Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Kultura Auzolanean planak 125 lagunen parte-hartzea izan du proiektuen garapenean

2016.eko maiatzak 25
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • 2014-2015 aldirako planifikaturiko proiektuetan gehienek %100eko gauzatze maila dute
  • Planak 2016rako esku-hartze ildo berriak ere ezartzen ditu
  • Kultura Auzolanean kulturaren eremuko gobernantza partekatuko prozesu bat da: erakundeak eta kultura eragileak batzen ditu

Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak Kultura Auzolanean Planaren baitan 2014-2015 aldirako planifikatu diren 20 kultura-proiektu estrategikoen egoeraren errepasoa egin du gaur goizez Bilbon. Era berean, sailburuordeak, 2016an garatu beharko diren lau esku-hartze ildoak ere azaldu ditu, ildo horiek definitzeko erabili diren irizpideekin batera.   

Prentsaurrekoan, Kultura Auzolanean Planean parte-hartzaile diren gainerako erakundeetako kultura arloko arduradunak ere hizlari izan dira: Igone Martinez de Luna, Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatua; Mari Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria; Gonzalo Olabarria, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria; Nekane Alonso, Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia; eta Miren Azkarate, Donostiako Udalekoa (Gasteizko Udalak azaldu ezina azaldu du).

Muñoz sailburuordeak Kultura Auzolanean gobernantza parte-hartzaile eta partekatuan oinarritutako prozesu gisa definitu, konplexutasun handikoa. Erakunde publikoek nahiz kultura eragileek lankidetza estuan hartu dute parte bertan, proiektu estrategiko partekatuak definitzen eta garatzen. Parte hartzaile horiek erakutsi duten inplikazioa ere azpimarratu nahi izan du Muñozek, eta nabarmendu duenez, prozesu honek instituzioen arteko lan prozesuak egituratu, egonkortu eta sistematizatzeko oinarriak ezartzea ekarri du, hainbat eremutan: musikan, antzerkian, dantzan, liburuan, artean, ikus-entzunezkoetan…

Gaur gaurkoz, 2014-2015 aldirako zehaztutako kultura proiektu horietan gehienak (20 proiektutik 16) ehuneko ehunean daude gauzatuta, hau da, Kultura Auzolanean programaren barruan proposatu diren helburuei dagokienez, itxi egin dira. 20 proiektu operatibo eta zehatz dira, premia oso jakin batzuei denbora-epe laburrean erantzutea helburu zutenak. Estrategikotzat jotzen ziren proiektuak, eta aurrera ateratzeko hainbat alderen inplikazioa beharrezko zuten proiektuak. 

Prozesu horren emaitza, eta dagoeneko abian dauden proiektuak dira: eLiburutegia, Musika Bulegoa, dantza artxiboen berreskuratze digitala, Kulturklik proiektua berritzea… besteak beste.

Gainerako proiektuek garatzen jarraitzen dute lan-prozesu gisa erakundeetan zein erakundeen artean. “Museoen sarea, zerbitzuak partekatzeko eta lankidetza sustatzeko” eta “Liburua” proiektuak erakunde arteko mahaira bideratu dira han kudea daitezen. “Euskarazko zinema” proiektuaren gauzatze maila %50 da, eta aurten bukatuko dela aurreikusten da. Azkenik, “Euskal Arte Garaikidearen emanaldien eta zabalkundearen hobekuntza” proiektuaren %75 gauzatu da.

125 pertsonaren inplikazioa

Proiektu hauek garatzeak pertsona kopuru esanguratsu bat mugitzea ekarri du. Kultura Auzolanean Planaren osoko 40 bilera inguru burutu dira, eta bertan 125 lagun inguruk hartu dute, bai erakundeetakoek (85 pertsona inguru), bai kultura sektoreetakoek (40) –elkarteen izenean nahiz nork bere izenean-.  

