Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Maiatzak 17, homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren Nazioarteko Eguna (Gobernu Bilera 2016-05-17)

2016-05-17

1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) homosexualitatea ezabatu zuen gaixotasun mentalen zerrendatik. Gertakari historikoa izan zen, eta aurrerapauso itzela sexu-orientazio eta -nortasun jakin batzuk gizartearen berezko aniztasunaren bereizgarri gisa aitor zitzan gizarteak berak. Azken hamarkadan, maiatzaren 17a LGTBI pertsonen (lesbiana, gay, bisexual, transexual eta intersexualen) aurkako gorroto eta indarkeria mota ororen aurkako eguna bihurtu da.

1990etik hona, asko egin du aurrera legeak, sexu-orientazioa eta/edo generoa edozein dutela ere pertsona guztiek eskubide berdinak izateko; LGTBI kolektiboetako pertsonak gainerakoekin berdintzen dituzten legeak onartu dira. Gizarteak ere aurrera egin du bide horretan; oro har, gizarteko kideen sexualtasun motak eta generoa bizitzeko askotariko erak modu irekian adierazi ahal izateko espazio sozialak gero eta gehiago dira.

Legeak aldatu eta gizarteak aurrera egin arren, LGTBI kolektiboko pertsona askok jasaten ditu oraindik-orain bazterkeria, estigmatizazioa eta indarkeria. EAEko gizarteak, beraz, bide luzea dauka aurrean, berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortuko badu. Zoritxarrez, aurreiritziak, uste faltsuak, estereotipoak, bazterketa eta gorrotoa oraindik ere gizarteko sektore askotan sakon errotuta daude.

LGTBI kolektiboko pertsona askok (nagusiki lesbianek, transexualek, adintsuek edo desgaitasuna duten pertsonek) ezin-ikusia eta ez ikusiarena egitea jasaten dute, eta horien aurkako eraso fisikoek gora egin dute gure hirietako kaleetan; horrelakoek agerian uzten dute nork bere sexualtasunaren nahiz generoaren arabera bizitzeko askatasun egiazkorik ez dagoela, eta berdintasuna zein bereizkeriarik eza falta direla.

Hala, homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurka borroka egitea askatasuna, duintasuna eta giza eskubideak defendatzea da. Aniztasunak aberasten gaitu; horrenbestez, LGTBI kolektiboko kideek jasaten duten bazterkeriaren eta indarkeriaren aurka egitea gizartearen garapena bultzatzea da; alegia, inklusioaren alde eta bazterkeriaren aurka egitea, eta errespetu zein berdintasun handiagoko gizarte bidezkoa lortzeko bidean urratsak ematea.

Eusko Jaurlaritzak legegintzaldiaren hasiera hartu zuen sexu- eta genero-aniztasuneko politikak garatzeko konpromisoa. Horretarako, BERDINDU sortu zuen, LGTBI kolektiboari eta kolektiboko kideen hurbilekoei arreta emateko zerbitzua, EAEko gizartean, kideen sexu-orientazioa eta genero-nortasuna edozein direla ere, berdintasuna indartzea eta berdintasun eza ahultzea duena xede nagusi.

Eusko Jaurlaritzak pertsona guztien eskubideen defentsan irmo jarraituko du, politika publikoetan babes-neurriak eta bazterkeriaren aurkakoak ezarriz. Gizarte-aniztasunean datza gure sendotasuna; babestu eta indartu beharreko balioa dugu.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @AsierAranbarriU
    2016-05-17

    Comentario de Twitter:
    RT @iurkullu: Maiatzak 17, homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren Nazioarteko Eguna https://t.co/QmpyHoLRQZ

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko