Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkullu: «Ikasleei, familiei eta udal-arduradunei esker, euskadin kontsumo-ohiturak eraldatzeko eta gizarte justu eta jasangarriago bat eraikitzeko proposamenak sustatzen dira»

2016.eko maiatzak 31
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Lehendakariak eskola jasangarriak saritzeko 9. edizioko diplomak eman ditu, Uriarte eta Oregi sailburuekin batera
  • 114 udalerritako 449 ikastetxek hartu dute parte Eusko Jaurlaritzaren Eskolako Agenda 21 programan

Iñigo Urkullu lehendakariaren ustetan, «ikasleei, familiei eta udal-arduradunei esker, Euskadin kontsumo-ohiturak eraldatzeko eta gizarte justu eta jasangarriago bat eraikitzeko proposamenak eta konpromisoak sustatzen ari gara». Eusko Jaurlaritzaren Eskolako Agenda 21 programako eskola jasangarriak saritzeko ekitaldian izan da lehendakaria gaur goizean, Ana Oregi eta Cristina Uriarte sailburuekin batera.

Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroan (Urdaibain) egin den ekitaldian eskola jasangarriaren ziurtagiria jaso dute ikastetxeen, udalen eta ikasleen 92 ordezkarik. Agiri horiek jasangarritasunaren aldeko ibilbidea islatzen dute eskolako bizitzan, baliabideen kudeaketa eraginkorrean eta ekologikoan eta ikastetxeetako curriculumetan.

«IRAES sarean zaudeten eskola jasangarriak programa honen aitzindariak zarete. Izan ere, jasangarritasunaren alde egin duzuen apustua errealitate bat da; begien bistakoa da ingurunea eraldatzen duten hezkuntza-komunitate konprometituetan, ikastetxeetako kalitatearen hobekuntzan eta partaidetza-ereduetan» esan du Urkulluk.

Aste gutxi batzuetan amaituko den ikasturte honetan, 114 udalerritako 449 ikastetxek hartu dute parte Eusko Jaurlaritzaren Eskolako Agenda 21 programan. IRAES sareko kide egin diren ikastetxeak eta hurrengo urterako ziurtagiria berritu duten eskolak batuta, 92 ikastetxek dute eskola jasangarriaren ziurtagiria.

Iñigo Urkullu ikasleei zuzendu zitzaien: «Duela egun gutxi Euskadin egin zen Hiri eta Herri Jasangarrien Europako 8. Konferentzian ikusi da zuen lana; gazteek Europa jasangarri bat eraikitzeko konpromisoa eta etorkizunera begirako ikuspegia eskaini dituzte. Zuen konpromisoa agerian geratu zen ere Parisko Klimari buruzko goi-bileran. Zer egiten duzuen azaldu genuen, bai eta herrialde eta eskualde askorentzako eredu zaretela ere».

«Deia egin nahi dizuet, guztioi, herri honen jasangarritasunaren ardatza izan zaitezten, ikasi duzuen hori zuen egunerokotasunera eramanez. Beste herrialde batzuen eredu izango den Euskadi jasangarria eraikitzeko erronka lortzea zuen esku dago», esan du azkenik lehendakariak.

Ekitaldi berean izan dira ere Angélica San Martín, Bilboko Ingurugelako zuzendaria, eta Miren Agirrezkuenaga. Bost ikastetxe berri izan dira, Arabako bat, Bizkaiko bi eta Gipuzkoako beste bi. Ziurtagiria berritu duten eskoletako hiru Arabakoak ziren, hamar Bizkaikoak eta lau Gipuzkoakoak. Ekitaldian parte hartu duten udalak: Gasteiz, Artea, Bermeo, Bilbo, Elorrio, Ermua, Gueñes, Loiu, Santurtzi, Sopuerta, Donostia, Eibar, Eskoriatza eta Tolosa.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 31

    Comentario de Twitter:
    Lehendakariak eskola jasangarriak saritzeko 9. edizioko diplomak eman ditu, Uriarte eta Oregi sailburuekin batera ➡ https://t.co/LCW4S0ePx8

  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 31

    Comentario de Twitter:
    Reconocimiento a las Escuelas Sostenibles del programa Agenda 21 Escolar del Gobierno Vasco➡ https://t.co/hlLYKQzR53 https://t.co/KyDDy9Lq6d

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)