2016rako esku hartze ildoak

2016 urterako, garatu beharreko lau esku-hartze ildo ezartzen ditu Kultura Auzolanean programak, Kulturaren Euskal Kontseiluaren hurrengo bileran landuko direnak (ekainean). Honako hauek dira:

  • Emakumeen presentzia eta parte-hartzea kulturan (Ikusizko Arteetan eta Ikus-entzunezkoen Arteetan bereziki). Egoera eta diagnostikoa. Proiektua Emakunderekin koordinatuta garatzekoa da.
  • Sorkuntza guneak EAEn: egituraketa eta koordinazioa. EAEko sorkuntza espazioei (publiko zein pribatuei) buruzko mapa eguneratua egitea izango da helburua, gune horiek elkarren artean koordinatzeko mekanismoak identifikatzeko eta garatzeko.
  • Bibliografia nazionala. Lortu nahi da, alde batetik, Euskadin euskaraz edo euskal gaiei buruzko argitalpen bibliografikoak, musikalak eta ikus-entzunezkoak identifikatzea, dagoeneko formatu analogikoan dagoen materiala abiapuntutzat hartuta eta formatu digitalaren egoera aztertuta. Eta, bestetik, zerbitzua ematea liburutegietako langileei, eskubideen kudeatzaileei, liburu-saltzaileei, irakasleei, kultura-analistei eta, oro har, herritarrei, euskal kulturarekin harreman estuagoa duten kultura-industriek sortutako kultura-edukiak hedatzeko, eskuratzeko eta aztertzeko.
  • Ondare ez-materialaren plana. Helburu hauek lortu nahi dira: batetik, EAEn bizirik dagoen kultura-ondarearen inbentarioa egitea; bestetik, euskal kultura-ondare ez-materiala Euskadiko herri-kulturaren jakintza-iturri gisa aztertzea eta hedatzea, eta, azkenik, ondare horren komunitate titularrei laguntzea belaunalditik belaunaldira transmiti dezaten, ondare bizia denez eta denboran aldatzen denez.

2016rako lan-ildo hauek definitzerako garaian Kultura Auzolanean planak aintzat  hartu dituen irizpideak izan dira:

-zeharkako gaiak izan daitezela

-administrazio guztiekiko komunak diren gaietan oinarrituta egon daitezela

-2016 urtean zehar egikaritzeko bideragarriak izan daitezela

-prozesuen garapenean eta erakundeen arteko koordinazioaren hobekuntzan jar dezatela eginahala, produktuen sorkuntzan baino gehiago

Kultura Auzolanean prozesuari buruz

Kultura Auzolanean Plana kulturaren alorrerako 2014-2016 eperako prozesu planifikatzaile estrategikoa da, eta erakundeen arteko akordiotik sortua. Dokumentu labur eta eraginkorra da, kontsentsuan, berdintasunean eta euskal administrazioen arteko lan partekatuan oinarritua, Euskadiko kultur eremua kudeatzeko ezinbesteko diren elementuetan oinarritua, beraz. Eragile publiko nahiz pribatuen artean euskal kulturaren ikuspegi estrategikoa, jarraitu beharreko irizpideak eta lehentasunak adosteko tresna izateko bokazioz jaio zen Kultura Auzolanean.

Kultura Auzolanean prozesua abian jartzeko, era berean, EAEn orain arte gauzatu izan den kultura-plangintza prozesua kontuan izan da, bereziki Kulturaren Euskal Plana. Horrela bada, Kultura Auzolanean 2013ko uztailean abiatu zen, Erakunde-arteko Batzordean eztabaidatu zen dokumentuarekin. 2014an behin betiko testua onartu zen eta 2014-2015 aldirako proiektu zehatzak definitu ziren.

Prozesu honetan zehar, baterako lan-esparru bat sortu da, eta esparru horretan ekintza-ildoak eta lehentasunak elkarrekin definitu dira, erakunde guztien artean (Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Udalak, EUDEL) eta kultura-agenteekin elkarlanean (kultura-elkarte adierazgarriak eta beren izenean jarduten duten kultura-agenteak), dauden premiei erantzuna emateko ahalegina eginez, aurrekontuak ematen dituen aukeren esparruan

Kultura Auzolanean prozesuaren barnean sortu diren dokumentu guztiak zintzilik eta eskuragarri daude dagoeneko web atarian: www.kulturaauzolanean.net

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Igone Martinez de Luna (DF Araba); Mari Jose Tellería (DF Gipuzkoa); Gonzalo Olabarria (Bizkaiko FA), Nekane Alonso (Bilboko Udala); Miren Azkarate (Donostiako Udala)