Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bizikidetza arloko lankidetza-ildoak aztertzea adostu dute

2016.eko maiatzak 20
  • Jonan Fernández Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako sailburua den Ana Ollorekin batzartu da
  • Hiru lankidetza-esparru lehenetsi zehaztu dituzte: biktimak, hezkuntza eta Europako bizikidetza-proiektuak.
  • Koordinazio-esparru bat sortuko da bi gobernuen artean, Álvaro Baraibar eta Jonan Fernández buru izango direna

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bake eta bizikidetza arloetan lankidetza ildoak aztertuko dituztela adostu dute gaur goizean. Zehatz-mehatz, biktima, hezkuntza eta bizikidetza proiektuen inguruan sakontzeko konpromisoa hartu dute.

Horrela adierazi dute gaur Nafarroako Jauregian izan duten batzarrean. Bileran Nafarroako Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako sailburu Ana Ollok eta Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari Álvaro Baraibarrek hartu dute parte. Eusko Jaurlaritzaren izenean  Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernández eta Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando izan dira

Bi ordezkaritzen arteko lehen bilera horrekin martxan jarriko da pasa den maiatzaren 10ean Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eta Nafarroako gobernuko presidente Uxue Barkosek sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren arteko Lankidetza Protokoloan jasotako 18 jarduera-eremuetako bat.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko protokoloan jasotakoaren arabera, «bakegintzan, bizikidetzan eta giza eskubideetan elkarlanean aritzea komeni da», eta, horrenbestez, «lankidetzarako bideak ezarri behar dira, gure gizarteetan bakegintza eta bizikidetza sendotzeko beharrezkoak diren baldintzak sortuko dituzten ekintzak eta programak sustatzeko».

Protokoloak, halaber, lankidetza-ildo lehenetsiak zehazten ditu: «Pertsonaren duintasuna eta giza eskubideak errespetatzea eta sustatzea; ideiak edo proiektuak indarkeria bidez defendatzeari uko egitea eta zilegitasunik ez ematea; biktima guztiek duten egia-, justizia- eta erreparazio-eskubidea defendatzea; bizikidetzaren eraikuntza memoria kritikoan bermatzea, eta bi erkidegoetan gertatutako giza eskubideen urraketa guztiak argitzea; eta bakearen kultura eta errespetuaren, demokraziaren eta bizikidetzaren balioak sustatzea».

Gaurko bileran, egoeraren gaineko iritziak eta gobernu bakoitzak bakegintzan, bizikidetzan eta giza eskubideetan abian jarritako proiektuak eta ekimenak azaldu dizkiote elkarri. Bileraren bigarren erdian, ordea, gobernu bien arteko lankidetza oinarritu daitekeen koordinazio-esparruak eta proiektuak edo ekimenak aztertu dituzte. Lau lan-ildo hauek bereizi dituzte:

Biktimak, hezkuntza eta europar proiektuak

1. Biktimak. Bi gobernuen arteko lankidetzaren lehentasunezko helburuetako bat da biktimei dagozkien egia-, justizia- eta erreparazio-eskubideei erakundeen aldetik emandako erantzunen gaineko esperientziak eta jardunbide egokiak elkarri ezagutaraztea. Hasteko, laguntza-politikak aztertuko dituzte, baita errekonozimendu- eta erreparazio-politikak ere, antolaketari eta eginbideei buruzko alderdiez eta biktimei buruzko informazioaren eta haiei eman beharreko arretaren kudeaketa optimizatzeko tresna informatikoez gain.

2.Hezkuntza. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako gobernua elkarlanean arituko dira bakegintza eta bizikidetzarako hezkuntzaren arloan. Zehazki, Adi-Adian programa (biktimak hezitzaile direna) eta Ahotsak programa (bizikidetza-hezkuntza unibertsitatera hedatzea) aztertuko dituzte.

3. Europako bizikidetza proiektuak. Memoria eta Bizikidetzaren Lekuen gaineko politika publikoei loturiko «Europa herritarrekin» programarekin elkarlanean arituko dira bi gobernuak (MEMSITE proiektua). Era berean, bakegintza eta bizikidetzarako Europako IV. Peace Programme-ren barneko lankidetza-proiektuekin elkarlanean arituko dira.

4. Koordinazioa. Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetza Idazkaritzak eta Nafarroako Gobernuko Bakegintza, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak lankidetza-esparru egonkor bat osatuko dute, Álvaro Baraibar eta Jonan Fernández buru izango direna. Lankidetzaren bitartez, bakegintzan, bizikidetzan eta giza eskubideetan onuragarriak izan daitezkeen informazioa, proiektuak eta ekimenak partekatuko dituzte bi erkidegoek.

Bi ordezkaritzek hurrengo bilera irailean Gasteizen egitea adostu dute.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 20

    Comentario de Twitter:
    #BakeaBizikidetza Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bizikidetza arloko lankidetza-ildoak aztertzea adostu dute ➡ https://t.co/4xW7WW9LnZ

  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 20

    Comentario de Twitter:
    #PazConvivencia Gobierno Vasco y Navarro exploran vías de colaboración en materia de convivencia ➡ https://t.co/TwK1gjMP37

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)