Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: «Gure herriak behar duen ereduaren gako guztiak biltzen ditu Arasur plataformak, azpiegituretan inbertsioak eginda eta atzerriari irekita»

2016.eko maiatzak 23
  • Bilboko Portua egiten ari den lanak bisitatzen izan da, tren-bazterbide bat egiten ari baitira Madril/Gasteiz/Bilbo/Bordele ardatzeko plataforma logistikoaren barruan

 Iñigo Urkullu lehendakariak uste du Rivabellosako Arasur plataforma logistikoak «gure herriak behar duen ereduaren gakoak» dituela, «azpiegiturak modernizatzeko inbertsioak eta hazkunde jasangarriaren aldeko apustua eginda, atzerriari irekita, ekonomia erreala babestuta eta lankidetza publiko-pribatuarekin». Lehendakaria gaur goizean Bilboko Portua tren-bazterbidea eraikitzeko egiten ari den lanak bisitatzen izan da; lehorreko portu bat edota kargetarako plataforma logistiko bat egitea da helburua Europako Atlantikoko korridorean.

«Erakunde publikoak eta pribatuak elkarrekin inbertsioak egiten ari dira proiektu honetan; elkarrekin lanean lehorreko portu bat egiteko, guztia ere enpresek aukera gehiago izan ditzaten eta gure herriak lehiakortasun logistiko handiagoa izan dezan», adierazi du Iñigo Urkulluk. Harekin batera izan dira obren arduradunen azalpenak entzuten Portuko zuzendari Asier Atutxa, Ramiro González ahaldun nagusia, Peio Ruiz Rivabellosako alkatea, Arasurreko presidente Luis Viana eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Ana Oregi.

Lehendakariaren ustez, «Arasurren kokapena, lehorreko portua garatzen den plataformarena, estrategikoa da Ebro ardatzean, ondo konektatua errepide- eta trenbide-garraioarekin, eta gure barrualdeko enpresen esportazio- eta inportazio-operatiba errazten duten garraiobideen topaketa-polo bat osatuta». ARASUR plataforma logistikoa Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Sabak, Kutxabankek eta Bilboko Portu Agintaritzak partekatutako proiektua da.

«Badakigu diru-bilketarekin arazoak daudela, eta, ondorioz, aurrekontuetan ere bai. Gaur sekula baino garrantzitsuagoa da gastu publikoan lehentasunak markatzea eta zorroztasunez egitea inbertsioak, arlorik garrantzitsuenak ondo zehaztuta. Gizarte-politikekin daukagun konpromisoa bermatuta dago. Gaur, Arasur eta tankerako proiektu estrategikoetan egindako inbertsioen ahalmena nabarmendu nahi dut; izan ere, ekonomia biziberritzeko aukerak eskaintzen ditu, Araban eta Euskadin ekonomia indartzeko eta enplegua sortzeko», gaineratu du lehendakariak.

Arasur industrialdean egiten ari diren tren-bazterbiderako guztizko inbertsioa 10 milioi eurokoa da. Herena lursailerako eta gainerakoa obrak egiteko; guztira 15 hilabeteko epea dago aurreikusita.

«Arasur proiektu logistikoa eta ekonomikoa da, baita ingurumenaren alorrekoa ere», nabarmendu du lehendakariak, eta gaineratu du inportazio eta esportaziorako lotune logistikoa izango dela bere enpresa-ingurune osoa Bilboko Portuarekin lotzeko. Inpaktu ekonomiko positiboak inguruko enpresen errentagarritasunari mesede egingo dio, eta, gainera, ingurumen-onurak ekarriko ditu trenbidearekin tankerako garraiobideak erabilita.

Iñigo Urkulluk gogorarazi du askotan esan duela «Euskadik etorkizuneko proiektu partekatu bat» behar duela. «Gaur aitortu behar dut, hemen daudela, Arasur plataforma logistikoan, gure herriak behar duen ereduaren gakoak: azpiegiturak modernizatzeko inbertsioak, hazkunde jasangarriaren aldeko apustua, atzerriari irekita, ekonomia erreala babestuta eta lankidetza publiko-pribatuarekin. Euskadiren proiektu partekatu baten aldeko apustua egiten dugu elkarrekin, eta bertan inbertitzen», azaldu du.

Nodo logistikoa

Bestalde, Arabako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzálezek, nabarmendu du lanok erabakigarriak direla Arabaren proiektuan, Europako hego-mendebaldeko nodo logistiko gisa.  «Arabako Foru Aldundiak lanean jarraituko du logistika gure lurraldearen garapen ekonomikoaren motor izan dadin», gaineratu du.

Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak, Asier Atutxak, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak azaldu ziola, portuaren zuzendaritzari heldu eta egun gutxira, «interes berezia» zuela Arasurren parte hartzeko, eta, hala, Jaurlaritzaren apustu estrategikoarekin bat egiteko prest zegoela, Euskadi hub logistiko bilakatzeko, Lezo, Jundiz, Arasur, aireportuak eta portuak guztiak bat hartuta.  «Harrezkero, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Arasurreko akziodun nagusiekin bilerak izan genituen, Euskadin sinergiak sortzeko helburuan parte hartzeko jarrera azaltzeko», gaineratu du.

