Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Zineuskadik eta EZAEk indarrak batu dituzte euskal eta europar zinemaren kontsumoaren igoera mantentzeko

2016.eko maiatzak 19
  • Gaur sinatuta duten hitzarmenarekin EZAEko aretoak euren pantailetan euskal zinema proiektatzeko konpromisoa hartu dute 
  • Joxean Muñozen hitzetan gorakadaren arrazoi nagusia aretoek, ikusleek eta instituzioek euskal zinemaren alde izan duten jarreran dago
  • Bi urtetan europar zinemaren pantaila kuota % 27tik % 40ra igo da

Zineuskadik, Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Ikus-entzunezko Plataforma Publikoak, eta EZAEk, Euskadiko Zine Aretoen elkarteak, elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizena. Akordioak, Euskal Autonomia Erkidegoko aretoetan euskal eta europar zinemaren banaketa sustatzea eta euskal eta europar zinemaren kontsumoaren gorakadan eragitea du helburu.

Euskal eta europar zinemaren kontsumoak gorakada izan du, horrela adierazi du Joxean Muñozek, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, Zineuskadik eta EZAEk sinatu duten hitzarmen ekitaldian. Aretoetara joan diren ikusle-datuek (*) egiaztatzen dituzte Joxean Muñozen hitzak.

Sailburuordeak emandako zenbakien arabera 2015. urtean euskal ekoizpeneko 12 filma estreinatu ziren, 100.000 ikus-entzule baino gehiagoko kuota gaindituz. 12 pelikula horiez gain, Zinema Euskaraz programako beste 17 film proiektatu ziren. Pelikula horiek 25.000 ikus-entzuleko kuota bereganatu zuten.

Ikus-entzuleen gorakada ulertzeko, EAEko zinema aretoetan euskarazko bertsio originalean eman diren pelikula kopuruari erreparatu behar zaio. Azken urteetan eman den igoera nabarmena izan da; igoera horren parekoa izan da ikus-entzule kopuruaren gorakada. 

Bertako produkzioak eta euskaraz egiten diren filmak babesteaz gain, Zineuskadik aretoak laguntzen ditu kalitatezko eskaintza zinematografikoa bermatzeko, beti ere europar produkzioak lehenetsiz. Irizpide horri esker, europar zinemaren pantaila kuota ere igo egin da; 2013an % 27koa baldin bazen, 2015ean % 40ra heldu da.   

Zineuskadi-EZAE hitzarmena

Gorako tendentzia hori mantendu nahian, Zineuskadik, Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Ikus-entzunezkoen Plataforma Publikoak, eta EZAEk, Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak, elkarlanerako hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Euskadiko ikus-entzunezko kontsumoa sustatzeko asmoz.

Clara Monterok, Zineuskadiko egungo presidenteak, hitzarmena hiru helburu betetzeko asmotan sinatu dela azaldu du. Alde batetik, ikus-entzunezko proiekzioen eremuan elkarlana finkatzeko. Bestetik, indarrak batuz EAEko zinema aretoetara ikus-entzuleak bertaratzeko. Eta azkenik, euskal produkzioa, Zinema Euskaraz programaren bidez bikoiztutako pelikulak eta Europan ekoiztutako pelikulen kontsumoa sustatzeko.   

Hitzarmenak jasotzen duenez, arestian aipatu diren helburu horiek lortzeko  Zineuskadik EZAErekin elkarlana bideratuko duEuskadin ekoiztutako filmak, Zinema Euskaraz programaren bidez bikoiztutakoak eta Europan ekoiztutakoak sustatu ditzan. Halaber, elkarlanerako beharrezkoak eta egokiak diren bestelako jarduerak bideratzeko ahalegina egingo du.

Bestalde, EZAEk ondorengo konpromisoak hartu ditu: Zinema Euskaraz programak bikoiztutako haurrentzako filmak sustatzeko kanpaina abiatzea; banatzaile nazionalen eta Zineuskadiren arteko harremanak indartzeko lan egitea, modu horretan Zinema Euskaraz programak eskaintza erakargarria eta zabala izan dezan; EZAEren aretoetan euskal ekoizpeneko filmak estreinatzea –beti ere banatzaile propioa badute–; Euskadiko zinema aretoetara ikus-entzuleak bertaratzeko jarduerak antolatzea; publiko berria erakartzeko ekintzak bideratzea, batez ere gazteei zuzenduta; azkenik, europar ekoizpenari babesa ematea. 

Baikortasuna alde bietan

Joxean Muñoz eta Coro Odriozalak, EZAEko idazkariak, baikor agertu dira hitzarmena sinatu berritan. Sailburuordearentzat, “Euskadiko Zinema Aretoen elkartearekin egindako akordioak, Eusko Jaurlaritzak euskal zinemarekin hartutako konpromisoa berresten du. Aurrera pausu kuantitatibo eta kualitatibo itzela da, euskal produkzioari aretoetara sarbidea errazten zaiolako eta sektoreko profesionalek  egiten duten lana balioan jartzen delako”. 

Bestalde, Coro Odriozolak adierazi du akordioa EZAE “kultura zinematografikoaren hedapen eta sustapenean” egiten ari den lanaren aitorpena dela. Bide horretan, “Eusko Jaurlaritzaren babesa” eskertzeko dela adierazi du. “Gure iritziz –jarraitu du–, zinema areto pribatuen biziraupena behar beharrezkoa da euskal kulturaren sarea mantendu nahi bada”. 

Adibide gisa, 2015eko urria eta 2016ko otsaila bitartean egindako Bidaiariak zinemara kanpaina ekarri du gogora. Bertan, euskal eta europar zinema sustatu nahi izan da, ikus-entzuleei bi euroko deskontuak eskainita –kanpainak Eusko Jaurlaritzaren 50.000€-ko diru laguntza jaso zuen Zineuskadi bidez–. Balorazioa baikorra egin du Odriozolak, eta zenbait datu jarri ditu mahai gainean: 21 film bultzatu ziren, horietako zazpi euskaraz eta beste lau euskal ekoizpenekoak; 11 zinema aretoetan egin zen kanpaina (Donostia, Bilbo, Durango, Amorebieta-Etxano, Eibar, Getxo, Errenteria y Beasain), eta guztira, 27.325 sarrera saldu ziren, uste baino gehiago.

Aurrekari horiek kontuan izanik, bigarren fase bat prestatzen ari direla aurreratu du. Nobedade gisa, sarrerak 4 euroan jarriko direla aurreratu du. Eta kanpaina berria bideratzeko, Eusko Jarlaritzak, Zineuskadi bidez, beste 50.000 €ko inbertsioa bideratuko du.

EZAEko aretoak EAEn barrena zabaltzen dira. Hauek dira: Durango, Eibar, Mungia, Amorebieta-Etxano, Galdakao, Getxo, Multis Bilbo, Golem Bilbo (2), Florida Gasteiz, Laudio, Sade Donostia (3), Beasain, Niessen Errenteria. Laster  Andoainek eta Zumarragak osatuko dute zerrenda.

 

(*). Iturria: Zineuskadi, EZAE eta Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua (ICAA).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Coro Odriozola (EZAE)