Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Ingurumen Kazetaritzaren II. Saria eman dio Jesús Méndez kazetariari, «Poliestireno» izeneko bere lanarengatik

2016.eko maiatzak 31
  • Akzesitak jaso dituzte Josefina Maestrek («Reserva natural extra»), Laura Chaparrok («Llegan las ecociudades»), eta Javier Fernándezek («Un sacrificio para reducir la huella humana sobre el agua»)
  • Urkullu lehendakaria: «Zorionez, ez gara ingurumenari jaramonik egin gabe bizi, eta premia dugu alerta-mezu bat bidaltzeko klima-aldaketaren, baliabideen eskasiaren edo biodibertsitatearen galeraren inguruan»

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Ingurumen Kazetaritzaren II. Saria eman dio Jesús Méndez kazetariari, 2015eko urtarrilaren 15ean El País egunkarian argitaratutako «Poliestireno: prohibido en Nueva York, permitido en España» artikuluarengatik. Era berean, akzesit bana eman zaie Josefina Maestre gasteiztarrari, 2015eko otsailaren 14an RNEn emandako «Reserva natural extra» irratsaioarengatik eta Laura Chaparrori, 2015eko ekainean Muy Interesante aldizkarian argitaratutako Llegan las ecociudades artikuluarengatik eta Javier Fernándezi, 2015eko maiatzaren 3an Deian argitaratutako «Un sacrificio para reducir la huella humana sobre el agua» artikuluarengatik.

Sariak emateko ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Ana Oregi sailburua, Urdaibaiko erreserban dagoen Madariaga dorretxean egindako gobernu-kontseiluaren ostean, eta Ingurumenaren Nazioarteko Egunarekin eta European Green Week Europako aste berdearekin batera.

Jesús Coterón, Euskal Kazetarien Elkarteko presidentea izan da epaimahaiko presidentea, eta lau epaimahaikideren laguntza izan du: Amaia Urkia, EITBko kazetaria; Caty Arévalo, EFE agentziako ingurumen-arloko kazetaria; Francisco Góngora, ingurumenean espezializatutako El Correo egunkariko kazetaria eta Euskadiko Ingurumen Kazetaritzaren lehen sariaren irabazlea (2015) eta Clara Navío, Ingurumen Informazioko Kazetarien Elkarteko (APIA) presidentea. Javier Agirre Ihobeko zuzendari nagusia izan da idazkari-lanetan. Elkarrekin aztertu dituzte aurkeztutako 9 hautagaitzak (prentsako zazpi artikulu, irratiko programa bat eta telebistako beste bat).

Iñigo Urkullu lehendakariak parte-hartzaile guztiak zoriondu ditu «gure inguruan dauden eta gure egunerokotasunean eta etorkizunean horrenbesteko garrantzia duten ingurumen-gaiak aztertzeagatik eta komunikatzeagatik eta horien inguruko kontzientzia sortzeagatik. Natura-ingurunea ezinbestekoa da ekonomiak funtzionatzeko eta enplegua sortzeko. Haren beharra dugu elikagaiak, energia, lehengaiak, aire garbia eta ura lortzeko. Gainera, ezagutza, osasuna eta aisia sortzen dira bertatik eta, nola ez, gure ondotik etorriko direnei utziko diegun legatuaren parte da».

«Zorionez, ez gara ingurumenari jaramonik egin gabe bizi, eta premia dugu alerta-mezu bat bidaltzeko aurre hartu beharreko arrisku eta erronkei buruz: klima-aldaketa, baliabideen eskasia edo biodibertsitatearen galera azkarra, besteak beste», esan du lehendakariak.

Bestalde, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak esan duenez, «herritarrek kazetariak behar dituzte, ingurumenaren inguruko informazioa zabaltzearen aldeko konpromisoa duten profesionalak, herritarrak ingurumen-balioen alde mobiliza ditzaten».

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AVP_EKE
    2016.eko ekainak 01

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco concede el II Premio de Periodismo Ambiental, al periodista Jesús Méndez, por su trabajo sobre... https://t.co/JgMuXsfeaQ

  • @jesusmendezzz
    2016.eko maiatzak 31

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: #MedioAmbiente II Premio de Periodismo Ambiental: concedido al periodista Jesús Méndez por su trabajo “Poliestireno”➡https://t.…

  • @laura_chaparro
    2016.eko maiatzak 31

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: #MedioAmbiente II Premio de Periodismo Ambiental: concedido al periodista Jesús Méndez por su trabajo “Poliestireno”➡https://t.…

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)