Berdintasun ezak kalte egiten dio emakumeen osasunari, Emakundek gogoratu duenez
Bihar, maiatzaren 28a, Emakumeen Osasunerako Nazioarteko Ekintza Eguna dela eta, Emakundek Carme Valls Llobet CAPS-eko (Centro de Análisi y Programas Sanitarios) presidentearen hitzaldia antolatu du gaurko, maiatzak 27rako Bilboko John Jauregian (La Bolsa) “Emakumeak, osasuna eta bizi kalitatea” izenburupean”. Hitzaldia arratsaldeko sei t'erdietan hasiko da, nahi duenarentzat irekia izango da eta ez da aurretik izenik eman behar.
Emakumeen Nazioarteko Ekintza Eguna dela eta, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogoratu du emakumeak eta gizonak desberdinak garela biologikoki, eta beharrezkoa dela hori kontuan hartzea osasunaren eremuan erabakiak hartzerakoan; baina, horretaz gainera, kontuan izan behar dugula “gizartean eraiki diren desberdintasunek ere ez dutela berdin eragiten gure bizitzetan, eta, ondorioz, gure osasunean ere ez”.
Landaidaren hitzetan, “emakume gehienen osasuna determinatzaile sozioekonomiko eta lan-arloko determinatzaile batzuen mende dago; esate baterako: emakumeek errenta txikiagoak dituzte, langabezia handiagoa, gizarte-bazterketaren maila handiagoak, emakumea buru den guraso bakarreko familien ehuneko handiagoa da, estaldura txikiagoa dute gizarte-segurantzaren arloan, ordainketa-maila txikiagoak dituzte, pentsio txikiagoak, eta karga handiagoa hartzen dute pertsonak zaintzeko eta etxeko lanak egiteko zereginetan”. Faktore horiek kontuan hartzea oso garrantzitsua da osasun-kontuetan esku hartzen denean, Emakunederen iritziz, desberdintasun horiek zuzenean eragiten baitute emakumeen osasunean.
Honekin batera, Landaidaren iritziz, “ez dugu ahaztu behar gure gizartean emakumeek funtsezko zeregina betetzen dutela osasuna zaintzeari dagokionez; izan ere, nagusiki emakumeak arduratzen dira familiako eta inguruko jendearen osasuna zaintzeaz, eta egoera hori kaltegarri izan daiteke emakumearen beraren osasunerako, bere buruaren ongizatea alde batera uzten baitu beste pertsona batzuk zaintzeko”. Zentzu honetan, “guztiz beharrezkoa da emakume eta gizonen artean banatzea ez bakarrik ordaindutako etxetik kanpoko lana, baizik eta zaintza lanak ere”.
Carme Valls-Llobet
Endokrinologiako espezialista, Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea, Analisi eta Osasun Programen Zentroa GKE-ko kide da, osasunean eta osasun-zerbitzuetan ematen diren genero-desberdintasunak ikertzea eta agerian uztea, eta emakumeei bere bizi-kalitatea hobetzeko informazioa eta baliabideak ematea helburu duena. Medikuntza -dibulgazioko zenbait liburuen egilea da.