«Aldi berean, trafiko berriak erakartzeko eta merkatua zabaltzeko plan estrategikoa onartu genuenean, oinarrizko premisa bat zen intermodalitatea sustatzea eta merkatu potentzialen bat dagoen tokietan lehorreko portua indartzea, eta Araban eta lurralde horren inguruetan bada horrelakorik», nabarmendu du Atutxak.

«Portuko Agintaritzaren presidenteak esan duenez, Bilbo Arabako portua da, mundu zabaleko 900 porturekin lotzen duten lineak eskaintzen baititu; era guztietako trafiko motetarako azpiegiturak eskaintzen ditu gure portu-komunitateak. Baina, portu bezala, oraindik zerbait gehiago behar dugu lehiakorrago izan nahi badugu, eta Europa iparraldera iristeko errepidea erabiltzen duten edota beste inguru batzuetatik bideratzen diren merkatuak erakarri nahi ditugu. Plus horri intermodalitate eta malgutasun deitzen diogu», gaineratu du.

Portuak emandako zifren arabera, Arabara edota Arabatik eta bere barrualdetik (Errioxa eta Nafarroa) 6,3 milioi tona errepidez esportatzen edo inportatzen dira, edota Bilbokoa ez den beste portu batzuetatik bestela. 6,3 milioi horietatik, kalkulatzen da 2,2 milioi Bilboko Portura eramateko modukoak direla, kargadorearentzat abantaila ekonomikoekin, Arasurreko trenbide-plataformarekin konbinatuta eginez gero.

«Hori dela eta, herrialde-sinergiak sortzeko helburuarekin eta trafiko berriak erakartzeko asmoz, iazko martxoan lankidetza-hitzarmen bat sinatu genuen Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak; haren emaitza izan da guretzat garrantzitsuak diren obrak lizitatzea eta esleitzea, hemen trenbide-konexio bat izateko, zeina Arasurrentzat estrategikoa baita plataforma hau sustatzeko», gaineratu du Atutxak.

Elkar ulertzea

«Proiektu honek Bilbo eta barrualde estrategiko bat lotuko ditu, Arasurren jarduera indartuko du, inguru horretako enpresak lokalizatzen lagunduko du eta euskal ekonomiarentzat indargune izango da; era berean, kargadoreei abantaila lehiakorrak eskainiko dizkie eta ingurumenari ere onurak ekarriko dizkio, errepideak ez baitira horrenbeste itoko. Hori guztia posible izan da inplikatutako alderdi guztiek elkar ondo ulertu dutelako; hala, proiektu honi esker, Arasurrek, Arabak eta Euskadik, guzti-guztiek irabaziko dute», azaldu du Asier Atutxak.

Bilboko Portuko Agintaritzak Arasurreko trenbide-plataformako obren bisita gidatu du. Hala, Asier Atutxarekin batera, euskal erakundeetako honako ordezkari hauek guztiak izan dira: Iñigo Urkullu lehendakaria, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Ramiro González Arabako ahaldun nagusia, Pilar García de Salazar Ekonomiaren Garapen eta Lurralde Orekarako foru-diputatua, Peio Ruiz Rivabellosako alkatea, Luis Viana Arasurreko presidentea eta Asier Axpe gerentea, beste hainbaten artean.

Proiektu hau 5.319.584 euroko zenbatekoarekin esleitu zioten lehiaketa publiko bidez (BEZa kanpo) Construcciones Mariezcurrena SLk eta Construcciones y Promociones Coprosa SAk osatutako ABEEari. Hamabost hilabeteko epea daukate lanak egiteko.  Instalazioak bi bide izango ditu trenak jasotzeko eta bidaltzeko, eta beste bi zamalanetarako. Lau bideek 450 metro luze izango dituzte zabalera iberikoarekin, eta nazioarteko zabalerara egokitzeko aukera ere izango dute. Horrez gain, zamalanetarako gune bat ere gaituko da, salgaien trukaketa modala posible izan dadin.

Obra estrategiko hau Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Bilboko Portuaren Agintaritzak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren fruitu da, Bilboko Portuak plataforma logistiko honetan trenbide-base operatibo bat izan dezan. Portu Agintaritzak izapidetu du obren lizitazioa, baina finantzaketan hiru erakundeek esku hartuko dute.

Era berean, Portuko Agintaritzak 2015eko abenduaren hasieran 68.500 m2 inguru erosi zituen, hiru milioi euro inguruko zenbatekoaren truke, konexio hau interes orokorreko trenbidearekin konektatzeko eta ondoren lehorreko portu hori ustiatu ahal izateko.

 

 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @garraioEJGV
    2016.eko maiatzak 23

    Comentario de Twitter:
    .@iurkullu“Arasur reúne claves del modelo necesario para nuestro país: inversión infraestruct. y apertura exterior” https://t.co/bhXNMKQNqz

  • @zugazaga_kepa
    2016.eko maiatzak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: “Arasur reúne las claves del modelo que necesita Euskadi con inversión en infraestructuras y apertura al exterior” ➡ https://t

  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 23

    Comentario de Twitter:
    Lehendakariak Arasurreko tren-plataformako eraikuntza lanak bisitatu ditu ➡ https://t.co/aInegBKY8Y

  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 23

    Comentario de Twitter:
    “Arasur reúne las claves del modelo que necesita Euskadi con inversión en infraestructuras y apertura al exterior” ➡ https://t.co/S2fHXEIU0F

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)