Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Gobernu-kontseiluak onartu du Arabako Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin garraio publiko multimodal eta elektrifikaturako proiektuaren idazketan elkarlanean jarduteko hitzarmena (Gobernu Bilera 2016-05-17)

2016.eko maiatzak 17

Gobernu-kontseiluak oniritzia eman dio Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorra, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala elkarlanean aritzeko hitzarmenari. Horren bidez, garraiobide publiko kolektiboaren eta azken miliako garraiobideen eskaintza egokitu nahi da, sistema multimodal integratu elektrifikatu bat sortuta.

Eusko Jaurlaritzak 2002 urtean onartu zuen 2002-2012 aldirako Euskadiko Garraio Jasangarriaren Gidaplana. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak hasi du 2020ko Garraio Jasangarriaren Gidaplanak osatzeko prozesua, 2002-2012 aldirako Euskadiko Garraio Jasangarriaren Gidaplana 2020ra arte luzatzea xede duena.

Plan berri honen xedea da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 2020 urtera arte garraioaren arloan garatu nahi duen politika bateratua egituratzea, Euskadik Europako esparruan txertatutako garraio jasangarriko eredua eraiki ahal izan dezan, integrazio intermodalean eta garraioa aintzatesten duen lurralde-politikan oinarrituta.

«Europako Garraioaren Liburu Zuriko jarraibideak –Garraio-politika lehiakor eta jasangarrirako Europako garraio-esparru bakarraren bide-orria– kontuan hartuta, besteak beste, koordinazio handiagoa, bidaiariak garraiatzeko sistemak integratzea, gizartearen eskakizun berrietara egokitzea eta modernizatzea proposatu da, eta, horretarako, sustapen-, egituratze- eta koordinazio-jarduera tekniko, administratibo eta ekonomikoak jarri dira abian esku-hartzaile guztiekin», adierazi du Ana Oregi sailburuak.

Ana Oregi sailburuaren arabera, «Gasteizko Udalak Mugikortasun Jasangarrirako eta Espazio Publikoari buruzko Plana sustatu du, hainbat jarduera eta neurri gauzatuta. Plana aplikatu denetik, hiriko mugikortasun-sistemak oso bilakaera ona izan du, hasierako helburuak kontuan hartuta».

«Gasteizko Mugikortasun Jasangarrirako eta Espazio Publikoari buruzko Planaren lehen fasean, eta Euskotrenek eta TUVISAk eskainitako hiriko garraio publiko kolektiboak prestazio egokiak dituztela bermatzeko, TUVISAren autobus-sarea birdiseinatzeaz gain, zerbitzuak egituratzeko eta integratzeko berehalako jardueren sorta bat gauzatu zen, eta, horri esker, sistema osoak nahi bezalako eraginkortasun-mailari eutsi ahal izan zion. Garraio publikoa indartzeko, ezinbestekoa gertatu zen bi enpresak koordinatzea, eta bi modalitateetan baliagarria zen kontaktu gabeko txartela ezartzea», azaldu du Ana Oregik.

Arabako Foru Aldundiak, halaber, hiri-barneko errepideko garraioan eskumena duen aldetik, zenbait emakida ditu Gasteizen abiapuntua eta helmuga duen eta zati batean hiria zeharkatzen duen erabilera orokorreko garraio erregularrean eta etorkizunean eskualdeko garraiobidea izango den eskaeraren araberako garraiobideetan. Gaur egun, eskualdeko emakidak berrantolatzen ditu, eta hiriarteko garraio-sistema teknologikoki modernizatu, Gasteizko hiri-barneko garraioan ezarritako kontaktu gabeko ordainketa-sistema ezartzeko.

«Orain bost urte Gasteizen garraio publikoaren sare berria abian jarri zenetik, agerian geratu da eskaeraren hazkundeari egokitutako garraio publiko kolektiboaren eskaintza areagotzea premiazkoa dela, batez ere hiriaren ekialdeko, mendebaldeko eta hegoaldeko bizitoki-guneetan, eta, ondorioz, hiriarteko errepideko garraioan emakida berriak ezarri behar direla», esan du Ana Oregik.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren iritzian, «Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak klima-aldaketaren aurkako borrokan ezarritako helburuak, berotegi-efektuko gasen isurien murrizketari dagokionez, Estatuan ezarritakoak baino zorrotzagoak direnez, apustu serio eta irmoa egin behar da garraioaren sektorea, eta, ondorioz, hiriko mugikortasuna karbono-mendekotasunetik askatzeko, mugikortasun elektrikoari eta aktiboari protagonismo handiagoa eskainita».

Gasteiz osorako proiektua izango da, eta mugikortasun-premia publikoak nahiz pribatuak hartuko ditu kontuan, mugikortasun-paradigma berriak zehazteko. Hala, hiriko ekialdeko, erdialdeko eta mendebaldeko komunikazio-aukeren azterlana osatuko da, Salburua eta Zabalgana auzoen eta Jundizko industrialdearen premien arabera, premia horiei erantzuteko garraiobideak edo garraiobideen konbinazioa zehaztuz. Era berean, hiriko tranbiaren hedadura egokia aztertuko da, baita indar elektrikoko udal-garraiobideak ezartzeko aukera, azken miliako mugikortasunaren balizko arazoentzako konponbideak eta ezarri beharreko mekanismoak, azpiegiturak eta kudeaketa-bitartekoak ere. Izan ere, horrekin guztiarekin garraio-sistema multimodal, osagarri eta integratu bat eratu nahi da, eraginkortasuna, jasangarritasuna eta bideragarritasuna izango dituena bereizgarri.

Ana Oregi sailburuarentzat, Gasteizko mugikortasun-politikak gaurkotzeak administrazioen arteko koordinazio handia eta baterako inbertsioa eskatzen ditu, eta hori da, hain zuzen, etorkizuneko erronka nagusia. Hala ere, batera jarduteari eta etorkizuneko mugikortasuna gauzatzeari gaurdanik ekitea komeni dela azpimarratu du. Horretarako, prest agertu da hiriko udalarekin finantzaketari eta gainerako alderdiei buruzko adostasuna lortzeko. Horrela, datozen hilabeteetan Gasteizko aldirietako linea elektrifikatzeko eta BRT sistema ezartzeko prozesua hasiko da, baita tranbiaren ibilbidea unibertsitateetara luzatzeko esleipen-prozesua ere. Akordioak gauzatu besterik ez dago, egingarritasuna bermatuko bada.

Nabarmendu duenez, «Sailak oso aurreratuta ditu beharrezkoak diren lanak, eta aurrekontua ere bideratu du; gaur onartutako hitzarmena garatu besterik ez da egin behar».

Lanak egiteko aurrekontua 900.000 eurokoa da, BEZa barne, eta epea, hemezortzi (18) hilekoa. Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarearen bidez, beharrezkoak diren azterlanak eta proiektuak idatziko ditu, eta azterlanak eta proiektuak idazteko aurrekontuaren % 65 finantzatuko du. Arabako Foru Aldundiak laguntza teknikoa eskainiko du azterlanok eta proiektuok idazteko eta horiek idazteko aurrekontuaren % 17,5 finantzatuko du. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 17

    Comentario de Twitter:
    Convenio con @Araba_Eus y @vitoriagasteiz para diseñar el transporte público multimodal y electrificado de la ciudad https://t.co/gzGMVSAeTx

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)