Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregi: «baliteke garraio eta logistika azpiegiturak eguneratzeko egiten dugun bultzadak indarra galtzea, Estatuak ez badu Europar Batasunarekin lerrokatuta dauden jarduera estrategiko eta zuhurrik abiarazten»

2016.eko maiatzak 19
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Arabako Merkataritza eta Industria Ganberan egin den «Transmodal» jardunaldian parte hartu du
  • «Eusko Jaurlaritzak ezin du Gasteiz-Forondako aireportua desblokeatzeko edo trenbide-sare berriaren plataforma logistikoen eta hiriburuetako zatien eraikuntza azkartzeko jarduera erabakigarriak etengabe exijitzen egon»
  • «Parisko Klimari buruzko goi-bileran adostutakoarekin bat etorriz, garraioa karbonogabetzeko premia dugu»

 

Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek, enpresekin eta elkarteekin lankidetzan, etengabe eguneratzen dituzte trenbideak eta autobideak, eta portuak handitzea sustatzen dute, base logistikoak garatzeaz gain. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren ustez, bultzada horrek, ordea, indarra gal dezake erabaki estrategikoak hartzen ez badira. Horiek garaiz hartu behar dira, eta Europar Batasunak garraio-sistema jasangarri eta lehiakorraren arloan sustatzen dituenekin lerrokatuta, mugikortasuna hobetu, eta hazkunde ekonomiko zein enplegu-sorrera orekatua bultzatzeko.

 

Ana Oregik Arabako Merkataritza Ganberak antolatu duen logistikari eta garraioari buruzko «Transmodal 2016» jardunaldian parte hartu du, Gregorio Rojo, Ramiro González eta Asier Atutxarekin batera. Sailburuak esan du Eusko Jaurlaritzak ezin duela Gasteiz-Forondako aireportua desblokeatzeko edo trenbide-sare berriaren plataforma logistikoen eta hiriburuetako zatien eraikuntza azkartzeko jarduera erabakigarriak etengabe exijitzen egon. «Ezin dugu gehiago itxaron. Ez badute jarduten, Arabak indarra galduko du, Euskadi eten egingo da eta gure inguruak ez du aurrera egingo», nabarmendu du.

 

«Aste gutxiren buruan eratuko da administrazio berria Espainian. Gobernuan edonor dagoela ere, garraio-azpiegitura horiei bultzada irmoa ematea espero dugu, Arabari eta Euskadiri ez ezik, korridore atlantikoan eta Penintsulatik Europarako sarbidean kokatuta daudenei ere onura ekarriko dietenez», esan du Ana Oregik.

 

«Zorionez, legegintzaldi honetan hainbat aurrerapauso eman ditugu: Bilboko portuaren Arasurreko bazterbidea, enpresa berriak erakarriko dituena; Frantziako gobernuak begi onez hartu du Jundiz izatea Calais/Bordele/Gasteiz trenbide atlantikoaren helmuga; eta Pasaiak etapa berri bat hasi du biziberritze-prozesuan, eta bertan kudeatutako zamak euskal enpresa berriaren beharrei zuzenean loturik egongo dira», jarraitu du.

 

«Gaurkoan, Logistika eta intermodalitatea izango ditugu hizpide –azaldu du Ana Oregik–. Inon eredugarria bada erakundeen, enpresen eta elkarte profesionalen arteko harremana eta lankidetza, Euskadin da, eta, noski, horren barnean, Araban».

 

«Bada beste gai bat aurkezpen honetan landu nahi dudana; zehazki, hornidura-kate multimodaleko salgaien garraioa karbonogabetzeko premia, Parisko Klimari buruzko goi-bileran adostutakoarekin bat etorriz. Europar Batasuneko politikak egituratzen dituen gakoetako bat da jada, eta intermodalitatea horretan datza. Horri heltzen ez badiogu, lehiakortasuna galtzeko arriskuan gaude», azaldu du Oregik.

 

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 19

    Comentario de Twitter:
    La Consejera Ana Oregi ha participado en la Jornada Transmodal de la Cámara de Comercio de Álava ➡ https://t.co/CnIIodzJbv

  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 19

    Comentario de Twitter:
    Ana Oregi sailburuak Arabako Merkataritza eta Industria Ganberan egin den «Transmodal» jardunaldian parte hartu du ➡ https://t.co/l8RG8snkyG

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ramiro González, Gregorio Rojo, Asier Atutxa, Eduardo Mozo de Rosales