Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Gobernu Kontseiluak agindu bat onartu du, bidaiarien eta salgaien garraio publikoan jarduteari uzteko laguntza-programa bat ezartzen duena (Gobernu Bilera 2016-05-24)

2016.eko maiatzak 24

Gobernu Kontseiluak agindu horren bidez arautu du adin handiko garraiolariek, ezintasun iraunkor absolutua edo erabatekoa aitortua dutenek eta baliaezintasun handia aitortua dutenek lanbidea uztea sustatzeko laguntza-erregimena 2016 urterako, hain justu ere, salgaien eta bidaiarien garraio publikoaren sektorean.

Laguntzak finantzatzeko, ehun eta berrogeita hamar mila (150.000,00) euro bideratuko dira, baina kopuru hori gehitzeko aukera dago, betiere diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatzi baino lehen, aurrekontua loturaren arabera kontuan izanik eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa; eta horretarako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko beste programa batzuk exekutatzetik ondorioztatzen diren aurrekontu-baliabideak edo aurrekontu aldaketak onartzearen ondoriozko baliabideak erabili ahal izango dira.

Laguntza jasotzeko, honakoak dira betekizunak: eskabidea aurkeztean, edo, bestela, 2016ko urtarrilaren 1ean, Euskal Autonomia Erkidegoan 2011ko urtarrilaren 1a baino lehen erroldatuta egotea, 63 edo 64 urte izatea, ezintasun iraunkor absolutua edo erabatekoa edo baliaezintasun handia aitortua izatea, azken hamar urteetan salgaien edo autobus-bidaiarien edo bien garraio publikoan jarduteko baimena indarrean eduki izana, Gizarte Segurantzako langile autonomoen erregimenean alta emanda egotea azken hamar urteetan (alta emanda egon gabe gehienez hiru hilabete igaro baditu tarte horretan), salgaien edo bidaiarien errepide bidezko garraio publikoan jarduteari 2016ko azaroaren 30a baino lehen uzteko konpromisoa hartzea eta behin betiko uko egitea titularra den garraio-baimenei, zigor- edo administrazio-zehapenik ez edukitzea eta zerga-betekizunak zein Gizarte Segurantzaren aurrekoak egunean edukitzea.

Errepide bidezko garraio publikoak duen arazoetako bat da jarduera horretan dihardutenen adin handia. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak errepide bidezko garraio publikoan luzaz jardundako profesionalek lanari uztea sustatuko du, horretarako behar duten baliabideak eskainita.

2016ko ekitaldian, ibilgailu arin eta astunak erabiliz egiten den errepide bidezko salgaien garraio publikoaren sektorea da helburua, baita autobus-bidaiarien garraio publikoarena; izan ere, sektore horietan, adin handiko garraiolari askok ez dute beharrezko baliabiderik jarduera lagatzeko. Beraz, laguntza horiek funtzio eskuarki soziala dute. Halaber, ezintasun iraunkor absolutua edo erabatekoa edo baliaezintasun handia aitortua duten garraiolariak barne hartuko ditu laguntzaren estaldurak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko