Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

NPLD sare europarraren zuzendaritza batzordea Bilbon elkartuko da gaur

2016.eko maiatzak 25
  • Gainera, Sareak Bilbon eta Iruñean ospatuko du bere Batzar Nagusia eta Uxue Barkosek bere kideei harrera egingo die Nafarroako hiriburuan
  • Eusko Jaurlaritzak du egun hizkuntza aniztasunaren aldeko lanean ari den sare europarraren presidentzia

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarraren (NPLD) Zuzendaritza Batzordea Bilbon elkartuko da gaur arratsaldean. NPLDren presidente eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak zuzenduko du bilera eta, bertan, Sare honen eskubide osoko kideek (Full Members) eta kide asoziatuen (Associate Members) ordezkaritza batek parte hartuko dute. Bestalde, bihar eta etzi NPLD Sarearen Batzar Nagusia egingo da eta, Batzar Nagusi honen barruan, ‘Komunikabideak, sare sozialak eta IKT-ak euskaraz’ izeneko mintegia antolatu da.

Aipatzekoa da NPLD Sarea beti izan dela oso aktiboa Europako hizkuntza aniztasuna eta Europako hizkuntza gutxituak sustatzeko lanean. NPLD Sarearen barruan errealitate soziolinguistiko eta estatus ezberdinak dituzten Europako 16 hizkuntzaren ordezkariak daude: euskara, bretainiera, katalana, kornubiera, korsikera, estoniera, finlandiera (Suediako komunitate finlandiarra), frisiera, galegoa, gaelikoa, kareliera, lituaniera, okzitaniera, samiera, suediera (Finlandiako komunitate suediarra) eta galesera.  

Agenda: maiatzaren 25-26-27

Gaur arratsaldean hasiko da Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarraren (NPLD) Zuzendaritza Batzordeak egingo duen bilera. Patxi Baztarrikak gidatuko duen bileran, besteak beste, Sarearen egiturarekin, barruko arautegiarekin, aurrekontuekin, plan estrategikoekin… zerikusia duten gaiak landuko dira. 

Bestalde, ostegun eta ostiralean NPLD Sare Europarraren Batzar Nagusia elkartuko da bere urteko bilera egiteko eta bere eskumenekoak diren zenbait gaien gainean erabakiak hartuko ditu, Zuzendaritza Batzordeak aurretik gai hauek aztertu ondoren. Besteak beste, barruko araudiarekin, aurrekontuekin eta epe labur, ertain eta luzean egingo diren ekintza planekin zerikusia duten gaien gainean erabakiak hartuko dira.

NPLD sarea bere garapenerako estrategikoki oso garrantzitsua den momentu batean dago gaur egun. Izan ere, bere egoitza Cardiffetik Bruselara mugitu du, bere estruktura Europar Batasuneko zentro administratibo eta politikoetara hurbiltzeko. Honela, bere helburuetako bat da, besteak beste, 2015eko urrian Europako Batzordearen aurrean aurkeztutako  Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orria sustatzea eta zabaltzea.

Aipatu Bide Orriaren difusiorako egin den programaren barruan, NPLD Sareko presidente Baztarrikak, duela bi aste Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren arduradunei aurkeztu zien Bide Orria bera.

Gainera, egunotan Bilbon antolatu diren bileretan landuko diren gaiei dagokienez, Europako erakundeetan Bide Orria zabaltzeko egin den lan agendak leku garrantzitsua dauka.

Sarearen Batzar Nagusia biltzen den bakoitzean egiten den bezala, oraingoan ere Sareak hizkuntza politikarekin zerikusia duten gaiak jorratzen dituen mintegi bat antolatu du. Oraingo mintegian, eta ‘Komunikabideak, sare sozialak eta IKT-ak euskaraz’ titulupean, hizkuntza gutxituek IKT-etan duten presentzia eta etorkizunarekin zerikusia duten gaiak landuko dira. Aipatzekoa da mintegia bi zatitan banatuko dela: bata Bilbon eta, bestea, Iruñean. Bizkaiko hiriburuan, NPLDren presidente Patxi Baztarrikak irekiko du mintegia. Baztarrikak, IKTetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko Eusko Jaurlaritza garatzen ari den politiken errepaso bat eskainiko du.

Baztarrikaren interbentzioa bukatuta, Euskararen Aholku Batzordeko IKT Batzorde-ataleko zuzendari eta Mondragon Unibertsitateko irakasle Maite Goñik hartuko du hitza. Goñik, IKTetan euskararen erabilera sustatzerako orduan garatu behar diren lanez eta lehentasunez hitz egingo du. Honetarako, IKT Batzorde-atal Bereziak garatu duen eta Euskararen Aholku Batzordeak aho batez onartu zuen ‘Euskarazko IKTak: gomendioak herri-aginteentzat’ dokumentua aurkeztuko dio Sareari.

Goñiren interbentzioa bukatuta, mahai inguru bat antolatuko da honako gai honekin: ‘Euskarazko komunikabide digitalak’. Mahai inguru honetan, Lontzo Sainz-ek (eitb.eus), Pello Urzelaik (Berria) eta Eneko Azkaratek (Goiena) parte hartuko dute, komunikabide digitaletan euskarak bizi duen errealitateaz hitz egin eta eztabaidatzeko.

Mintegiaren lehen zatia bukatuta, Batzar Nagusiak bere agendarekin jarraituko du. Honela, besteak beste, Valentziako Generalitateak eskubide osoko kide (Full Member) izateko egindako eskaerari erantzuna emango zaio.

Arratsaldean, Nafarroako Gobernuaren gonbidapena jaso ondoren (Gobernua ere NPLDko kidea da), NPLDko Batzar Nagusia Iruñera mugituko da mintegiari bertan jarraipena emateko. Nafarroako Gobernuko euskara sustatzeko institutu Euskarabideak lurralde horretan euskara sustatzeko garatzen ari diren politiken berri emango du, IKTetan eta komunikabideetan garatzen ari direnei arreta berezia eskainiz.

Mintegiaren atal hau bukatuta, Nafarroako presidente Uxue Barkosek harrera egingo die NPLDko Sareko kideei. Harrera honetan, Barkos presidentearen interbentzioaz gain, NPLDko zuzendari Meirion Prys Jones-ek, eta Nafarroako Gobernuko Herritarren eta Erakundeen Harremanetarako sailburu Ana Ollok hartuko dute hitza.

Ostiralean NPLD Sarearen Batzar Nagusiaren bigarren egunari hasiera emango zaio. Beste kontu batzuen artean, ostiralean, IKTetan aditu eta Euskararen Aholku Batzordeko IKT Batzorde-ataleko kide Gorka Juliok hitzaldia eskainiko du.

Zer da NPLD sarea?

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra (NPLD, ingelesez) hizkuntza konstituzionalez, eskualdeetako hizkuntzez edota estatu txikietako hizkuntzez osatutako sare europarra da eta eleaniztasun inklusiboa sustatzea du helburu. Mota askotako hizkuntzak hartzen ditu barruan: maila europarrean eta estatu mailan ofizialak diren hizkuntzak, –irlandera edota suediera, adibidez-, maila erregionalean partekatutako ofizialtasun erregimenean erabiltzen direnak –euskara, galesera, katalana…- eta babes gutxiago dutenak –bretainiera eta okzitaniera, beste batzuen artean-.  

Nahiz eta heterogeneoak izan, NPLDko hizkuntza erkidego guztiek helburu komun bat duten hizkuntza txiki edota ertainak ordezkatzen dituzte. Helburu hau da Europako hizkuntza guztiak aintzat hartzen dituen eleaniztasun inklusiboa  sustatzea eta, euren estatusa edozein delarik ere, hizkuntza guztiek garapenerako eta aurrera egiteko aukera izatea.

NPLD sarea 2007an sortu zen eleaniztasunaren esparruan ahots europar bat izateko beharrak eraginik. Gaur egun, eskubide osoko 13 kide -gehien-gehienak gobernu erregionalak, organismo publiko erregionalak edota estatu gobernuak (Irlanda) dira- eta 22 kide asoziatu –Europako zenbait herrialdetako unibertsitateak edota eremu urriko hizkuntzen sustapenean lan egiten duten elkarteak dira- ditu.  

NPLD sareak aurrera eramango duen lana Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriak markatzen du. Bide orri honen helburu nagusia da Europar Batasunaren hizkuntza aniztasunaren aldeko konpromisoa berrestea eta, segurtatzea, aldi berean, Europan erabiltzen diren hizkuntza guztiak laguntza eta sustapena behar duten balio komun bezala kontsideratu daitezela.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)