
Wine Run Arabako Errioxara iritsi da
Urriaren 30ean Arabako Errioxako Wine Run lasterketa egingo da, mahastien arteko bide eta xendretan barrena, 36, 20 eta 10 km-ko distantziekin.
Wine Run kirol proba Arabako Errioxara iritsi da. Lasterketaren xedea kultura, paisaia eta ondare berezia duten mahasti inguruneak erreibindikatzea da, tokiko tradizioarekin eta kalitatearekin batera. Wine Run markaren bultzada, Arabako Errioxako Wine Run ekitaldia antolatuz, Eusko Jaurlaritzaren eta Lanzaroteko Kabildoaren laguntzari esker iritsi da.
Lasterketa urriaren 30ean egingo da Arabako Errioxan, eta 36, 20 eta 10 kilometroko distantziak eskainiko ditu mahasti arteko bide eta xendretan barrena. Kirol eskaintza honek hirietako eta mendiko proben arteko tartea bete nahi du, diziplina hori probatu nahi duten herri kirolariei alternatiba bat eskainiz. Gainera, mahasti eta upategien artean oinez 10 km osatuko dituen herri martxa batean parte hartzeko aukera ere egongo da, Arabako Errioxako balioak ezagutarazteko.
Wine Run
Wine Run marka Lanzaroten sortu zen, 2009an, bertako ardogintzaren esparru eta ardoaren paisaia deigarrienetakoa den Geria eskualdea babesteko eta bultzatzeko. Batez ere mahats aldaera zurietan oinarrituta, eskualdeak oso errendimendu baxuak aurkezten ditu hektareako, substratu bolkanikoz estalitako lur batean landu behar delako. Lanzaroteko Kabildoak eskualdearen garrantzia erreibindikatzeko eta bertako irudia hedatzeko antolatu zuen proba. Aurten, edizioa ekainaren 18an eta 19an egingo da.
Kabildoa Arabako Errioxara etorri da, eskualdean Win Run egitea babesteaz gain, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak orain dela urtebete bat Geriara egin zuen bisita itzultzera; bisitaren xedea izan zen ardogintzaren eskualde berezi hura zein lasterketaren antolamendua eta bilakaera lehen eskutik ezagutzea. Aipatu bisitan, bi gobernuek, Lanzaroteko Kabildoak eta Eusko Jaurlaritzak, elkarrekin lan egitea erabaki zuten, eta etorkizunean Nazioarteko Win Run lasterketa ardoaren beste eskualde batzuetara zabaltzeko oinarriak jartzea, Geriak eta Arabako Errioxak bezain ezaugarri berezituak dituzten eskualdeetara, hain zuzen ere.
Euskal erakundeen babesa
Kirol proba hau euskal erakundeen babesari esker –Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia– lurreratu da Arabako Errioxan, eta Hazi Fundazioaren eta Basquetourren bitartez gauzatu da. Konpromiso horrekin, Win Run hazten ari den marka bihurtzen ari da, eta Arabako Errioxara iritsi da bertako berezitasuna aldarrikatzeko eta eskualdeko ardoen errekonozimendu handiagoa lortzen laguntzeko; bertako lur buztintsu-karetsu eta malkartsuak, famili upategien tradizioa edota lanketarako metodo propioak, mazerazio karbonikoa kasu. Arabako Errioxako Wine Runek, lehen aipatutako konpromisoez gain, arabar lurraldea zein Euskadi Basque Country marka sustatzen eta errekonozitzen lagunduko du.
Kuadrillaren, ABRAren eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidearen inplikazioa
Ekitaldiak, sorreratik, Arabako Errioxako Kuadrillaren, Arabako Errioxako Upategien Elkartearen (ABRA) eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidearen lankidetza dauka. Asmoa da lasterketak igarotzen dituen udalerrietako udalak, upategiak eta enoturismoko establezimenduak partaide bihurtzea, Wine Runeko parte hartzaileek ardoaren esperientziaz eta eskualdeaz bete-betean disfrutatu ahal izan dezaten.
Proba saiatuko da Arabako Errioxako hainbat upategitatik igarotzen, mahastietatik, eta are Upel Geletatik. Parte hartzaileek, izena ematen dutenean, enoturismo eta ardoen eskaintzaz eta produktuez disfrutatu ahal izango dute, Arabako Errioxako egonaldiaren esperientzia osatzeko.
Kirol proba
Hiriko lasterketen eta mendiko proben arteko tartea bete nahi duen proba bat da. Hitzordu honetan, herri korrikalari askok hiru egonaldi mota probatu ahal izango dituzte, profilak eta lur motak berak ematen dion zailtasun mailarekin. Mendiko lasterketetara hurbildu nahi dutenentzat ere aukera izango da, sentsazioak testatzeko.
Proban hiru aukera diseinatzen ari dira:
- 10 km, 230 metroko desnibelarekin
- 20 km, 380 metro inguruko desnibelarekin
- 36 km, 650 metro baino gehiagoko desnibelarekin
Ibilbidea errepide eta asfaltotik urruneko bide eta xendretan barrena ibiliko da. Xedea da Arabako Errioxako muinoak eta lur malkartsua zeharkatzea, mahastien eta finka txikien artean ezkutatzen diren txokoak aurkitzeko. Kirol aukera eta bizipen paregabea, udazken betean, mahasti gorriek marrazten duten paisaian.
Gainera, 10 kilometroko distantzia herri martxako modalitatean egingo da. Ibilaldi bat mahastietan eta upategietan barrena, adin guztietarako egokia.
Izena emateko epea maiatzaren 17an irekiko da, eta uztailaren 24ra arte prezio murriztua egongo da.
- 36 km. 40 € uztailaren 24ra arte, eta gero 50 €
- 20 km. 25 € uztailaren 24ra arte, eta gero 30 €
- 10 km. 15 € uztailaren 24ra arte, eta gero 20 €
- Ibilaldia. 10 € uztailaren 24ra arte, eta gero 15 €
Probaren xehetasunak eta ibilbidearen behin betiko bidea zehazten joango dira, baina badakigu Guardiatik aterako dela eta Leza, Navaridas, Eltziego, Villabuena, Samaniego eta Paganos Herribatzarretik igaroko dela.
Wine Runen filosofia da edizio bakoitzean Arabako Errioxako lekua aldatzen joatea, eskualde osoa eta herri guztiak igarotzeko.