Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Gobernuak 40.000 euro inbertituko ditu zuzenbide arloko profesionalak Euskadin doako laguntza juridikoa eman dezaten prestatzeko (Gobernu Bilera 2016-05-17)

2016.eko maiatzak 17

Diru-laguntzak Euskadiko abokatu elkargoen bitartez kudeatuko dira eta doako zerbitzu horren kalitatea hobetzen lagunduko dute.

2016an, Eusko Jaurlaritzak 14,5 milioi eurorekin finantzatuko du kalteberatasun-egoera berezian dauden pertsonek Euskadin Justizia Administrazioa dohainik eskuratu ahal izateko aukera.

Gobernu-kontseiluak gaur onartu du hiru lurralde historikoetakoabokatu-elkargoei bideratutako zuzeneko diru-laguntza, 40.000 eurokoa, doako laguntza juridikoa ematen duten pertsonak aurten prestatzeko eta espezializatzeko. Era horretan, Eusko Jaurlaritzak Euskadin doako laguntza juridikoaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzen laguntzen du, bai eta Jaurlaritzak berak kalteberatasun-egoera berezian dauden taldeei arreta emateko finantzatzen duen zerbitzu publiko hori sendotzen ere. Honela banatuko da diru-laguntza: 

Arabako Abokatuen Elkarte Ohoretsua

8.200 euro

Bizkaia Jaurrerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsua

19.200 euro

Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestua

12.600 euro

GUZTIRA

40.000 euro

 

14,5 MILIOI EURO 

Eusko Jaurlaritzak 14,5 milioi euro inbertituko ditu aurten Euskadin Doako Justizia finantzatzeko. Zenbateko horrekin finantzatuko dira abokatu- eta prokuradore-elkargoen jarduera guztiak:  

  • Baliabide ekonomikorik ez duten eta ondorioz Doako Justizia jasotzeko eskubidea duten inputatu, atxilotu eta espetxeratu guztiei zuzenbide-arreta ematekoak.
  • Arauetan jasotako arrazoi bereziengatik (hala nola genero-indarkeria, sexu-erasoak, etxe barruko indarkeria, terrorismoaren biktimak, adingabeak, atzerritartasuna, tratu txar edo abusuaren biktima izan diren ezgaitu psikikoak...) babes bereziko talde bateko kide diren eta ondorioz automatikoki Doako Justizia jasotzeko eskubidea duten inputatu, atxilotu eta espetxeratu guztiei laguntza juridikoa ematekoak.
  • Orientazio Juridikoko Zerbitzuen (OJZ) funtzionamendu-gastuak finantzatzekoak; izan ere, zerbitzu horiek doako aholkularitza eta orientazioa eskaintzen dituzte, prozesu judizialaren aurretik, Euskadiko espetxe eta justizia-jauregietan. 

2016rako zenbatespenak: 

-  Jaurlaritzak 25.000 pertsonari eskainiko dio Doako Laguntza Juridikoa.

-  Horietatik 3.000 genero-indarkeria edo sexu-erasoak jasandako emakumeak izango dira. Abokatuen elkargoek 8 profesional titular eta errefortzuko 7, behar denean, bideratuko dituzte txanda horretara: 4 titular eta errefortzuko 3 Bizkaian; 3 titular eta errefortzuko 2 Gipuzkoan; eta titular 1 eta errefortzuko 2 Araban.

-  Gainera, beste 5.000 lege-laguntza gauzatuko ditu Euskadiko espetxeetan. Hala, Arabako Abokatuen Elkarte Ohoretsua egunean bi orduz egoten da astelehenetik ostiralera bitartean Zaballa-Langraiz Oka espetxean; Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestua astelehen eta ostiraletan Martutenekoan; eta Bizkaia Jaurrerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuak, berriz, egunean bi orduz ematen die arreta astelehenetik ostiralera bitartean Basaurin espetxeratuei.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko