Berriak Lehendakaritza
Eu

Mondragon taldeak 200.000 m2 handituko du Kunshanen daukan enpresa-parkea enpresa berriak hartzeko

2010.eko irailak 28

Lehendakariak Fagor, Orbea, Orkli eta Batz enpresen instalazioak bisitatu ditu Shangaiko probintziarik indartsuenetako batean

Eusko Jaurlaritzak gaur goizean Kunshan eta Qiandeng-eko gobernuekin sinatu duen akordioari esker, Mondragon taldeak, eremu horretan 80ko hamarkadan instalatu zenak, bere enpresa-parkea 200.000 metro karratu baino gehiago handitu ahalko du enpresa berriak hartzeko. Patxi López lehendakariak akordioak “alde guztiek orain arte izan dituzten harreman bikainetan eragina izango duela” azpimarratu du. “Izan ere, gaur euskal enpresa erakartzeko lur eta erraztasun gehiago lortzeaz gain, Mondragonen eskutik aurrerapausoak ematen ari gara Euskal Herriarentzat erreferentziazko estatusa lortzeko”, gehitu du lehendakariak.

Shangaira joan den erakunde- eta enpresa-misioaren bigarren jardunaldian lehendakaria eta Euskadiko ordezkaritza osoa Mondragon taldeak Kunshanen daukan enpresa-parkeraino hurbildu da eta bertan, lehendakariak Fagor, Orbea, Orkli eta Batz enpresak bisitatu ditu Shangaiko probintziarik indartsuenetako batean. Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkaritzako eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko kideek euskal enpresa horiek Asiako erraldoian nola funtzionatzen duten ikusteko aukera izan dute.

Gaur goizean sinatu den akordioari esker, Mondragon taldearen enpresa-parkea 200.000 metro karratu handitu ahalko da eta hori 80ko hamarkadan egin zen “apustuaren arrakastaren isla da”, eta orain, 15 urte geroago, Euskal Herria “aliatu estrategiko” gisa kontuan hartua izan dadila sustatzeko helburua du. Lehendakariak akordioaren garrantzia azpimarratu du, izan ere, euskal enpresei “esperientzia trukatzeko eta sinergiak aprobetxatzeko aukera emango die eta horixe da, hain zuzen, Txinan gure merkataritza- eta enpresa-ekintza osoan gauzatu nahi dugun eredua”.

Lehendakariak Kunshango agintaritzei eskerrak eman dizkie euskal ordezkaritzari egin dioten “harrera beroagatik” eta “urte hauetan jasotako tratu bikainagatik, eta askoz gehiago iraungo duela” espero du.

2.500 lanpostu

Mondragon taldeak Kunshanen daukan enpresa-parkearen hedapenak 500 lanpostu sortzea espero da, hortaz, bertan instalatuta dauden enpresek guztira kontratatuta daukaten langile kopurua 2.500era iristea espero da eta horretarako, 32 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin beharko da. Shangaira joan den euskal ordezkaritzak gaur goizean enpresa horietako batzuk bisitatu ditu.

Lehendakariak bertan instalatuta dauden enpresen helburu eta proiektuen inguruko interesa agertu du, esaterako, Orbeak oinarrizko osagaien merkatu txinatarrean industria-plataforma bihurtu nahi du, Orklik, aldiz, merkatu asiarrean lehiatzeko eta mundu mailan daukan nazioarteko lidergoa sendotzeko helburua dauka, Fagor enpresak fabrikatzaile global irudia indartzeko lan egiten du bezeroen arreta erakartzeko gaitasuna ziurtatuz eta Txinan erosketak bultzatuz, eta azkenik, Batz enpresaren xedea nazioarteko OEM bezeroen behar estrategikoei erantzutea da.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-09-28n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria