Berriak

Lan arriskuen prebentziorako kultura hezkuntza arloan

2016-05-13

OSALANek Lan-arriskuen prebentziorako kultura hezkuntza-arloan jardunaldia antolatu du gaur goizean Bilboko Itsas Museoan. Bertan, diziplina garrantzitsu hau irakaskuntza-maila ezberdinetan nola ezartzen eta jorratzen den aztertu da; egun indarrean dauden kontzientziazio- eta sentsibilizazio-planen eta -programen berri eman da, eta lan-arriskuen prebentzioa sustatzeko aurreikusita dauden ekimenen inguruko azalpenak eman dira.

 

 

Osalanen helburu nagusietako bat gizartea kontzientziatzea da, jendeak uler dezan lan arriskuak prebenitu egin daitezkeela eta, horretarako, ezinbestekoa da arriskuak izan badirela ohartzea eta horiek identifikatzeko, neurtzeko eta lehenesteko gai izatea, beharrezkoak diren prebentzio-neurriak diseinatu eta ezarri ahal izateko. Osalanek argi du kontzientziazio- eta sentsibilizazio-lana ez dela soilik lan-esparruan egin behar; haatik, ahalegina egin behar da lan-arriskuen inguruko ezagutza ahalik eta gehien zabaltzeko eta pertsona guztiek prebentzio kontzeptua barneratzeko.

 

Horiek horrela, hezkuntza-arloa ingurune paregabea da prebentzio-kultura zabaltzeko. Are gehiago, Laneko Osasun eta Segurtasunerako Euskal Estrategiak (2015-2020) eta 2014. urteaz geroztik Osalanek egindako kudeaketa-planek lan arriskuen prebentziorako kultura sustatzeko berariazko jardute-ildoak jaso dituzte eta ildo horiek hezkuntza-maila guztietan ezagutaraztea sustatu.

 

Jardute-ildo horietan ekintzak proposatzen dira aipatutako helburuak lortzeko, besteak beste: hezkuntza-maila ezberdinetan lan-arriskuen prebentzioaren inguruko formakuntzarako materiala, euskarriak eta ekintzak diseinatzea; Lehen Hezkuntzan eta Bigarrenean segurtasun-kultura sustatzea, eta gaiarekin lotutako edukiak zabaltzea.

 

Horrenbestez, eta egungo egoera aztertu eta etorkizunean eman beharreko pausoez hausnartzeko, Osalanek Lan-arriskuen prebentziorako kultura hezkuntza-arloan jardunaldia antolatu du, eta bertan prebentzioa hezkuntza-arloan nola jorratzen den aztertu da:

 

  • Lanbide Heziketako ikasketetan (organikoki eta funtzionalki Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren menpe dagoen EEI/IVAC-Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuari lankidetzan aritzeko proposamena egin dio Osalanek, lan-arriskuen prebentzioan oinarrizko ezagutzak dituzten irakasleak prestatu eta  akreditatzeko);
  • unibertsitatean (UPV/EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko Lan-arriskuen Prebentziorako Masterra diruz laguntzen du Osalanek);
  • formakuntza-zentroetako ikasleek Osalanen egiten den lana bertatik bertara ezagutzeko egiten dituzten bisiten berri eman da;
  • Osalanek diruz laguntzen duen ADI programaren bidez zein lan egiten den azaldu da: lan-istripu bat izan duten pertsonak Lanbide Heziketako zentroetara joaten dira beren lekukotasuna eman eta lan-arriskuen prebentzioaren garrantziaz sentsibilizatzeko;
  • Lehen Hezkuntzan, Bigarrenean eta Batxilergoan lan-arriskuen prebentziorako kultura zein neurritaraino sustatzen ari den ere aztertu da,
  • eta azkenik, esperientzia zehatz eta berritzaileak aurkeztu dira: Osalanen Gaztepreben programa edota Lan Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziaren NAPO.

 

Laburbilduz, hezkuntza-sistema ezberdinetan lan-arriskuen prebentzioaren egungo egoera zein den aztertu da, eta Osalanek nahiz segurtasunaren eta lan-osasunarekin lotura duten erakunde eta elkarteek lan-arriskuen prebentziorako kultura sustatzeko gauzatzen dituzten esperientzien berri eman da.

Iruzkin bat
  • @Draconiangenie
    2016-05-13

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: OSALANek Lan-arriskuen prebentziorako kultura hezkuntza-arloan jardunaldia antolatu du ➡ https://t.co/Qs1Tq2vRxG https://t.co/w

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko