Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri du ETA-k 1990 eta 2011 artean mehatxatutako ertzainen eta horien senideen gaineko txostena

2016.eko maiatzak 25

Ertzaintza ETAren mehatxu zuzena jasandako kolektiboa izan da

ETAk eraildako 15 agenteetatik 11 1990-2011 aldian hil zituen

Ertzaintzaren aurkako 1.300 kale-borroka ekintzatik gora zenbatu ziren; gogorrenak, 1995, 1997, 2001 eta 2008 urteetan

Jazarpenak sufrimendua ekarri zion kolektibo horri, eta senideek ere ondorioak pairatu zituzten, lan-arazo larriak, osasun-arazoak eta arazo sozialak kasu

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu du ETAk 1990 eta 2011 artean mehatxatutako ertzainek eta horien senideek jasandako sufrimendu bidegabeari buruzko txostena. Txosten hori iragana argitzeko prozesuaren barneko beste pieza bat da, iraganaren gaineko memoria kritikoan oinarritutako bizikidetza sustatzea xede duena. ETAk eraildako 15 kideetatik 11 txostenak aztertu duen aldian hil zituen. Aldi horretan bertan, Ertzaintzak 1.300 kale-borroka erasotik gora jasan zituen. Txostenak datu kuantitatiboak eta jazarpenaren ondorioz jasandako sufrimenduaren lekukotzak jaso ditu.

Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiak ETAk mehatxatutako ertzainen eta mehatxu horrek senideengan izandako ondorioen gaineko txostena egitea agindu zion Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuari 2015eko udaberrian.

Txostena aztertu dute gaur goizean Bilbon Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernándezek, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Monika Hernandok, txostenaren egileek (Joré Ramón Intxaurbe, Eduardo J. Ruiz eta Gorka Urrutia) eta Ertzain eta ASERFAVITE- Terrorismo Biktimen senideen elkarteko ordezkaria den Txema Lanzagortak.Bileraren ondoren aurkeztu dute txostena komunikabideen aurrean, prentsaurrekoan.

Helburuak

Txostenak helburu hau zuen: ertzainei eta beren senideei eragindako sufrimendu bidegabearen deskribapen kuantitatiboa eta kualitatiboa egitea. ETAk aipatutako denbora-tarte horretan mehatxatu zituen pertsonei buruzko txostena aurkeztu zen apirilaren hasieran eta horren bigarren zatia da oraingo hau.

Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak sustatu dituen agiri horiek egia jakiteko eskubidearekiko konpromisoari lotuta daude. Hala, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak gisa horretako lehen txostena den honen garrantzia azpimarratu du, hilak eragin zituen atentatuez gain, «lehen pertsonan egindako lekukotzen eta datuen bitartez bistaratzen digulako Ertzaintzak eta ertzainen senideek hain luzaz pairatutako sufrimendua». Gaur bertan, ale bana bidaliko zaie ertzain guztiei.

Bestalde, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernándezek berretsi duenez, ikerlanaren zioetako bat izan da familia bakoitzari enpatia kolektiboa erakustea eta errekonozimendu-eskubidearekiko konpromisoa betetzea. «Lan honen bitartez, ertzainei eta beren senideei adierazi nahi diegu ezagutu dugula zer sufrimendu jasan zuten, bidegabekeria hura aitortzen dugula, eta errekonozimendu hori, txosten honen bidez, dagoeneko memoriaren eraikuntzan txertatuta dagoela», adierazi du. 

Azterketa kuantitatiboa: datuak

ETAk mehatxupean jarri zuen Ertzaintza osoa; horren erakusle dira talde terroristak kaleratutako agiriak eta atentatuak. ETAk zuzenean Ertzaintzaren kontra 27 atentatu egin zituen, eta 15 pertsona hil. Aztertutako aldian, 23 atentatu egin zituen, 11 erailketa gauzatuz.

Kolektibo osoa mehatxupean egon arren, txostenak 3 mehatxu-maila bereizten ditu 48 agenteren kasuan, ETAri atzemandako informazioaren kopuruaren eta kalitatearen arabera.

Ertzaintzaren aurkako atentatuei buruzko informazioaz gain, txostenak kale-borroka ekintzak ere barne hartzen ditu; 1.335 eraso jasan zituzten Ertzaintzak eta ertzainen senideek, gogorrenak, 1995etik 1997ra bitartean eta 2001etik 2008ra bitartean. 

Ertzainen segurtasuna handitzeko, neurri zehatzak jarri ziren martxan, esaterako, zenbaki profesionala aldatzea (650) eta birmatrikulazioak (3.106). Gainera, norbera babesteko neurri zorrotzagoak ezarri zituen 2001ean onartutako 53. Jarraibideak.

Analisi kualitatiboa

Txostena idatzi duen taldeak 15 elkarrizketa egin ditu, galdetegi egituratu bat baliatuta, agenteek igarotako esperientzian sakontzeko eta eskubide-urraketak hautemateko. Txostenak argi uzten du Ertzaintzaren agenteek hainbat urtez egunero egin behar izan ziotela aurre mehatxuari, ertzain izate hutsagatik. Jazarpenak eta mehatxu-egoerak sufrimendu bidegabe handia eragin zien are ertzainen senideei ere, eta horien eguneroko bizimodua zeharo baldintzatu, ondorio larriak ekarriz familian, lanean, gizarte-harremanetan nahiz osasunean. 

Mehatxua agerikoa zen; margoketak, begiradak, irainak, etab., ertzainen seme-alabak ere jomugan zituztenak. Bizitokia aldatu behar izan zuten batzuek, eta, ondorioz, bikotekideak lana galdu zuen edo seme-alabak eskolaz aldatu behar izan zituzten. Txostenetik atera daitekeen ondorioetako bat da lanbidea ezkutatzeak segurtasun-esparrua areagotu zuela, baina, kontrara, ertzainak zirkulu sozialetatik kanpo utzi zituela, adiskideengandik ere aparte.

Ondorioak eta gomendioak 

Txosten hau beste urrats bat da Nazio Batuek, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioetan oinarrituta, biktimei erreparazioa emateko ezarritako bidean. Horrela, erreparazio-iradokizunak jaso dira txostenean, besteak beste hauek: jasandako sufrimendu bidegabea iritzi publikoari jakinaraztea; erasoak eta mehatxuak erlatibizatzea ekiditea; estigmatizatutako pertsonen errekonozimendu publikoa sustatzea; eta biktima horien lekukotzak biltzea.

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2016.eko abuztuak 22

    Todavía sigo esperando por parte de algún responsable de la Ertzaintza o del propio Gobierno Vasco, un gesto, o un mínimo interés por cómo me ha afectado en mi vida personal, un acto de kale borroka del cual fui víctima en el año 2001.

  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 25

    Comentario de Twitter:
    Hemos presentado el informe sobre el impacto de la amenaza de ETA sobre ertzainas y familiares entre 1990 y 2011 ➡ https://t.co/QJXS3vHw5C

  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 25

    Comentario de Twitter:
    Aurkeztu berri dugu ETA-k 1990 eta 2011 artean mehatxatutako ertzainen eta horien senideen gaineko txostena ➡ https://t.co/aK4bstq4ka

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)