Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Pirinioetako Behatokiak klima-aldaketara egokitzeko plana garatuko du datozen hiru urteetan

2016.eko maiatzak 27
  • Euskadik Pirinioetako Lan Elkartearen barnean parte hartzen duen mugaz haraindiko lankidetza-ekimen garrantzitsuena da arlo horretan
  • Klima aldaketaren Pirinioetako Behatokiaren proiektua eta horri loturiko lau proiektuak onartu ditu 2014-2020 aldirako POCTEFA programak
  • Pirinioetako Lan Elkarteak zuzentzen duen Pirinioetako Behatokiaren proiektuak (OPCC2) 763.048 euro jasoko ditu FEDER funtsen eskutik, eta bere lau kideek –CLIM'PY, REPLIM, CANOPEE eta FLORAPYR –, orotara, 2.355.846 euro
  • Pirinioetako Behatokiaren xedea da klima-aldaketaren gaineko segimendua egitea Pirinioetan, lurraldea ondorioetara egokitzeko. www.opcc-ctp.org

Klima-aldaketaren Pirinioetako Behatokiaren proiektuak, klima-aldaketara egokitzeko ekintza-plana garatzekoak, eta proiektu horri loturiko lau ekimenek 3.118.894 euroko kofinantzaketa jasoko dute –kostuaren % 65– Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsaren 2014-2020 aldirako POCTEFA Interreg programaren bidez.

 

Euskal Autonomia Erkidegoak parte hartzen duen Pirinioetako Behatokiak 763.048 euroko finantzaketa jasoko du FEDER funtsaren eskutik, eta Behatokiari loturiko lau proiektuek –Climpy, Replim, Canopee eta Florapyr– 2.355.846 euro, iturri beretik.

 

«Laguntza finantzario horri esker, Pirinioetako Behatokiak klima-aldaketara egokitzeko asmo handiko ekintza-plan bat garatu ahal izango du datozen hiru urteetan eta arloko mugaz haraindiko lankidetza-ekimen garrantzitsuena bihurtuko da», Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren arabera.

 

Pirinioetako Lan Elkartea da Pirinioetako Behatokiaren proiektuko bazkide nagusia eta sei bazkide estrategiko ditu, lan-esparru hauek gidatzen dituztenak: Zaragozako Unibertsitatea, klimatologia; CSIC-en Pirinioetako Ekologia Institutua, goi-mendietako zohikaztegien eta lakuen ekosistemak; Forespir, basoak; Pirinioetako Kontserbatorio Botanikoa, flora; eta CSICen Aula Dei estazio esperimentala zein Geologia eta Meatze Ikerketako Agentzia, baliabide hidrikoak. Aipatutako lau lehenek, era berean, Behatokiari loturiko lau proiektuak kudeatuko dituzte: Climpy, Replim, Canopee eta Florapyr, hurrenez hurren.

 

«Proiektu horren bitartez, klimatologiako datu-basea osatuko da, 2016 artekoa, tenperatura eta prezipitazioa egunero neurtuta, eta eskualdearen etorkizuneko balizko egoerak aztertuko dira. Goi mendietako zohikaztegietan eta lakuetan behatokien sare bat ezarriko da, mendi-katearen eskalara egokituta; izan ere, oso ekosistema sentiberak dira, klima-aldaketa berehala sumatzen dutenak. Pirinioetako basoetan fenologia-adierazleen segimendua egingo da (urte-sasoien zikloen gainekoa), baita izeien, haritzen, pagoen, pinu beltzen eta pinu gorrien ahultzearen gainekoa ere. Horrela, baso-kudeaketa jasangarriko jardunbideen irizpideak ezarriko dira. Florari dagokionez, Pirinioetako floraren atlasa hobetuko da; goi-mendiko landare-espezieen segimendurako Gloria nazioarteko programarekin elkarlana ezarriko da; eta Pirinioetako espezie mehatxatuen lehen zerrenda gorria osatuko da», zehaztu du Oregik.

 

Pirinioetako Behatokiak, halaber, gaikako argitalpenak eta klima-aldaketak Pirinioetan duen inpaktuaren gaineko txosten globalak argitaratuko ditu. Gainera, zientzia- zein sektore-mintegiak antolatu eta online informazio-plataforma eta geoataria kudeatuko ditu. Sektore sozioekonomikoetako proiektu eta erakunde adierazgarriekin lankidetza-hitzarmenak egingo ditu Behatokiak, klima-aldaketara egokitzen laguntzeko.

 

Klima aldaketaren Pirinioetako Behatokia

Pirinioetako Behatokiaren xedea da klima-aldaketaren gaineko segimendua egitea Pirinioetan, lurraldea ondorioetara egokitzeko. Erreferentzia izan nahi du mendiko ekosistemetan klima-aldaketara egokitzeari buruzko ezagutzan.

 

Pirinioetako Behatokia klima-aldaketaren arloko mugaz haraindiko lankidetza-ekimen bat da, Pirinioetako Lan Elkarteak 2010ean martxan jarri zuena Midi-Pyrénées eskualdearen presidentetzarekin. Hauek dira Pirinioetako Lan Elkarteko kideak, ondorioz, Behatokiko kide ere badirenak: Akitania-Limousin-Poitou-Charentes, Aragoi, Euskadi, Katalunia, Languedoc-Rousillon-Midi-Pyrénées eta Nafarroako gobernuak eta Andorrako Printzerria.

 

Behatokiak, gainera, nazioarteko sareetan eta foroetan parte hartzen du eta harremanetan dago Europako Ingurumen Agentziarekin nahiz beste eskualde menditsu batzuekin, Alpeekin, Karpatoekin eta Hondurasekin kasu.  Klima-aldaketaren Pirinioetako Behatokiari eta klima-aldaketak Pirinioetan duen eraginari buruzko informazioa, bitartekoak eta argitalpena eskura daude hemen:http://www.opcc-ctp.org

 

POCTEFA 2014-2020

OPCC2, CLIM'PY, REPLIM, CANOPEE eta FLORAPYR proiektuen finantzaketaren % 65 Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsaren eskutik jasoko da, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Andorra, Espainia eta Frantzia herrialdeen arteko mugaldean integrazio ekonomikoa eta soziala sendotzea da. Mugaz haraindiko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jarduerak lagunduko dira lurralde-garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bitartez.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @JMRuiz3
    2016.eko maiatzak 31

    Comentario de Twitter:
    El Observatorio Pirenaico desarrollará durante los próximos tres años un plan de adaptación al cambio climático https://t.co/7XJvhHB5vc

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)