Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Biolin eta biolak musika ikasleentzat maileguan

2016.eko maiatzak 18
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Bele, Euskal Lutheria Eskolak Musika Eskola eta Kontserbatorioetako ikasleen esku ipiniko ditu lutheriako tailerretan eginiko musika tresnak
  • Eskaerak egiteko epea: maiatzaren 19tik ekainaren 3ra

Bele, Euskal Lutheria Eskolako ikasleek eginiko harizko musika tresnak datorren 2016-2017 ikasturtetik aurrera biziberritu egingo dira, eta euren doinurik goxoenak ateratzen hasiko, musika ikasleen eskuetan. Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak musika tresna horiek maileguan uzteko abian jarri duen programa aurkeztu du gaur goizen Bilbon, Bele lutheria eskolara egin duen bisitan. Programa berri honen bidez, Belek 20 musika tresna utziko ditu (14 biolin eta 6 biola) Euskadiko Musika Eskola eta Kontserbatorioetako ikasleen esku, guztiak ere Bele eskolako lutheria tailerretan eginak.

Bilboko lutheria ikasleek hiru urteko ikasketa planaren barne egin behar dituzten musika tresnak dira: biolin bana lehen urtean, biola bana bigarrenean, eta biolontxelo bana hirugarrenean, ikasketa amaierako proiektua izango den musika tresnaz gain. Era honetan, 2017-2018 ikasturterako programa honetan sartzeko prest 40ren bat tresna izango direla aurreikusten da, biolontxeloak barne. Kopuru hori, gainera, gorantz joango da urteek aurrera egin ahala, eta 40 tresnako kopurua handitu, beharrezko balitz.

Bele-Bilboko Euskal Lutheria Eskolak egiten duen lana eta bere izaera bakanak direla jakitun, eta bertan egiten diren musika tresnen kalitatearekiko ziurtasunez jarri du abian Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak programa berria. Lutheria eskolarekin eginiko apustua berriro gizarteari itzultzea ere bada helburua, Euskadiko musika ikastegien sareko ikasleen mesederako gertatuko baita ekimena.

Musika tresna hauetako bat maileguan jasotzea jauzi kualitatibo handia izango da musikari gazteen ikasketa prozesuan. Izan ere, tresna profesional bat izango dute esku artean, guztiz artisau eran egina. “Ikasteko” musika tresna deiturikoa erabiltzetik lutheriako musika tresna bat jotzera egingo dute jauzi zenbait ikaslek. Musika tresna hauetako batek 6.000 euro inguruko balioa ere izan lezake.

Hari-instrumentuak maileguan

Euskadiko Musika Eskola edo Kontserbatorioren batean matrikulatuta egon eta musika tresna bat maileguan hartzeko interesa duten ikasleek, ekainaren 3ra arte egin dezakete eskaera eskolan bertan. Dagokion zuzendaritzak bermatu beharko du eskaera, eta musikako ziurtagiri akademikoarekin batera aurkeztu beharko da.

Lehentasuna izango dute ikasketa profesionaletako (edo  maila baliokideetako) instrumentuak ikasten hasten diren ikasleek, eta berdinketarik izanez gero, gazteenek. Eskaera kopurua eskuragarri dagoen musika tresna kopurua baino handiagoa balitz, programak baremo bat ere ezartzen du. Irizpide akademikoak (nota hobeari puntuazio altuagoa) eta adina (gazteei puntu gehiago) hartzen ditu kontuan baremo honek. Ikastetxe-arteko orkestretan edo kontzertu pedagogikoetan parte hartzea merezimendutan puntuagarri izango da. 

Maileguan daukan bitartean, ikasleak musika tresnaren gaineko ardura osoa du, eta hura zaindu eta dagokionean itzultzeko konpromisoa hartzen ditu. Ikasturtea amaitutakoan, Belera itzuli beharko du musika tresna. Itzultzerakoan, musika tresnari bi txosten erantsi beharko dizkio irakasleak: tresna erabili duen ikaslearen ebaluazio-txostena batetik, eta tresnaren balorazio teknikoa egiten duen txostena bestetik. Mailegua hurrengo ikasturterako berritzeko aukera ere aurreikusten du programak.

Zer da Bele?

Hurrengo ikasturtean beteko dira 30 urte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila lutheria ikasketak eskaintzen hasi zenetik, Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioaren barnean. Ordutik, Estatuan lutheria ikasketak eskaintzen dituen eskola publiko bakarra izaten jarraitzen du. 2014an, egun indarrean dagoen Ikasketa Plan berria onartu zen. Alemania, Ingalaterra, Italia, Frantzia, Suitza eta gai honetan punta-puntan dauden beste zenbait herrialderen eredua hartu zen erreferentzia gisa horretarako. Une horretan eskola birsortzen ari zela esan daiteke, eta orduantxe jaio zen izen berria ere: Bele, Bilboko Euskal Lutheria Eskola.

Bele, Bilboko Euskal Lutheria Eskolak hiru ikasturtetan antolatzen du bere Ikasketa Plana. Hiru urte horietan, arkuzko hari-instrumentuak –biolinak, biolak edo biolontxeloak- eskuz, artisau eran eraikitzen ikasten du ikasleak. Artisau bokazioa, musikarekiko gustua eta luthierraren langintzarekiko zaletasuna duen orori zuzenduriko ikasketak dira.

Ikasketa ez arautuen artean kokatzen da lutheria. Hau da, ikasketak burutzerakoan ez da titulazio ofizialik lortzen (ez baitago lutheria titulu ofizialik). Dena den, ikasketak amaitzen dituzten pertsonek gaitasun-egiaztagiri bat jasotzen dute, 1986an hasitako ibilbidea duen eskola batek emana, Belek emana.

Belerako sarbide probak

Uriarte sailburuak Bele lutheria ekolara egin duen bisitan, maiatzaren 25era arte Bele eskolarako sarbide probatarako izena emateko epea irekita dagoela gogorarazi du. Euskadiko Lutheria Eskolaren egoitzan bertan izango dira proba horiek, datorren ekainaren 17an.

Sarbide proben inguruko informazi gehiago, hemen: http://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/32026-bele-bilboko-euskal-lutheria-eskola-lutheria-ikasketetarako-sarbide-probak

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)