Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzionala onartu du, Homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela medio

2016.eko maiatzak 17
  • Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio EAEko osasun-zentroetan segurtasunaren kultura sustatzen duen Pazientearen Segurtasunerako Dekretuari
  • Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu du Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin garraio publiko multimodal eta elektrifikaturako proiektuak idazteko

Gobernu Kontseiluak adierazpen instituzionala onartu du gaur, Homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela medio. Horren berri eman du gaur Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak, eta ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak «irmo jokatuko duela» pertsona guztien eskubideen defentsan eta politika publikoetan babes-neurriak eta bazterketaren aurkakoak ezartzeko garaian.

Bozeramaileak nabarmendu duenez, legeak aldatu eta gizarteak aurrerapausoak eman arren, oraindik ere urrun dago berdintasun egiazkoa. Gainera, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak legegintzaldiaren hasieran hartu zuela sexu-aniztasuneko politikak garatzeko konpromisoa. Horren isla da sortu zuen Berdindu zerbitzua, LGTBI kolektiboko kideei eta horien hurbilekoei arreta ematekoa, EAEko gizartean berdintasuna areagotu eta bermatzeko xedea duena.

Era berean, azaldu du Jaurlaritzak «irmo jokatuko duela» pertsona guztien eskubideen defentsan eta politika publikoetan babes-neurriak eta bazterketaren aurkakoak ezartzeko garaian.

SEGURTASUNEKO DEKRETUA ETA GARRAIOKO HITZARMENA 

Beste alde batetik, Gobernu-kontseiluak gaur onartu du, Osasun Sailak hala proposatuta, EAEko zentro pribatu eta publikoetan osasun-arreta jasotzen duten pazienteen segurtasun-neurriei buruzko dekretua, pazientearen segurtasunaren kultura sustatzeko eta sendotzeko EAEko osasun-zentro guztietan.

Osasuneko sailburu Jon Darpónen esanetan, dekretu berri horri esker, EAEn osasun-arreta jasotzen duten pertsonen segurtasun-bermeen esparrua zehaztu dugu, eta baliagarria izango da pazientearen segurtasuna hobetzeko, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren lehentasunetako bat denez. «Gure ustean, segurtasuna funtsezkoa da, arreta-prozesua eraginkorra izango bada; hala, gaur egun, osasun-arretaz ari garela, “segurtasun klinikoa kalitatea da” esan behar dugu», adierazi du.

Horrenbestez, araudi berri horrek osasun-zentroetan eskainitako arretan pazientearen segurtasunerako planak ezartzea agintzen du, eta gorabeherak jakinarazteko sistemak. Tresna horiek aukera emango dute pazienteen segurtasuna hobetzeko Euskadiko erakunde sanitarioetan.

Gainera, Gobernu-kontseiluak oniritzia eman dio Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorra, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala elkarlanean aritzeko hitzarmenari. Horren bidez, garraiobide publiko kolektiboaren eta azken miliako garraiobideen eskaintza egokitu nahi da, sistema multimodal integratu elektrifikatu bat sortuta. 

ARRAIZ KASUA

Bestalde, kazetariei erantzunez, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak EAEANen epaia izan du hizpide, Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkide Hasier Arraizek 2 urteko espetxe-zigorra eta inhabilitazio berezia bete beharko duena, baina espetxean sartu gabe. Erkorekaren iritzian, epai hori, neurri batean, defentsaren eta fiskaltzaren arteko akordio baten ondorio denez, eta Arraiz Auzitegi Nazionalean «epaitutako burkideak baino egoera objektiboki okerragoan» uzten ez duenez, konponbide judiziala «positiboa da».

2016-05-17ko gai zerrenda

Prentsa-txostena

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GlaciarBlue
    2016.eko maiatzak 17

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco aprueba una declaración institucional con motivo del Día Internacional contra la Homofobia, Le... https://t.co/glYmPWEDEv

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)