Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Jaurlaritzak Kooperatiben lege proiektua onartu du (Gobernu Bilera 2016-05-24)

2016.eko maiatzak 24

Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak Kooperatiben Euskal Legearen aurreproiektua onartu du gaur, Legebiltzarrean eztabaidatu aurreko urratsa emanez. Testuak 154 artikulu, 6 xedapen gehigarri, 2 xedapen iragankor, 5 amaierako xedapen eta xedapen indargabetzaile bat izango ditu, 4 tituluko, 15 kapituluko eta 18 ataleko egitura izanik.

Arau-proiektu berriak ez du ordeztuko egungo kooperatiben euskal legearen oinarrizko egitura eta, ondorioz, ezin daiteke kooperatiba-araudiaren erabateko erreformatzat hartu –ez da kooperatiba sozietate txikien legea aldatzen-, hori bai, testu bakar batean bat-egin direnez aipatutako arau hori 1993an onartu zenetik gaurdaino egin diren aldaketak, eta egindako ekarpen eta zehaztasunak kontutan hartu direnez, testu berriak segurtasun juridikoa areagotuko du kooperatiba-sozietateen barne- nahiz kanpo-harremanetan.

Dena dela, araudiaren zati gehiena aldatu ez den arren, araudi berriaren ekarpen azpimarragarrienak hauek dira: kooperatiba mota batzuen (etxebizitza- eta garraio-kooperatibak) lege-zehaztapena egin da, kooperatiben organo- eta funtzio-erregimenari atxiki ahal izatea bermatzeko; sektorearentzat oso garrantzitsuak diren gaiei heldu zaie, sozietatearen zorren gainean bazkideek duten erantzukizuna kasu; eta administrazioak kooperatiba-jarduerak kontrolatzeko eta sustatzeko egiten dituen lanak egungo esparru juridiko, ekonomiko eta instituzionalera egokitu dira.

Era berean, Jaurlaritzak gaur onartu duen testuak etengabe eta bizkor aldatzen den sozietate-zuzenbideko jarraibide nagusiak barne hartzen ditu, korporazio-gobernuaren arauketa kasu, baita barneko alderdi jakin batzuen autoerregulazioa ere.

Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindaria izan zen Estatuan, 1982an osatu zuenez kooperatiben lege propioa, eta enpresa-eredu horren erreferentzia bihurtu da mundu mailan, ez soilik alderdi kualitatiboan, printzipio eta balio kooperatiboak direla eta, baizik baita kuantitatiboan ere, EAEko ekonomian duen pisuagatik.

EAEri buruzko datu berrienen, zehazki 2014koen arabera, 2.233 establezimenduk osatzen dute kooperatiba-sektorea, urtean 47.322 lanpostu sortzen dituztenak. Sektoreka, lanpostu gehienak, % 57, zerbitzuen sektorekoak dira, % 41 industria-arlokoak, % 2 eraikuntzakoak eta % 0,3 lehen sektorekoak.

Kooperatiba bidezko enpleguak, beraz, EAEko landunen % 5,3 hartzen ditu; hots, 49.848 euro ekoizten ditu enpleguko. Era berean, 2014an, EAEko kooperatibek 2.358.884.955 euroko balio erantsi gordina sortu zuten, EAEko BPGri % 3,5 ekarpena eginez.

Bestalde, kooperatibek 7.060 milioi euro fakturatu zituzten 2014an, zenbateko horren erdia, % 53, industria-kooperatiben eskutik. 2012-2014 aldian berrikuntza-prozesuak gauzatu zituzten EAEko kooperatiben % 26k; EAEko enpresa-ehunaren batez bestekoaren (% 17) bederatzi puntu gainetik dago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko