Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Ihobek eta Ecoembesek akordioa izenpetu dute ontziak ekoizten eta -merkaturatzen dituzten Euskadiko enpresetan ekodiseinua sustatzeko

2016.eko maiatzak 18

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren mendeko Ihobe sozietate publikoa eta Ecoembes, ontziak birziklatuz jasangarritasuna sustatzea xede duen erakundea lankidetzan arituko dira Euskadin enplegu berdea sortzeko eta ontzi-hondakinak sortzea prebenitzeko. Horretarako, ekodiseinua aplikatuko dute ontziak ekoizten edo merkaturatzen dituzten Euskadiko enpresetan, sinatu duten hitzarmenari jarraikiz.

«Ontziak diseinatzen edo erabiltzen dituzten enpresekin elkarlanean arituko gara, bizi-zikloaren metodologia aplikatzeak eskaintzen dituen abantailak ezagutaraziz. Izan ere, bizitza baliagarriaren amaierako ingurumen-inpaktua murrizteko, funtsezkoa da zein lehengai erabiliko diren kontuan hartzea diseinuari ekitean, material birziklatua erabiltzea ontzi berrien fabrikazioan edo material gutxiago erabiltzea ekoizpenean», azaldu du Ihobe sozietate publikoko zuzendari nagusi Javier Agirrek.

Hitzarmenaren aurkezpenean, Ihobeko zuzendariak alboan izan du Ecoembeseko kontseilari delegatu Óscar Martín, euskal herritarrek ingurumena zaintzeko hartutako konpromisoa nabarmendu duena, «horren bitartez, 2015ean 77.251 tona ontzi-hondakin birziklatu ziren etxeetan, aurreko urtean baino % 4,3 gehiago». Halaber, adierazi du hitzarmena garrantzitsua izango dela ekonomia linealetik –erabili ostean botatzea– ekonomia zirkularrera –hondakinak baliabide bihurtzea– aldatzeko bidean aurrera egiteko. «Ecoembes harro dago gaur eratu dugun aliantzarekin, ziur gaude ontzien bizi-zikloaren gaineko ezagutza areagotuko duela, eta hori onuragarria izango da gizarte osoarentzat».

Erakunde biek hitzartutakoaren ondorioz, hainbat jarduketa jarri dira martxan, ontzi-hondakinen prebentzioaren garrantziaz kontzientziatzeko prestakuntza-tailerra eta ontzi-hondakinen prebentzioari eta kudeaketari lotutako alderdien integrazio praktikoa diseinu-fasean sustatzeko prestakuntza-tailerra kasu.

Gainera, ontzien eta enbalajeen ekodiseinu-gidaren metodologia gaurkotzea eta aplikazio praktikoa garatzea adostu dute. Ihobe sozietate publikoak argitaratuko duen gida horretan jasoko dira Europako Batzordeak ekonomia zirkularrari buruz ezarritako arauak eta neurriak. Bestalde, Ecoembesek partaidetza aktiboa izango du Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Basque Ecodesign Centerrekin kidetutako erakundeekin batera antolatzen duen Basque Ecodesign Meeting Kongresuaren hurrengo edizioan.

Hitzarmena urtebeterako izango da eta automatikoki berrituko da.  Jarraipen-batzorde batek egindako lanak ebaluatu ondoren. Jarraitu beharreko lan-plana urtero definituko da.

Ecoembesi buruz

Ecoembes (www.ecoembes.com) Espainian plastikozko ontzien, potoen eta briken (edukiontzi horia) eta kartoizko eta paperezko ontzien (edukiontzi urdina) berreskuratzea eta birziklapena kudeatzen dituen irabazi asmorik gabeko erakundea da.

2015ean ia 1,3 milioi tona ontzi arin eta kartoizko eta paperezko ontzi birziklatu ziren Espainian, eta birziklatze-tasa % 74,8ra iritsi zen. Kopuru horiei esker, 1,2 milioi tona CO2 isurtzea ekidin zen; alegia, Madrilen inskribatutako ibilgailuen % 25,8 erretiratuta bezainbeste. Gas kutsatzaileak murriztea, ordea, ez da lortu den ingurumen-etekin bakarra. Izan ere, 2014an, 4,6 milioi MWh kontsumitzea aurreztu da; Espainiako smartphoneen % 47,5en urte baterako energia. Gainera, 24,8 milioi metro kubiko ur gutxiago kontsumitu dira 2015ean; Madrilgo biztanleek dutxak hartzeko hilean behar duten adina.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Óscar Martín, Ecoembeseko kontseilari delegatua