Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
qrcode

Antonio Aiz: «Europako garraioarentzako araudi homogeneo bat beharrezkoa da»

2016-05-28
  • Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuordea Gipuzkoako salgaien errepide-garraioaren sektoreko enpresarien elkartearen (Guitrans) batzar orokorrean izan da, Donostian

 

Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuorde Antonio Aizen iritziz, «errepide-garraioak araudi homogeneoa izan behar du Europar Batasuneko estatu guztietan. Bestela, garraiolariei kalte egiten dieten arazo eta distortsioek bere horretan jarraituko dute».

 

Aizek nabarmendu duenez, «portuek, aireportuek eta burdinbideek errepide-garraioa behar dute garraio-katearen parte izateko eta garraio-azpiegitura bezala duten funtzioari zentzua emateko. Izan ere, ez dago salgaien errepide-garraioarekin batera funtzionatzen duen aireko, itsasoko edo tren bidezko garraiorik».

 

Garraioaren sektoreak % 4,9ko balio erantsi gordina du Euskadin. Horrek 2.944,6 milioi euro eta 38.000 lanpostuko ekarpena egiten dio Euskadiko ekonomiari.

 

«Salgaiak azken erabiltzaileei banatzeko ibilbideek eboluzio bat izango dute eta tresnetan eta ibilgailuetan aurrerapen handiak egingo dira, teknologia berriei egokitzearekin batera. Hain zuzen, helburuetako bat da 2030ean hirietan errekuntza bidezko ibilgailurik ez ibiltzea; halere, garraiolari profesionala beti arduratuko da garraio-lan hori egiteaz», nabarmendu du Aizek.

 

«Europak benetan sinesten badu kontinentearen batasun ekonomikoan eta politikoan, Europako merkatua harmonizatu behar du. Onartezinak dira Europan benetako barne-merkatu lehiakor bat oztopatzeko estatuek egiten dituzten jarduerak. Dumping soziala eta lehia desleiala erabaki politikoekin baino ezin dira eten: Europa gehiagorekin, garraioaren merkatuaren harmonizatze sozial eta fiskala lortzera bideratutako erabakiekin eta betetzen diren araudiekin», esan du Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuordeak.

 

Aizen aburuz, «garraioaren arloko zuzenbidearentzat eta garraioaren arautzearentzat beharrezkoa da EBko estatu kideek araudi homogeneo bat izatea. Bestela, garraiolariei kalte egiten dieten arazo eta distortsioek bere horretan jarraituko dute. Europak, azken finean, benetan sinetsi behar du merkatu bakarrean, eta martxan jarri behar du apustu hori».

 

Gipuzkoako salgaien errepide-garraioaren sektoreko enpresarien elkarteak (Guitrans) batzar orokorra egin du gaur Donostian. Bertan, «lehia bermatzen duten baldintza duinak» eskatu dituzte 2008tik hona Euskadin 833 enpresa eta 12.500 lanpostu galdu dituen sektorea denez.

 

Ignacio Cepeda Guitranseko presidenteak esan duenez, «sektorea babesik gabe dago Polonia, Errumania, Txekia, Lituania edo Bulgariatik datozen enpresen aurrean, ez baitatoz aberastasuna sortzera, guztia berentzat hartzera eta merkatua haustera baizik».

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ignacio Cepeda