Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzak telefono bidez bat-bateko itzulpenak egiteko zerbitzua bultzatuko du atzerritarrak artatzeko

2010.eko irailak 26

Ertzaintzak apustu handia egin du euskaraz edo gaztelaniaz hitz egiten ez duten atzerritarrekin hobeto komunikatzeko. Orain dela sei hilabete zerbitzu berri bat abian jarri zuen, modu esperimentalean, agenteek 51 hizkuntzatako hiztunekin harremanetan jartzeko aukera izan zezaten. Zerbitzua eraginkorra dela baieztatu ondoren, ofizial egin dute eta gainerako polizia-zentroetara eta Herrizaingo Saileko zerbitzuetara zabaltzen hasi dira. Zerbitzua funtsezkoa da, azken urteotan Euskadira etorritako atzerritar eta turista kopuruak izandako gorakada dela eta.

Martxoaz geroztik, Ertzaintzak zerbitzu berri bat martxan jarri du agenteek EAEko hizkuntza ofizialetan hitz egiten ez duten pertsonekin hitz egin ahal izateko. Zerbitzuaren funtsa honakoa da: interprete batek itzulpenak egiten ditu bat-batean telefono bidez eta, horri esker, ertzainek errazago dute Europar Batasuneko hizkuntza gehienetan eta munduan gehien hitz egiten diren hizkuntzetan (txinera, errusiera edo arabiera, besteak beste) komunikatzeko. Prozedura berriari esker, aurretik jada erabiltzen zuten zerbitzua hobetu da; izan ere, bere abiadura, hizkuntza kopurua eta funtzionaltasuna orokorrean handitu egin dira, une oro erabili baitaiteke, baita kaletik patruilatzerakoan ere.

Sistema martxoan abiatu zuten, modu esperimentalean. Sei hilabete eman dituzte zerbitzua ebaluatzen, atzerritar ugari artatzen dituzten zentroetan; hala nola, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Irungo ertzain-etxeetan, Ertzaintzak Loiuko aireportuan duen bulegoan edota Trafiko Unitateetan. Prozedura finkatu egin da eta Ertzaintzako gainerako zentroetara zabaltzen hasi dira; bi aste barru martxan izango da. Halaber, Herrizaingo Saileko beste zerbitzu batzuetan ere erabiltzen hasiko dira, babes zibilarekin lotura dutenetan eta larrialdiak kudeatzen dituzten koordinazio zentroetan, besteak beste.

Abian egon den lehen sei hilabeteotan, patruilek eta polizia-zentroek ia hirurehun aldiz erabili dute sistema. Horri esker, adibidez, zerbitzu hobea eskaini ahal izan diete EAE igarobide izan duten auto-gidariei edota ertzain-etxeetan zenbait kudeaketaren berri jaso nahi izan duten atzerritarrei; horrez gain, salaketen izapidetzea arindu egin da. Halaber, sistema berriak hobetu duen beste zerbitzuetako bat Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei eskaintzen diena izan da, biktima asko etorkinak baitira.

Prozedura erraza

Bat-bateko itzulpenak egitea ahalbidetzen duen sistema oso prozedura erraz batean oinarritzen da. Itzulpena eskatzen duen agenteak zentralizatutako telefono batera deitzen du, sakelako zein telefono finko baten bitartez. Ondoren, klabe bat sartzen du hizkuntza aukeratzeko eta, denbora gutxira, zerbitzua aktibatzen da. Entzungailu bana erabiliz, bai agentea bai atzerritarra harremanetan jartzen dira itzultzailearekin; hau da, hirurek hartzen dute parte hizketaldian. Bizkortasuna da sistemaren ezaugarririk azpimarragarrienetarikoa, izan ere, minutu bat baino gutxiago behar da itzultzailearekin harremanetan jartzeko.

Mundu zabaleko 51 hizkuntza

Itzulpen-zerbitzua 51 hizkuntzatan eskaintzen da. Horietako 20tan (ingelesa, frantsesa, alemana, italiera, txinera, portugesa, errusiera, arabiera, poloniera, txekiera, turkiera, errumaniera, ukrainera, lituaniera, nederlandera, bulgariera, eslovakiera, hungariera, norvegiera eta suediera) zerbitzua 24 orduz eskaintzen da, etengabe; 20 hizkuntza horiek dira, hain zuzen, atzerritarrek gehien eskatzen dituztenak. Horiez gain, zerbitzuak beste hizkuntza batzuk ere barne hartzen ditu: hiztun gehien dituztenak (mandarin-txinera, errusiera edo arabiera), ezezagunenak (farsi, urdu, tabanera, mandinca) edo arruntenak (japoniera, kantondar-txinera, siriera edota berberea), besteak beste. Penintsulako hizkuntzen artean, katalanez eta galizieraz ere eskaintzen da zerbitzua.

Sistema berria ebaluatzeko abian jarritako probako planak iraun duen sei hilabeteetan, guztira, 279 aldiz erabili dute zerbitzua. Epe horretan, frantsesa izan da gehien eskatu duten hizkuntza, 85 aldiz guztira, ingelesa (58), poloniera (35), alemana (25), errusiera (11), txekiera (10), arabiera (8) eta txineraren (7) aurretik. Zerrendaren amaieran, berriz, sei hilabete horietan eskaera bakarra izandako hizkuntzak daude; norvegiera, lituaniera eta finlandiera.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko