
Bikain ziurtagiria eskuratzeko ebaluazioak (Gobernu Bilera 2016-05-17)
Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez gaurko bileran onartu du, Bikain – Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren ebaluazio prozesua arautu eta 2016an kanpo-ebaluazio zerbitzu hori jaso nahi duten erakundeei izena emateko dei egiten dien agindua. Ebaluazio-zerbitzu hau eskatu ahal izango dute entitate publiko eta pribatuek, negozio-unitateek eta entitate handietako lan-zentroek, baldin eta beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badute.
Bikain Kanpo-ebaluazioak erakunde batean euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa neurtzera daude zuzenduak. Bertan parte hartzen duten erakundeek dagokien ebaluazio-txostena jasotzen dute, beren indar-.gune nahiz zer hobetuen berri zehatza ematen diena, lortutako puntuazioa eta horren araberako ziurtagiriarekin batera. Lorturiko puntuazioaren arabera, Bikain ziurtagiriak hiru maila hartzen ditu bere baitan: oinarrizkoa (200 puntu gutxienez); tarteko maila edo zilarrezkoa (400 puntu gutxienez) eta goi maila edo urrezkoa (700 puntu gutxienez).
Kanpo-ebaluazioan zehar, honako alor hauek ebaluatzen dira: erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo harremanak, barne harremanak eta hizkuntza-kudeaketa.
Azken zortzi urte hauetako ibilbidean, ziurtagiria sortu eta abian jarri zenetik, 261 enpresa eta erakundek eskuratu dute Bikain Ziurtagiria. Horietan lanean ari diren langileak berriz, 28.400 inguru dira.


