Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak Valentziako ‘Primavera Educativa’ proiektuan parte hartu du

2016.eko maiatzak 14

Hizkuntza politika eta eleaniztasunaren inguruko gaiak dira hizpide

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren zenbait ordezkari Valentzian daude egunotan, bertan antolatu den ‘Primavera Educativa’ proiektuan parte hartzen. Izan ere, Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, hizkuntza politika eta Espainiako eleaniztasuna hizpide izan dituen mintegian parte hartu du gaur arratsaldean. Sailburuordearekin batera, Kataluniako, Balear Uharteetako, Galiziako, Nafarroako, Aragoiko, Asturiaseko eta Valentzia Erkidegoko hizkuntza politikarako arduradunek ere mintegian parte hartu dute. Gaur arratsaldean ere, HABEko zuzendari nagusi Joseba Erkiziak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoa gai zentraltzat izan duen mahai inguruan parte hartu du.

Valentziako Generalitateak antolatzen duen ‘Primavera Educativa’ proiektuaren barruan hainbat ekitaldi antolatu dira. Horietatik hiru dira ‘Hizkuntza Politikarako zuzendaritzen seminarioa’, ‘Eleaniztasunaren aldeko apustua. 15 urte Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoarekin’ kongresua eta ‘A fira dels idiomes’ feria (hizkuntzen feria). Lehenengoan, Baztarrikak parte hartu du, Kataluniako, Balear Uharteetako, Galiziako, Nafarroako, Aragoiko, Asturiaseko eta Valentzia Erkidegoko hizkuntza politikarako arduradunekin batera. Hizkuntza Politika eta Espainiako eleaniztasuna izan dituzte hizpide. Bigarrenean, Joseba Erkiziak parte hartu du eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaz aritu dira. Hirugarrenean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak ‘stand’ bat jarri du, Euskadin hizkuntza politikari dagokionez aurrera eramaten diren proiektuen eta lanen berri emateko.

Hala ere, gogorarazi behar da, hizkuntza politikari dagokionez, erkidego ezberdinen arteko lankidetza ez dela berria. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitateak, Balear Uharteetako Gobernuak eta Galiziako Xuntak hizkuntza politika Lankidetza Protokoloa dute sinatua duela zenbait urtetik. Lankidetza Protokolo hau, besteak beste, Estatu eta Europa mailan eleaniztasunaren interesak defendatzeko sortu zen, baina baita euskararen, katalanaren eta galegoaren biziberritze prozesuetan bizitako esperientziak partekatzeko ere.

Kongresuan, esan bezala, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoa izan dute hizpide. Bertan, HABEko zuzendari Joseba Erkiziak hartu du parte. Gogorarazi behar da, duela urtebete inguru, HABEk Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculum (HEOC) berria aurkeztu zuela Donostian. Curriculum berriak, Europako markoaren 6 mailak (A1, A2, B1, B2, C1, C2) definitu zituen lehen aldiz.  Duela hilabete inguru, aldiz, beste pausu bat eman zen: Eusko Jaurlaritzak euskarazko egiaztagirien sistema hobetuko duen txostena aurkeztu zuen. Honela, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoan aurreikusten den bezala, Markoa bera gure egoera soziolinguistikora egokitu da.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GlaciarBlue
    2016.eko maiatzak 16

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [MULTILINGÜISMO] El Gobierno Vasco participa en el proyecto ‘Primavera Educativa’de Valencia ➡ https://t.co/APef8CCTGO

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)