Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintza Security Forum 2016en izan da

2016.eko maiatzak 26

Bartzelonan egiten ari diren Segurtasunaren gaineko Estatuko hitzordu nagusia gaur amaituko da

Aurten ere parte hartu du Ertzaintzak Bartzelonako Nazioarteko Biltzarren Zentroan maiatzaren 25ean eta 26an egin den Security Forumen laugarren edizioan. Ertzaintzaren buruek eztabaida-mahaitan eta ekimenen nahiz berritasunen aurkezpen-ekitaldietan hartu dute parte. Gaur, segurtasunean aplikatutako droneen erronkak eta aukerak aztertu dituzte. Ertzaintzaren standak, aurten handiagoa dena, erakundearen 80. urteurrena dela gogorarazi du. Ekitaldia inauguratu zuen atzo Kataluniako Generalitateko Segurtasuneko sailburu Jordi Janék.

Security Forum erreferentziazko hitzordua da nazioartean eta 50 erakuslek baino gehiagok hartu dute parte. Polizia-erakundeetako, segurtasun pribatuko eta babesarekin, prebentzioarekin eta segurtasun publikoarekin lotutako enpresetako profesionalentzako topagune da. Security Forumek, aurtengo berritasun gisa, adituen panelak antolatu ditu, enpresek berritasun teknologikoak aurkezteko eta horien aplikagarritasuna profesionalekin aztertzeko.

Segurtasun Saileko ordezkariek eta Ertzaintzaren buruek hainbat ekitalditan hartu dute parte, Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartziak kasu; Eusko Jaurlaritzak segurtasuneko araudien etorkizunari buruz duen ikuspegia aurkeztu zuen atzo.  

Security Forumen izan dira, halaber, Segurtasun Pribatuko Unitateko eta Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzuko arduradunak eta Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko ofizialorde eta helikoptero-pilotu bat. Azken horrek droneei buruzko eztabaida batean esku hartu du gaur, asteazkena, Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren eta Esquadra Mossoen aditu banarekin batera.

Segurtasunean aplikatutako droneen erronkak eta aukerak

Zehazki, urruneko aginte bidez gidatutako gailuak edo tripulatu gabeko aire-ibilgailuak, drone deituak, Security Forumen edizio honetako berritasun nagusiak dira. Atzo, baita gaur ere, tripulatu gabeko aire-ibilgailuen erakustaldiak eskaini dira Biltzar Zentroaren hallean. Ertzaintzak ere drone batekin erakustaldia eskaini du bi egunetan; gaur, osteguna, 13:30ean eta 14:00etan.

Adituen paneletan, mahai-inguruetan eta hitzaldietan, besteak beste, segurtasun-arloko berritasunak izan dituzte hizpide. Atzo, esaterako, azpiegitura kritikoetarako arrisku handiko sarbideen kontrola eta munduko lehen hodirik gabeko ke-detektagailu eta -erauzgailu autonomoa. Gaurko hitzaldietan, berriz, komunikazioak eta segurtasuna landuko dituzte, besteak beste, zuntz optiko, WIFI eta kobre bidezko segurtasun-instalazioen inguruko joerak eta konponbide integralak.   

Security Forum 2015 ekitaldian, segurtasunaren sektoreko berritasun nagusiak aurkezten dira eta gaiko atzerriko espezialista asko biltzen dira; hortaz, aukera bikaina da Ertzaintzarentzat informazioa trukatzeko eta ezagutza teknologiko berria eskuratzeko, Euskadiko segurtasun publikoaren mesedetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)