertu diren txertoen eta horien aurkezpenen berri ematen du, tartean, txerto konbinatuak (bostekoak edo seikoak), giza papilomaren txertoa, pneumokoko konjugatua edo barizelaren txertoa.

Gainera, lehen aldiz, helduen txerto-egutegia barne hartu du bizitzan zeharreko txertaketa sendotuz. Helduen egutegiak haurtzaroan gomendatutako txertoen oroitzapeneko eta jarraipeneko txertoak zehazten ditu, txertoen eraginkortasuna iraunarazteko. Haurdunentzako gomendio espezifikoak ere jaso ditu, baita arrisku-taldetan dauden haurrei eta helduei buruzko kapituluak ere.

Eskuliburua laguntza- eta kontsulta-tresna gisa erabili ahal izango da euskal osasun-sistemako eguneroko lanetan, txertoen esparruan.

Eskuliburuaren 1.500 ale argitaratu dira, Osakidetzako txerto-zentroetan banatzeko, baita txertaketako arrisku-taldeekin zerikusia duten ospitaletako zerbitzuetan ere. Gainera, kotsultagai egongo da Osasun Sailaren eta Osakidetzaren webgunean, eta deskargatu ere egin ahal izango da. Horrenbestez, etengabe aldatu eta eguneratu ahal izango da.

Haurren txerto-egutegiari buruzko informazio-eskuorriak

Aurkezpenean, halaber, haurren txerto-egutegian gomendatutako txertoei buruzko informazio-eskuorriak eman dira ezagutzera, seme-alabak txertoa ematera eramaten dituzten gurasoei zuzenduta daudenak.

Eskuorri horietan, modu zehatz, argi eta errazean azaltzen dira ematen diren txertoak, zein gaixotasunen aurrean babesten duten eta zein kontrako ondorio izan ditzaketen. Alderdi horiek guztiak berriak dira, lehen aldia denez mota horretako informazioa eskaintzen dena. Orotara, 11 eskuorri argitaratu dira, Osakidetzaren zentroetako pediatriako kontsultetan eta/edo erizaindegietan banatzeko.

txertoei buruzko eskuliburu

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @pediaguibel
    2016.eko ekainak 06

    Comentario de Twitter:
    El Departamento de Salud edita un nuevo manual de vacunaciones para profesionales con el objetivo de incrementar... https://t.co/4qVRHZqpon

  • @PepeKodes
    2016.eko ekainak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Presentado nuevo manual de vacunaciones para profesionales con el objetivo de incrementar la seguridad de pacientes➡ https://t

  • @osakidetzaEJGV
    2016.eko ekainak 01

    Comentario de Twitter:
    Txertoei buruzko eskuliburua argitaratu da profesionalentzako, pazienteen segurtasuna areagotzeko helburuarekin ➡ https://t.co/xYG91VuR82

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Itziar Aztigarraga , Gurutzetako Pediatria Zerbitzuko zuzendaria