Berriak Lehendakaritza
Eu

Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak egiteko gehiago hartu ditu beregain eta kide gehiago izango ditu, inguruabar soziopolitiko berrira egokitzeko (Gobernu Bilera 2016-05-17)

2016.eko maiatzak 17

Gizarte zibilaren ordezkaritza handitu da, terrorismoaren biktimen elkarteen proposamenak onartuta.

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua arautzen duen dekretuari. Dekretu berriak 2010eko otsailean onartu zena ordeztuko du, organo horren egitekoak, izaera eta osaera eraberrituta.

Sortu zenetik bost urte igaro diren honetan, inguruabar soziopolitiko berria eta ETAren terrorismoaren amaiera direla eta, kontseilu horren jarduera-esparrua handitzea erabaki da, biktimen laguntza-politikak ez ezik, biktimei buruzko politika publiko guztiak barne har ditzan, batez ere etorkizuneko bizikidetzarako eta biktimen eta gizartearen arteko batasunerako egin dezaketen ekarpenari dagokionez.

Era berean, organo horren kide kopurua handitzen duen dekretua onartu da gaur, terrorismoaren biktimen elkarteetako batzuk egindako proposamena onartuta. Hala, kontseiluak 4 kide gehiago izango ditu; guztira, 15: presidentea eta herri-administrazioen zein gizarte zibilaren zazpina ordezkari.

Herri-administrazioaren ordezkaritzan, Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria arituko da; izan ere, biktimen politiketan garrantzi handikoa da memoriaren kudeaketaren eta etorkizunaren zein bizikidetzaren eraikuntzaren arteko harremana.

Gizarte zibilari dagokionez, terrorismoaren biktimen elkarteek hiru beharrean bost ordezkari izango dituzte, elkarteek beraiek egin dituzten eskakizunak betez.

Gainera, foru-aldundiei ere helaraziko zaizkie bilera-deialdiak eta horietan parte hartu ahal izango dute, ahotsarekin baina botorik gabe. Halaber, hezkuntza- edo bizikidetza oneratzeko programetan esperientzia duten bi biktima ere gonbidatu ahal izango dira.

Gainera, dekretu berrian aldaketak egin dira, kontseiluak urteotan izandako funtzionamendura egokitzeko. Lehen dekretuaren arabera, urtean ohiko bilera bat egin behar zen. Alabaina, legegintzaldi honetan, Kontseilua urtean hiruzpalau aldiz bildu izan denez, testu berriak urtean bi bilera egitea agintzen du.

Bestalde, lehen, bozen gehiengoa behar zen Kontseiluan erabaki bat hartu ahal izateko, baina, praktikan, erabakiak denen artean adostuta hartu dira.

Horrenbestez, dekretuaren arabera, erabakiak hartzeko gehiengo osoa behar da.

Azkenik, irizpide objektiboak finkatu dira gizarte zibileko ordezkariak izendatzeko eta izendapenen iraunaldia luzatu da, betiere prozedura arinagoa eta eraginkorragoa izan dadin.

Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua da 2008an onartutako Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Legeak zehaztutako organoetako bat. Terrorismoaren biktimen elkarteen eta herri-administrazioen arteko harremanak bideratzeko xedea du, lehenei eragiten dizkieten kontu guztietan.

Besteak beste, kide anitzeko organo parekide horri dagokio Eusko Jaurlaritzari proposatzea aipatutako elkarteentzako laguntza eta diru-laguntza publikoak banatzeko irizpideak. Era berean, biktimei arreta eta aholku pertsonalizatua eskaintzeko ardura du, horien iradokizunak biltzeko eta erreklamazioak bideratzeko.

Gaur egun, kontseilu horren presidentea da Zigor-arloko Zuzenbideko katedradun eta Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendari José Luis de la Cuesta. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2016.eko maiatzak 17

    Estimados amigos:

    Espero que la nueva composición de la mesa del Organo de Victimas del Terrorismo del Gobierno Vasco tenga en consideración a los PROTEGIDOS O ESCOLTADOS DE EUSKADI Y NAFARROA.

    Antonio Valcárcel
    Protegido Sierra 175

    P.D. Me interesa respuesta.

Komunikabideek behera kargatzeko