Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Antonio Aiz: «Salgaien garraioaren sektorea funtsezkoa da Euskadin EAEko ekonomiaren lehiakortasunerako, % 4,9 baita»

2016.eko maiatzak 20
  • Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuordearen arabera, errepideko garraioaren kolektiboa prest dago gero eta globalagoak diren merkatuetako erronkak bere egiteko.
  • 40.000 pertsona sektorean lanean Euskadin
  • Jardunaldia Deustun «Salgaien Garraioa, joera globalak eta tokikoak» gaiari buruz

 

Bilbo, 16-05-20

Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuorde Antonio Aizen arabera, «salgaien garraioaren sektorea funtsezkoa da Euskadin EAEko ekonomiaren lehiakortasunerako, guztizkoaren % 4,9 baita, eta prest dago gero eta globalagoak diren merkatuen errokak bere egiteko. Gainera, 40.000 pertsona inguru daude sektorean lanean Euskadin».

 

Aizek Deustuko Unibertsitatean izan den «Salgaien Garraioa, joera globalak eta tokikoak» gaiari buruzko jardunaldi batean parte hartu du. Bertan Asetraviko presidente Iñaki Errastik eta sektoreko erakunde eta enpresetako ordezkariek hitz egin dute.

 

«Euskadik garraio-azpiegitura modernoak eta eraginkorrak ditu, baina eguneratze etengabea eta garestia dakarte berekin:  hor ditugu trenbide-sare berria, gure portuak handitzea eta biziberritzea, Calais/Jundiz tren-autobide atlantikoaren proiektua, aireportuetan inbertitzea eta gure errepideen eta autobideen etengabeko eguneratzea, horietako batzuk eguneko batez besteko 75 mila ibilgailuko intentsitatea dutenez, horietako asko tonaje handikoak», esan du Aizek.

 

Garraioetako sailburuordeak azaldu duenez, «salgaien garraioaren sektorea EAEko ekonomiaren % 4,9 da (% 4,9ko Balio Erantsi Gordina, hau da, 2.944,6 milioi €), eta prest dago gero eta globalagoa den ekonomia baten erronkak bere egiteko.  38.000 pertsona inguru daude sektorean lanean Euskadin».

 

«Krisi ekonomikoaren eta ekoizpen-beherakadaren eraginez, garraio-enpresa txiki eta autonomo askok momentu delikatuak bizi izan dituzte eta bizi dituzte, oraindik. Horri guztiari gehitu behar zaizkio Europako erregelamenduak ezartzen dituen eskakizun normatiboak eta teknologikoak eta beharrak. Halaber, ezin ahaztu dezakegu norgehiagoka desleiala. Euskadiko kostu sozialak baino txikiagoak ditu, eta merkatuaren baldintzei eragiten die» nabarmendu du Aizek.

 

Korridoreak

Antonio Aizen arabera, Europak, gure kargen zati handi baten helburua eta jatorria den aldetik, honako hauei egin behar die aurre: garraio-artekariek mugaz gaindiko tarteetan jarraitzea, azpiegiturak hobetzea, zatiketarekin bukatzea, sektorean ekoitzitako berotegi-efektuko gasak gutxitzea, desberdintasunak ezabatzea hainbat tren-konpainiaren elkarreragingarritasuna bermatzeko eta garraioaren intermodalitatea sustatzea».

 

«Europaren helburua sistema intermodal integratu bat garatzea da. Trenbide-sare osatu bat izango du, nabigaziorako bide eraginkorrak, errepide adimenduna eta aireko garraio arina. Errepide- eta tren-modalitateek elkarren osagarri izan behar dute. Banaketa intermodal hori bientzat izango da onuragarri, eta gainera mugikortasun jasangarriago bat garatuko da», esan du Aizek.

 

Sailburuordearen arabera, «erronka horri aurre egiteko Bruselak honako hauek diseinatu ditu: geruza bikoitzeko sistema bat «sare global» batekin (2050eko abenduaren 31rako bukatuko beharko da); «oinarrizko sare» bat, zonalde estrategikoenak, Europako balio erantsi handia dutenak barne hartzen dituena (2030eko abenduaren 31rako bukatuko beharko da).   Proiektu horiek sare nagusiaren korridoreetan oinarrituko dira, eta hiru garraio-mota konbinatu beharko dituzte, gutxienez hiru Estatu-kide zeharkatu beharko dituzte, eta, ahal bada, itsas portu batekin lotura izan. Hemen, Euskadin, baldintza horiek betetzen ditugu. Gainera, gaitasun handia dugu, eta errepide-sektore indartsu eta modernoa dugu».

 

«Kamioiaren sektoreak, bai distantzia luze, ertain edo laburrekoak, intermodalitate honen joera berriekin adi egon behar du. Nodo berriak eta gehiago definitu behar dira, hau da, zamalanetarako puntuak eta loturak», gomendatu du Aizek.

 

BEG

Errepidea EAEko garraioaren sektorearen Balio Erantsi Gordinaren % 33,6 da, trenbidearena % 5,6, bidaiariena % 19,5, itsasokoa % 1,9, airekoa % 2,9 eta beste jarduera gehigarri batzuena % 36,5.   Euskadin errepideak, 2014an, 116.780 mila tona zama mugitzen zituen, ia erdia barne-trafikoetan, eta erdia baino zerbait gehiago gure mugetatik kanpora edo beste toki batzuetatik zetorrenari edo iragaitzazkoari zegokienez.  

 

«EAEko gure ekonomiaren azken datuek esperantza adierazten dute: garraioa, ekonomiarekin paraleloan, hazten ari den sektorea da.  Euskal Autonomia Erkidegoan 3.000 milioi euroko balio erantsi gordineko balioa du. BPGaren % 5 da.           11.000 enpresa baino gehiago dago sektorean, eta 40.000 pertsona baino gehiago lanean. 2015ean 200 lanpostu baino gehiago sortu dira» zehaztu du Antonio Aizek.

 

Batasuneko datuak atzo eman zituen Europako Batzordeak: 2016ko urtarrilaren eta martxoaren artean, euro-eremuko salgaiak munduko beste lekuetara esportatzea 485.800 milioi eurokoa izan zen, 2015eko datuekin konparatuta % 1 gutxiago; inportazioek, aldiz, 432.000 milioiko jaitsiera izan zuten, 2015eko datuekin konparatuta % 3 gehiago. Denboraldi berean, euro-eremuko barne-merkataritzak ia-ia egonkor eutsi zion, 422.100 milioi euroan.

 

«Gure kokapen geografiko bikaina eta gure industria-ekoizpenaren ezaugarriak direla eta, Euskadi bezalako herrialdeak tokiko garraioarentzat eta garraio globalarentzat erreferentziazko baliabide dira Europan.    Hori dela eta, garraio-enpresen etengabeko Berrikuntza eta Egokitzapen teknologikoa behar dugu, batez ere errepidearekin lotuta daudenena.  Hortxe aritu behar dugu elkarlanean, modu konprometituan, erakundeek eta enpresa-ehunak» bukatu du Aizek.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 20

    Comentario de Twitter:
    Aiz: «Salgaien garraioaren sektorea funtsezkoa da Euskadin EAEko ekonomiaren lehiakortasunerako, % 4,9 baita» ➡ https://t.co/ppT4vqg5NR

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)